2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Sindikatuko emakumeak funtsezkoak zarete borroka sindikal eta sozialean"

Garbiñe Aranburu: “Sindikatuko emakumeak funtsezkoak zarete borroka sindikal eta sozialean”

Zaintzaren eremuan lan egiten duten hainbat emakume langile Altsasun bildu dira, “Bizitza posible egiten dugu, somos esenciales” lelopean, sindikatuak antolatutako topaketen harira. Hain zuzen ere, zaintzarekin lotutako sektoreetako borrokak, erabat feminizatutako sektoreetakoak, lehen lerrora eraman ditugu eta, bildutako guztien artean, lan horiek funtsezkotasunaren neurriko aldarrikapen sorta adostu dugu.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitzartzea egin du topaketetan, langileon funtsezkotasuna eta borroka grina aitortuz: “LABeko emakumeak protagonista garrantzitsuak zarete borroka sindikal eta sozialean. Ezinbestekoak zarete; funtsezkoak”.

Jardunaldiei amaiera emateko, sindikatuak konpromiso irmoak hartu ditu, adostutako aldarriei lotuta: publifikazioa, zaintza sistema publiko komunitarioa eta feminismoa lan harremanetan gauzatzeko aldarriak, besteak beste.

Osatu dugun adierazpenari helduta, Angela Davis ekintzaile feministaren esaldi bat ekarri dugu gogora lehenik: “Justizia sozialaren aldeko borrokaren bizkarrezurra izan dira beti emakumeak”.

Ondoren, gure gogoetaren berri eman dugu: “Funtsezkoak gara, bai. Bizitzeko behar diren ezinbesteko gauza horiek egiten ditugulako. Ikusi nahi ez diren horiek, ordaintzen ez diren horiek. Etxean egiten ez direnean miseriazko soldata eta baldintzen truke egiten ditugun horiek. Funtsezkoak, sistemarentzat?”.

“Zainduko dugu, heziko dugu, bizitzaz gozatzeko eta bizitza goxatzeko lan egingo dugu. Baina ez gaudelako zaintzari kateatuak bizitzeko prest. Gauzak aldatzeko, Euskal Herri aske eta feminista eraikitzeko, zaintza eskubidea aitortzeko, zaintzaren negozioa desegiteko borrokatzen dugu. Borrokak egiten gaitu funtsezko!”, adierazi dugu.

“Langileak gara, emakumeak, borrokalariak. Funtsezkoak izan gara justizia sozialaren borrokan. Eta funtsezkoak izango gara justiziazkoa den zaintza lanak berrantolatzeko borrokan. Hori gure konpromisoa. Hori eskatzen dugun konpromisoa!”, erantsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.