Confebaskek uztailaren hiruko bilera bertan behera uzteko erabakia hartu du. Badirudi Confebaskek ez duela gustoko izan guk egun horri eman diogun izaera. Argi geratu da langabezia eta prekarietatea pairatzen ari diren langileen ahotsa entzun ere ez duela egin nahi. LABen garaipena da prekarietatearen zabalkunderako bilera bertan behera uztea.
Confebaskek uztailaren hiruko bilera bertan behera uzteko harturiko erabakiaren aurrean LABek honakoa adierazi nahi du:
− Bileraren helburua, Madrilgo akordioa hona ekarriz, prekarietatean sakontzea zen. LABek akordio hori ezagutu orduko esan zuen oztopatu egingo zuela hemen aplikatzea, eta horrela egin dugu.
− Confebaskek ez zuen bilera deitu negoziazio kolektiboaren egoera desblokeatzeko. Mahaiez mahai akordio aukerak blokeatzen dituen bitartean, itxurazko negoziatzeko borondatea erakutsi nahi zuen. Hori bai espektakulua, hori bai errespetu falta. Confebaskek berak instrumentalizatu du deialdia, euskal langileon gehiengoaren babesik izango ez duela jakinda ere, bilera konbokatu zuen unetik bertatik. Langileon eskubideekin jolas egin nahi izatea ez da serioa.
− Bileraren berri izan genuenean erabaki genuen uztailaren 3ko eguna langabezia eta prekarietatea salatzeko eguna izango zela guretzat, kanpoan mobilizatuz eta barruan ere egoera hori salatuz. Horrela iragarri genuen hasieratik eta horrela mantendu dugu.
− Badirudi Confebaskek ez duela gustoko izan guk egun horri eman diogun izaera. Argi geratu da langabezia eta prekarietatea pairatzen ari diren langileen ahotsa entzun ere ez duela egin nahi. Larria da hori, "ekarpen positiboak" egin nahi omen dituen patronalaren aldetik. Jarrera horren zantzurik ikusi gabe jarraitzen dugu; kontrakoa, beste behin ere aurpegirik ilunena erakutsi du Confebaskek. Bere benetako asmoak argi geratu dira.
− Gure helburua lortu dugu, LABen garaipena da prekarietatearen zabalkunderako bilera bertan behera geratu izana, eta argi geratu da Confebaskek hemen ez duela gehiengo nahikorik prekarietatea hedatzen jarraitzeko. Ez du gure babesik izango horretarako. Oztopo izango gara.
− Prekarietatearen kontrako borroka ez da hemen amaitzen. Hitzarmenak blokeatuta daude eta guk, esan bezala, badugu desblokeorako proposamen argia. Datorren UZTAILAREN 10ean erregistratuko dugu LHK-CRLk herrialde bakoitzean dituen egoitzetan.
− Ekimenez beteta amaituko dugu ikasturtea eta indar berarekin abiatuko dugu hurrengo kurtsoa. Ekintza sindikaleko dinamika berriarekin, prekarietatearen kontra eta lan eskubideen defentsan iniziatiba berriak sustatuz, alegia.
Euskal Herria, 2015eko uztailak 1