2024-07-24
HomeEkintza PolitikoaLABek demokratizazioaren eta sektore publikoaren aldeko apustu irmoa eskatu du

LABek demokratizazioaren eta sektore publikoaren aldeko apustu irmoa eskatu du

Gaur egindako prentsaurrekoan, gehiengo sozialak eskatzen duenari entzun eta eremu guztietan interes publikoen alde egin dezaten eskatu die LABek Aldaketaren aldeko indar politikoei. Geroa Bairi aldaketari muga fiskalik ez jartzea eskatu dio.

Nafarroako bozeramaile Igor Arroyoren ustez, "herritarren eskaria oso argia da: Erregimenaren praktika klientelarren parean, jendeak demokrazia eta parte hartzea eskatzen du; elitearen interes pribatuen parean, jendeak herritargoaren interes orokorra bermatu dadin eskatzen du. Sektore publikoak ardatz behar du izan, Nafarroan ireki den garai berriaren motorra, eremu guztietan: osasungintza, hezkuntza, babes soziala, etxebizitza eta baita enplegu politika aktiboetan ere". Ildo honetan, UGT, CCOO eta Patronalaren aitzaki kontraesankorrak arbuiatu ditu LABek: "beren monopolioari eusten saiatu baino, kudeaketa publikoan eta bazterketarik gabeko parte hartzean oinarritutako garai berrira egokitu beharko lukete".

"Sektore publikoaren aldeko apustua paperean gera ez dadin, baliabideak jarri beharra dago", LABek adierazi duenez. Barne Produktu Gordinari dagokionean, Nafarroa Europako 52. lurralde aberatsena da. Alabaina, BPG gehiago dutenek babes sozialean BPG horren portzentaia gehiago inbertitzen duten bitartean, Nafarroan kontrakoa gertatzen da. 2011an Europako azken postuetan zegoen Nafarroa babes sozialean (osasungintza, zerbitzu sozialak, pentsioak e.a.) egindako BPGaren portzentaiari dagokionean; Errumaia eta herrialde baltikoak baino ez zituen atzetik. Egoerari buelta emateko, erreforma fiskal sakona beharrezkoa da, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, baita AHT bezalako makroproiektuak geratu eta diru hori sektore publikora bideratzea ere. Ildo honetan, "aldaketari muga fiskalik ez jartzea" eskatu dio LABek Geroa Bairi.

Isabel Artiedak, bere aldetik, UPN-PSNren murrizketen ondotik zerbitzu publikoak berreraikitzeko beharra planteatu du, besteak beste honako neurrien bidez: 2.000 lanposturen Enplegu Eskaintza Publikoa, burutzen ezabaketa, langileen erosmen-ahalmena berreskuratzea, errelebo kontratua ezartzea, pribatizatutako zerbitzuak berriz publifikatzea, lan osasunaren kudeaketa ere publifikatzea edota hizkuntza normalkuntzan aurrera egitea. "Gobernu berriak udazkenean Mahai Orokorra dei dezan espero dugu, afera hauen guztien inguruko negoziaketari ekiteko", aipatu du Artiedak.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epearen baitako azken bilera akordiorik gabe amaitu da Cementos Rezolan

Heidelberg Materials/Cementos Rezola enpresak ekainaren erdialdean 56 pertsonari eragiten zien EEE prozesua aurkeztu zuenetik gaur arte Kontsulta Epeari zegozkion negoziaketa aurrera eramaten aritu da Enpresa Batzordea, LABek eta ELAk osatua. Hasieratik garbi utzi izan dugun moduan, trantsizio ekosozialista baten bidean deskarbonizazio prozesuak beharrezkotzat jo izan ditugu. Hala ere, ez dugu bat egin enpresaren “deskarbonizazio” planteamenduarekin, ezinezkotzat ikusten baitugu horrelako gai mardul baten negoziaketak EEE prozesu batean eta 56 lanpostu suntsituta gauzatu ahal direnik.

Mondélezeko enpresa batzordeak enpresaren jazarpen sindikala salatu du

Zazpi hilabeteko negoziazioaren eta 44 greba egunen ostean, enpresaren jarrera guztiz zurruna izaten ari da, ez edukiei dagokienez, baizik eta langileak kikildu asmoz

Microliquideko langileen asanbladak enpresaren azken proposamena ontzat eman du

Langileen mobilizazioei esker Enplegu Erregulazio Espedientearen baldintzak hobetu egin dira.