Gaurkoan jakin ahal izan dugunez, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du berresten duela Donostiako Sozialeko 1. Epaitegian irabazi genuen epaiketa: Gipuzkoako Papergintzako Sektore Hitzarmenean, 2021 urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzerakoan, Adegi patronalak, KPI negatiboa zenez, ez zuen %1,25ko soldata igoera aplikatu nahi izan: KPIa -%0,5koa izan zela argudiatuta %0,75eko igoera aplikatu nahi zuen. Gipuzkoako Papergintza sektorean adostu zena, KPIaren igoeraz gain, %1,25ko soldata igoera izan zen.
Hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuetako bik, LABek eta CCOOk, epaitegira jo genuen Adegiren erabakiarekin ados ez geundelako. Orain berretsi den epaiak argi uzten du papergintzako langileek %1,25eko soldata igoera edukitzeko eskubidea dutela, bere egin baititu aurkeztu genituen argudioak.
Oinarrizko produktuetan gertatzen ari den garestitze izugarriak ezinbesteko egiten du ekintza sindikalean, negoziazio kolektiboan nahiz epaitegietan aberastasunaren banaketaren alde egitea eta langileen eros ahalmenaren alde borrokatzea. LABek horretan jardungo du.