2024-07-22
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metalgintzaren patronalak sektorearen ikuspegi faltsua helarazi du sektoreko lan-baldintzak duintzea saihesteko

Bizkaiko metalgintzaren patronalak sektorearen ikuspegi faltsua helarazi du sektoreko lan-baldintzak duintzea saihesteko

Gaur egin da Bizkaiko metalgintzaren negoziazio-mahaiaren bosgarren bilera. FVEMek azken bileran aurkeztutako proposamenari eutsi dio. Proposamen horretan egungo hitzarmenarekiko atzerapausoak jasotzen dira eta sektoreko langileek erosteko ahalmena galtzea dakar.

Berriz ere beldurraren estrategia erabili du FVEMek bere posizioetan mantentzeko. Ziurgabetasun-egoeraz eta lehengaien eta energiaren garestitzeaz hitz egin du. LABek datu batzuk jarri ditu mahai gainean, sektoreari buruz helarazi nahi diguten ikuspegia errealitatearekin bat ez datorrela erakusteko.

FVEMen 2022rako koiuntura ekonomikoari buruzko azken txostenaren arabera, sektoreko enpresen %77,9ak irabaziak izatea edo handitzea espero du, %17,5ak mantentzea eta %4,7k soilik espero ditu galerak. Txosten horretan bertan honakoa aipatzen da: “enpresaren tamainaren araberako urteko datuak kontuan hartuta, denek pentsatzen dutela 2020-2022 aldian beren mozkin-maila hobetzea”.

FVEMen aurreikuspenak horiek diren bitartean, mahaian lehengaien eta energiaren kostu handiaz hitz egiten digu, eta, justifikazio horrekin, sektoreko langileek eskubideei uko egitea eta erosteko ahalmena galtzea nahi du. LABek gogorarazi dio norbait energiaren eta, oro har, bizitzaren kostu handiak jasaten ari bada langileak direla. Azken urtean soilik etxebizitza, argi, ur, gas eta bestelako erregaien gastuak %25,42 igo direla, eta elikadurakoak %5,62 (INEren datuak).

LABek eskatu dio patronalari utz ditzala aitzakiak alde batera eta erantzun diezaiola sindikatu guztiak gure plataformetan jasotzean bat etorri garen gaiei, hala nola: KPIaren gainetik dauden soldata-igoerak, lanaldi- murrizketa, aldi baterako ezintasunen osagarriak, ordaindutako lizentzien hobekuntza, jarduera guztietarako subrogazioa, errelebo-kontratuaren aplikazioa, aparteko orduei buruzko neurriak, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzeko neurriak , telelanaren erregulazioa…

Beldurra da patronalak beti izan duen tresna bakarra langileok lan- eta gizarte-eskubideei uko egin diezaiegun, eta, oraingo honetan ere, FVEMek tresna bera erabiltzen jarraitzen du. Patronalaren estrategiaren aurrean, LABek, aurreko negoziazioan egin zuen bezala eta eduki duinak dituen hitzarmena berreskuratzeko gakoa izan zen bezala, sektorea aktibatzearen eta aliantzak sortzearen aldeko apustua egiten du. Ildo horretan, LAB gainerako sindikatuekin harremanetan jarriko da, hitzarmenaren negoziazioaren egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko iritziak partekatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.