LAB sindikatuak bere babes osoa eskaini nahi dio LAMINACIONES ARREGUIko Langileen Batzordeak gaurko kaleratzeen kontra deitutako mobilizazioari eta dei egiten die langileei eta gizarte osoari bertan parte hartzera. Manifestazioa arratsaldeko 19:30etan abiatuko da Andra Mari Zuriaren Plazatik.
LABen ustez ezinbestekoa da mobilizatzea enpresen inposaketen aurrean eta enpleguaren defentsan, eta kasu hau bereziki gordina izan da. Enpresako zuzendaritzak azken urteotan behin eta berriro kolpatu ditu langileak, inposatutako EEEen bidez, langileen ordezkariak kaleratuz, iruzur juridikoen bidez, hauteskundeen inguruko azpijokoak erabilita, sindikalgintza otzanaren laguntzarekin,…. Horren aurrean, plantila tinko mantendu da, borroka eta duintasuna ikur hartuta, eta hori LABentzat bereziki azpimagarria da.
Oraingo honetan, enpresak bere mendekua gauzatu nahi du bere inposaketak onartu ez dituen kolektiboaren kontra, berrartu beharreko 55 langile kaleratuz. Horrekin, langileen gainetik pasatu nahi dute, baina sistema judizialen hutsuneak eta Eusko Jaurlaritzaren gaitasun eskasa ere agerian uzten dituzte. Izan ere, batetik, Laminaciones Arreguiko langileek ibilbide judizial osoa egin dute eta auzitegiek kaleratzeak behin-betiko baliogabetu ondoren, enpresak ebazpena bete ez eta bere asmoari eusten dio, “langile hauek bai ala bai kaleratuko ditut”, horretarako Espainiako legediak ematen dion aldebakartasuna baliatuz. Horregatik, hain zuzen, gure ustez, behar-beharrezkoa da Euskal Herrian alternatiba bat eraikitzea, Euskal Herrian adostua eta erabakita, langileen eskubideak bermatu ahal izateko, Espainiako sistemak ez baititu bermatzen.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, 3 urtean ezer gutxi egin ondoren, maiatzean eta ekainean bitartekaritza prozesu bat bideratu zuen. Honetan, halere, enpresak bere jokaeran tematu denean, hamarnaka kaleratze inposatu nahian, Eusko Jaurlaritza mutu gelditu eta ez da gai izan lan eraginkorra egiteko. Bada garaia enpresarien ondoan jarri ordez, haien inposaketen aurrean aurrez aurre jartzeko eta erabakiak hartu behar dituzte enplegua eta langileen eskubideak modu eraginkorrean defendatzeko. Halaber, pausuak eman behar dituzte Madrileko erreformak hemen ez aplikatzeko eta bitartekoak jarri ere langileen aldeko ebazpenak betearazteko.
Beraz, LABek bat egiten du langileen borrokarekin, haien aktibazioa berme bakarra baita konpobide duina eta definitiboa lortzeko.