Euskal Herrian emakumeok pairatzen dugun zapalketa eta diskriminazioa gainditzeko LABek beti egin du emakumeen eskubideak legez babestu eta bermatzearen alde. EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak 10 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, LABek, Legearen eta bere emaitzen gaineko balorazioa egin du. Mozal Legea indarrean jarri den eguna izaki, sindikatuak berau salatu nahi izan du.
LABen Balorazioa
LABek beti egin du emakumeen eskubideak legez babestu eta bermatzearen alde, Euskal Herrian emakumeok pairatzen dugun zapalketa eta diskriminazioa gainditzeko. Ez dugu inoiz zalantzan jarri berdintasunerako lege baten beharra, baina Berdintasunerako Legeak bi kezka nagusi eragin izan dizkigu:
– Legeak ez zion egoeraren oinarriari heltzen, ez zuen auzitan jartzen sistema kapitalista patriarkala.
– Bestalde ez zen benetako apusturik egiten legean ezarritakoa, berdintasun edo parekidetasunaren aldeko gomendio sorta huts batean gera ez zedin. Gai honen inguruan egon ohi den subjektibotasuna eta zehaztapen falta ez zen ekiditen, eta legea betetzeko baldintzak eta bitartekoak ez ziren zehazten.
Legea onartu zenetik 10 urte pasa direnean, ezin dugu balorazio positiborik egin. Aurrera pausoak eman dira, baina legea eskutan, egin zitekeenaren erdia ere ez da gauzatu.
Tamalez, badirudi legeen artean ere maila ezberdinak daudela, batzuk derrigor bete beharrekoak, eta beste batzuk, aldiz, paper hutsean geratzen direnak. Denborak arrazoi eman digu, eta gure aurreikuspenak bete dira, bete beharreko lege bat izan beharrean, gomendio edo praktika onen zerrendaketa huts batean geratu da EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea.
Egungo argazkia, baloraziorik argiena
Legeak atal ezberdinak baditu ere, sindikatua garen neurrian, legearen III. Tituluan jarri nahi dugu arreta, bertan jasotzen baitira lan merkatuan berdintasuna lortzeko neurriak, besteak beste.
Lanaren ikuspegi integralari erreparatuz, legea indarrean izan den 10 urteotan emakumeon bizi baldintzak ez dira hobetu, are gehiago, okertu egin direla esan genezake, eta argi dago emakumeon bizi baldintzak hobetzen ez diren bitartean berdintasuna fikzioa izango dela.
Etxeko lan eta zaintza lanei dagokionez, legeak aipatzen du administrazioek lan hauek duten balio ekonomikoaren inguruko ikerketak, estimazioak egin, eta lan honen balioa kontuan izango dutela beraien politika ekonomiko eta sozialak diseinatzerakoan. Araututakoa gutxiegi da, eta gainera, hori ere ez da betetzen. Lan hauei ez zaie administrazioen aldetik inolako aitortza ekonomiko, sozial ezta politikorik ematen.
Ikerketak eta estimazioak egiteaz aparte neurri zehatzak behar dira, bai etxe barruan egiten den lanarekiko, eta batik bat kanpora ateratzen den lan horrekiko, ahaztu gabe azken hori gehienetan merkatu beltzean egikaritzen dela.
Bestalde, lan hauek emakumeoi egozten jarraitzen zaizkigu modu sistematikoan, ez da neurri ezta politika berezi eta eraginkorrik gauzatu lan hauek gizonezko eta emakumezkoen artean modu orekatuan banatzen joan daitezen. Eta instituzioek ere, zaintza lanekiko duten erantzunkizuna saihestu eta gainera prestazioak eta zerbitzuak murriztu dituzte.
Ez da lortu lanaren ikuspegi eta definizio integral bat jendartean txertatzea, esparru pribatuan eta publikoan egiten den lana bereizten jarraitzen da. Eta esparru pribatuko lan hori, ikusten ez dena, ordaintzen ez dena, aitortzen ez dena, oraindik ere emakumeoi egozten zaigu. Horrek emakumeon lan merkaturatzea oztopatzen du, eta lan merkatu horretan bigarren mailako langile bihurtzen gaitu.
Lan merkatuari edo enpleguari begiratuta, legeak ezartzen du instituzioek emakumeon benetako berdintasun eraginkorra gauzatzeko neurriak eta baldintzak ezarri beharko dituztela; lanerako sarbidean, lan baldintzetan, formazioan, promozioan, soldatan eta lan kontratua iraungitzean. Gaurko egoera ikustea besterik ez dago, arlo honetan aurrera egin ez dugula ondorioztatzeko:
– Emakumeok lan merkatuan parte hartzeko gizonezkoek dituzten aukera berdinak izan gabe jarraitzen dugu, hein handi batean etxeko lanak zein zaintza lanak oraindik ere gure gain erortzen direlako.
– Lan baldintza prekarioenak guk pairatzen ditugu:
• Behin behinekotasun tasa handiagoa: %24,9koa gizonezkoen %19,2ren aldean.
• Burutzen diren lanaldi partzial guztien %81,6a emakumeek betetzen dute.
– EAEko gizonezkoen urteko soldata gordina emakumezkoena baino 7.625 euro gehiagokoa da, hau da emakumeek %33,6a gehiago irabazi beharko lukete gizonezkoen soldata berdina jasotzeko (INEko 2013ko azken datuen arabera).
-2015eko maiatzean, EAEn, 85.422 emakume zeuden langabezian (SEPEko datuen arabera).
Datuak argiak dira, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzetik urrun gaude oraindik.
Eta larriena da emakumeon lan baldintzen prekarizazioan eta enplegu duinaren suntsiketan Eusko Jaurlaritza betetzen ari den papera. Legeak administrazioak behartu egiten ditu emakumeentzako enplegu finko eta kalitatekoa eskaintzeko programak martxan jartzera, baina praktikan ikusten duguna kontrako norabidean doa. Adibidez, Osakidetzan zein Hezkuntzan suntsitu den enplegua gehienbat emakumeek betetzen zuten kalitateko enplegua zen.
Enpresetako Aukera Berdintasun Planak lan munduan berdintasuna lortzeko bitartekoak
Legeak lantokietako berdintasun planak aurreikusten ditu, lan merkatuan emakumeok pairatzen dugun diskriminazioari aurre egin eta berdintasunean aurrera egiteko. Zentzu berdinean, Estatu espainiarreko martxoaren 22ko 3/2007 Berdintasunerako Lege Organikoak, 250 langiletik gorako enpresetan, berdintasun planak egikaritzeko beharra ezarrita du.
Hori horrela, berdintasun planei dagokienez, argazkia hurrengoa da:
Eremu publikoan, udalerriei erreparatuta, herri gehienetan kanpora edo herriari begirako planak dira diseinatuak daudenak, baina oraindik ere, barrura begira, eta instituzio horren langileei begirako planik ez dago edo hastapenetan daude, kasu gehienetan. Instituzioek eredu izan beharko lukete gai honetan, eta beraiek ere langileak dituzten neurrian, barne mailako aukera berdintasun planak martxan jarri beharko lituzkete.
Eremu pribatuan, berriz, patronalaren utzikeria nabarmena da. Enpresen gehiengoak ez du inolako planik ez diseinatu ezta martxan jarri. 250 langile baino gehiago dituzten enpresek soilik dute plana (espainiar legeak hala behartuta), eta ez guztiek. Arazoa da plana izatea bera bilakatu dela helburua, eta ondorioz, plana ez da izan aukera berdintasunean aurrera urratsak emateko bitartekoa edo tresna eraginkorra. Paper hutsean geratu da.
Aukera berdintasun planak tresnak dira, tresna baliagarri eta eraginkorrak izan daitezke, eta sindikatu honek horien defendatzaile eta bultzatzaile izan da lantokietan. Horretarako, ordea, borondate politikoa behar da patronal ezberdinetan, baita administrazioak patronal gisa jokatzen duenean ere. Eta ez dugu borondate politiko hori topatu.
Bateragarritasuna; emakumeok kudeatu beharreko beste ezinezkoa
Legeari tiraka segiz (III. Tituluaren VI. Kapituluan) lana eta bizitza bateragarri egiteko neurriez hitz egiten da. Bateragarritasuna helburu, besteak beste, enpleguaren egitura bizitza pertsonal eta familiarraren beharretara moldatzearen beharraz, zerbitzu sozio-komunitarioen sorreraz eta egokitzapenaz, eta diru laguntzez edo bestelako neurri fiskalez dihardu.
Legeak hori esan arren, gaur ematen ari den prozesua guztiz kontrakoa da; enpleguaren egitura aldatzen ari da bai, baina ez bateragarritasuna bermatze aldera. Kapitalaren beharrak asetzeko moldatzen ari da, eta aldaketa hauek egun pairatzen dugun ezinezko bateragarritasunean sakondu baino ez dute egiten.
Bateragarritasun-neurrien hartzaileak emakumeok gara ehuneko handi batean, eta neurri hauek, epe batez bada ere, emakumeak lan merkatutik atera eta esparru pribatura berbidaltzeko pentsatuak daude, honek geroko gure prestazioetan duen eraginarekin. Bateragarritasun-neurrien hartzaileak gizonezkoak izango balira oso bestelakoak izango lirateke neurriok.
Bestalde, zerbitzu sozio-komunitarioak murrizten ari dira, gehiago sortu eta egokitu beharrean, egun daudenak alditik aldira murritzago bihurtzen alegia. Joera da zaintza lan hauek, berriz ere, esparru pribatura bideratzea. Diru laguntzak erabili beharko lirateke zerbitzuok familientzat dakartzaten gastuak konpentsatzeko, baina ez, zaintza lanak familiak bere gain hartzeko erabiltzen ari dira diru laguntzak. Hala, emakumeak gara berriro lan hauen erantzule.
Eusko Jaurlaritzari interpelazioa
Legeak galga nagusi bat du: ez du auzitan jartzen egungo eredu sozio-ekonomikoa, eta hortaz, egungo lan harreman eredua eta honek ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa. Gaur egungo eredua irauli gabe ez dugu berdintasunean aurrera egiterik. Emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekideetan oinarritutako eredu sozio-ekonomiko berria behar dugu. Egungo menpekotasunezko harremanak gaindituz, lanaren ikuspegi integrala bermatu eta sexuen araberako lan banaketarekin bukatuko duen lan harreman eredu berria ezinbestekoa dugu.
LABek eragile aktibo izaten jarraituko du emakumeok pairatzen dugun diskriminazio eta zapalkuntzaren aurka eta parekidetasunaren aldeko borrokan, eta gure erantzukizunari helduz, ildo hau gure ekintza sindikalaren baitan kokatzeko determinazioan berresten gara.
Zentzu berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, gai honetan duen erantzunkizunari helduz, determinazioz jokatu eta Berdintasun Lege hau benetan eraginkorra izan dadin hurrengo neurriak har ditzala:
– Legearen egungo hutsuneak identifikatzeko eta hauei irtenbideak bilatzeko, eztabaida/ hausnarketa/ balorazio… gune partekatu bat zabaldu dezala mugimendu feministarekin zein gainontzeko eragile sindikal eta sozialekin.
– Bien bitartean, egun indarrean dagoen legea bete dadin beharrezkoak diren bitarteko eta baliabideak ezar ditzala.