2025-04-08
HomeEkintza SindikalaEuskara Zure Eskubidea. Actívate por el Euskara

Euskara Zure Eskubidea. Actívate por el Euskara

Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak dioen bezala: “Hizkuntza komunitate orok du bere lurraldean hizkuntza modu ofizialean erabiltzeko eskubidea. Hizkuntza komunitate orok du eskubidea bere lurraldean bere hizkuntzaren erabilera ezartzeko jarduera sozioekonomiko orotan. Pertsona orok du lan edo lanbide jarduerak lurraldearen hizkuntza propioan garatzeko eskubidea”.

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, euskal herritarrok hizkuntza komunitate bat osatzen dugu. Langileok herritarrak gara eta lan mundura sartzen garenean, lantokiko lau pareten artean egonda ere, ez ditugu dagozkigun hizkuntz eskubideak galtzen.

Zentzu honetan, langileok hizkuntz eskubide propioak ditugu eta bada garaia, gainontzeko lan eskubideekin egiten dugun bezala, hauek ere defendatzeko eta borrokatzeko:

• Langileok euskara ezagutzeko eskubidea dugu: Euskararen ezagutza bermatzeko irakaskuntza oinarrizko eskubidea da (edozein delarik pertsonaren adina). Pertsona batek, langile batek, euskara ez jakiteak ez du euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duen eskubidea ezabatzen. Beraz, bestelako prestakuntzaren kasuan bezala, langileok euskara ikasteko eskubidea dugu gure lanaldiaren barnean eta doan.
• Langileok gure lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eskubidea dugu: Horretarako, baliabide guztiak eskura eduki behar ditugu: kontsultarako dokumentuak eta liburuak, formularioak, baliabide informatikoak, tresnak eta produktuak.
• Langileok gure lan harremanak euskaraz burutzeko eskubidea dugu: Harreman sozioekonomikoak diren neurrian, langile-enpresa, langileon arteko edota bestelako subjektuekiko lan harremana (kontratuak, nominak, oharrak, barne-komunikazioak, negoziaketak, hitzarmenak, bilkurak…) euskaraz burutzeko eskubidea dugu.

Gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu eta egun gure lan jarduna euskaraz burutzeko eskubidea ez dugu bermaturik. Euskaraz bizi nahi badugu, euskaraz lan egiteko askatasuna izan behar dugu. Lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa da, Euskal Herria euskaldunduko bada. 

Langileok, lan munduan subjektu eta eragile garen neurrian, lan munduaren euskalduntzearen aldeko borrokan gure erantzunkizunari heldu eta subjektu aktiboak bilakatu behar dugu! Lantokia ere euskararen normalizazioaren aldeko borroka esparrua da. Normalizazioan eta euskaraz bizitzeko ahaleginean denok dugu gure eginkizuna.

Langileok gara, inor baino hobe, lan munduan euskarak bizi duen egoeraren jakitun, gure lan jarduera euskaraz burutzeko topatzen ditugun zailtasun eta oztopoen lekuko. Hortaz, gure hizkuntza eskubideen urraketak agerian uzteko garaia da. Bestelako eskubide urraketak salatzen ditugun bezala, lan eremuan langileon hizkuntz eskubideak etengabe urratuak direla salatzeko “Euskara zure eskubidea – actívate por el euskara” kanpaina jarri dugu martxan Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin elkarlanean. Gure egunerokoan topatzen ditugun hizkuntza urraketa zein euskaraz lan egiteko oztopoak ikustarazi eta hauek gainditzeko urratsak eman daitezen exigitzea guri dagokigu. 

Badakizu, zure lantokian zure hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari badira ozen salatu !! Zure kexak helarazteko erabili behatokiaren telefonoa zein buzoia, edo jarri zaitez zure lantokiko LABeko delegatuekin harremanetan.

EUSKARAZ BIZI ETA LAN EGIN NAHI DUGU!!

EUSKARA GURE EUSKUBIDEA!!
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.