2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaEuskal Herriak hezkuntzan ere bide propioa egin behar du

Euskal Herriak hezkuntzan ere bide propioa egin behar du

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraiki eta horren araberako marko normatiboa osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude.Gure bide propioa egiteko aukera ezin hobea dugu eta bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.

Hilabete mugituak bizitzen ari gara gure herrian hezkuntzari dagokionez. Azken urteetako erasorik bortitzena jasaten ari gara LOMCE legea medio. Behin eta berriz errepikatu dugun moduan, aipatutako legeak PPen izaera zentralista, liberal , atzerakoi… asetzea du helburu. Ezin uka Hego Euskal Herrian honen eragina. Nafarroan Iribas sailburuak egindako aplikazio literaletik hasi eta EAEn Cristina Uriartek HEZIBERRI egitasmoaren aterkipean inposatu dituen dekretu curricularretara. Modu batean edo bestean aplikazio hori mozorrotzen saiatzen ari den bitartean, hezkuntza komunitateak argi adierazi du ez duela mozorrorik onartuko, ez duela iruzurrik onartuko. Horren adibide dugu, azken asteetan hezkuntza komunitateak LHko 3. mailako frogei egindako plantoak. 

Une erabakigarrian gaude urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko, bertan erabakitzeko.Izan ere, adostasunak bilatzeko tenorean gaude. Ezezkotik baiezkora saltoa eman behar dugu eta horretarako denon artean Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren gainean eztabaida egin eta adostasunak bildu behar ditugu. Gure hezkuntza sistemak azken hamarkadetan hainbat gabezi garatu ditu eta horiei buelta eman behar zaie epe motzean.

Gauzak horrela, burujabetzaren bidea hartu behar dugula uste osoa dugu, gure bide propioa. Bide honetan, LABek historikoki aldarrikatu duen bezala, gure herriak marko normatibo propioa behar duela argi dugu. Horregatik, lehentasunez, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean eztabaida ireki, adostasunak eraiki eta horren araberako hezkuntza lege berriak osatzea premiazkoa da.

Eta gure ustez adostasun horiek eta horren araberako legeek, gutxienez, hiru oinarri hauek barnebildu beharko lituzkete:

1. Curriculum eta ebaluazio sistema propioa. Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egindako marko pedagogikoa. Euskal kulturaren transmisioa eta eraberritzea bermatuko duena. Era berean eta aurrekoarekin loturik, gure herriaren errealitatera eta beharretara egokitutako ebaluazio sistema propioa.

2. Euskaldun eleanitzak sortzeko planteamendua. Euskaraz eta gazteleraz, ahoz nahiz idatziz modu zuzen eta egokian adierazteko gaitasuna bermatuko duena. Eta hirugarrengo hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak garatzen lagunduko duen hizkuntzen planteamendu integrala.

3. Euskal publikotasunaren definizio berria. Titularitateaz gaindi,diru publikoz hornituko den ikastetxe oro, euskal herritar gisa ditugun hezkuntza eskubideak bermatuko ditu. Beti ere, berdintasun, gardentasuna eta parte hartze irizpideek gidatuta. Guztiontzat irekia, denon ongizateari begiratzen diona eta guztiontzat aukera berdintasuna bermatzen duena.

ZER egitearekin batera NOLA egiten dugun ere garrantzi berezia du. Horrela, LABen ustez,honako ezaugarriak bete beharko lituzke eztabaida eta legea osatzeko prozesuak: • Prozesua hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da.

• Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

• Legearen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du.

LABek hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraiki eta horren araberako marko normatiboa osatzeko determinazioa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude.Gure bide propioa egiteko aukera ezin hobea dugu eta bide hau prest dagoen ororekin konpartitzeko prestutasuna dugu gainera. Ez dezagun aukera hau galdu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.