2024-07-05
HomeEkintza SindikalaLan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua ezinbestekoa da

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua ezinbestekoa da


Donostiako Gizarte Segurantzako eraikin berriaren inaugurazioa izan da gaur. Bertan, Tomas Burgos, Espainiar Gobernuko Estatu Idazkaria, izan da. Bisita honen aurrean ELA eta LAB sindikatuok protesta egin dugu langileok lan baldintza duinak eta beharrezkoa dugun Gizarte Segurantza Sistema hemen negoziatu eta erabaki nahi dugula eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren beharra aldarrikatzeko.

ELA eta LABen oharra
Euskal Herriak Gizarte Segurantzaren eta Pentsioen sistema eta Lan harremanetarako Euskal Esparru sozio-ekonomikoa burujabe eta propioak behar ditu

Gizarte Segurantzan sortu den defizita ez da sistemaren berezko gaixotasun baten sintoma, PPren Gobernuak sistema hori ahultzeko eta pitzatzeko asmoz aurrera daraman politika zehatzaren ondorioa baizik. Bi urteko epe laburrean, pentsio sisteman batez beste % 20-25eko murrizketa orokorra ekarri zuten hainbat erreforma egin ziren: erretiroa hartzeko adina luzatu, pentsioa kalkulatzeko urte kopurua igo, 2011ko izoztea, 2012ko ez eguneratzea, erretiro aurreratu eta partzialen erregimenaren erreforma, alargun pentsioen eta etxeko langileen erregimenaren aldaketa… Espainiar Estatuko pentsio gastu globala EBko apalenetako bat da: Europako bataz bestekoa baino % 20 apalagoa zehazki. Milioika pentsiodunek biziraun egiten dute pobreziaren muga ofizialetik behera. Gainera, emakumeen pentsioak gizonenak baino % 40 txikiagoak dira. Beraz, helburua pentsioak nabarmenki hobetzea izan behar da, ez murriztea. Pertsonen interesak bankarien, aseguru konpainien eta troikaren interesen gainetik jarri behar dira.

Murrizketa horiek guztiak Banka espekulatzaile eta ustela finantzatzeko erabili dira. Pentsio horiek hobetzea izan behar du xede, ez murriztea. Pertsonen interesak jarri banka, aseguru-etxeak edo troikaren interesen gainetik. Horren harira, lan erreformaren ondorioz langabezia gero eta handiagoa da eta kotizazioak behera doaz. Enplegua sustatzera bideratutako diru kopurua izugarri gutxitzen da eta enpresaburuen gero eta gehiago desgrabatzen dute eta gero eta zerga gutxiago ordaintzen dituzte. Gizarte Segurantzaren beherakada nahita eragin dute, pentsio fondo pribatuak bultzatzeko asmoz.

Gobernu zentralak -orain PPrenak, lehen PSOErenak- pentsioei buruz hartutako neurriak Hego Euskal Herrian inposatzen dira, bertoko gehiengo politiko, sindikal eta sozial zabalen gainetik. Garai batean sustatu zuten zementuan oinarritutako politika espekulatzaileak eragindako kalteak eta Banka ustelaren zuloak estaltzeko asmoz, orain lapurreta garbia egiten diete gure pentsiodunei eta langileei.

Eta hori guztia gutxi balitz, hona hemen eskasia garai hauetan non eta eraikin berri batean eta berau hornitzen xahutu den dirutza ederra, zeinaren benetako kostua ere ez dakigun, Administrazioak bere opakotasunarekin jarraitzen baitu. Horren aurka, elkartasuna, justizia soziala eta demokrazia helburu, gure Herriak Gizarte Segurantzaren eta Pentsioen sistema burujabe eta propioa behar du.

Bestalde, lan eremuari dagokionez, lehen aipatu dugun modura, lanbagezia gora doa etengabe. Sortzen den enplegua zeharo prekarioa da, eta horren aurka egiteko ez dago benetako borondaterik, ez dago enplegua sustatzeko politikarik, ez neurririk.

Esparru horretan, Espainiako Gizarte Segurantzak Euskal Herrian dituen bulegoetako langileriaren egoera dago. Alde batetik Administrazio Zentraleko langileak izanik, Madrilgo mahaietan egozten dira hemengo langileei eragiten dieten neurri eta erabaki gehienak; halaber, Gazteizen eta Hiriburuetan dauden delegatu edo delegatuordeei dagozkie beste batzuk. Eremu batean zein bestean, ezer gutxi mugitzen da, eta izatekotan, neurri zentralista murritzaileak eta langileriaren aurkakoak genienetan, beti ez esatearren. Ezin ahaztu, pentsioetan gertatu den modura, funtzio publikoko langileongan murrizketek izan duten eragina: hala nola, soldata murrizketak, eskubide murrizketak, enplegu deialdi ia hutsa, prekarietate handiagoa, lan karga handitzea eta baldintza okerragoak eta abar luzea. Honi pribatizazio basatiak gehitu behar zaizkio. Herrialdeka ere gauza bera esan dezakegu, baita zentroka aztertzen badugu egoera, horietan Zuzendaritza postuetatik hartzen diren erabakiak langileriaren egoera samurtu baino okertze bidean hartzen dira.

Eraikin berri batera ekarri gaituzte, bai, baina zein baldintzatan…gure diruarekin ordaindu dute, eta gure lana baldintzatzen duten gabeziei aurre egiteko inongo erantzunik ez dute. Hori bai, dirua xahutzen jarraitzen dute da behar ez diren apaingarri eta bestelakoetan.

Horrengatik guztiagatik, eraikin honen inaugurazio egunez ELA eta LABek aldarrikapen jarraitzen dugu: Langileok lan baldintza duinak eta beharrezkoa dugun Gizarte Segurantza Sistema negoziatu eta erabaki nahi dugu. Horregatik eta horretarako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatzen dugu. Ahalmen osoa duen markoa eta Madrilgo parte-hartzerik gabekoa. Aldarrikapen hori, gure herriko Administrazio guztiko langileriari luzatzen diogu.

Hori izan da gure borroka, egun ere hala da, eta izango da. Zentzu horretan, EAEko Gobernu salatu nahi dugu, eremu honetan gaurdaino izandako utzikeria guztiz onartezina baita. Egungo marko estatutarioan jasota dauden konpetentzien defentsari ere ez baitio aurre egiten. Gure interpelazioa egiten diogu berriro Jaurlaritzari, borroka hau behingoz bere egin dezan eta burujabetzarekin bere konpromisoa aitortu dezan.

Azkenik, mezu bakarra dugu Estatu Idazkariarentzat: hemen ez dela ongietorria. Azkeneko urteetan lapurtu digutenaren itzulpena negoziazio bihurtu nahiko dute. LAPURTZEN DENA ITZULI EGITEN DA, EZ DA NEGOZIATZEN.

Euskal Herrian, 2015eko uztailaren 21ean

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.