2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaZaintzaren negozioarekin amaitzeko eta sistema publiko komunitario baterako urratsak emateko eskatu diegu...

Zaintzaren negozioarekin amaitzeko eta sistema publiko komunitario baterako urratsak emateko eskatu diegu EAJ eta PSN alderdiei

Martxoaren 8aren etorrerarekin, mugimendu feministak arratsalderako deitutako mobilizazioen aurrekari, Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko. Bilbon, Gasteizen eta Donostian Foru Aldundien aurrean egin ditugu elkarretaratzeak, EAJ interpelatzeko; Iruñean, berriz, PSNren egoitzak egin dugu protesta.

Hain zuzen ere, Iruñeko mobilizazioan Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak adierazitakoaren arabera, zaintza sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra irten gara kalera. Izan ere, zaintza sektoreetako langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte, eta errealitate horrek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintza negozio bihurtu duten horiek.

EAEren kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan agintean egon den alderdia da; EAJ, alegia. Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Horrela, milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat.

Egoerak konponbidea behar du berehala. Zaintzaren negozioarekin amaitu eta zaintzak demokratizatu behar ditugu, martxoaren 8aren bezperan Elixabete Etxeberriak, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak lagunduta, egindako agerraldian jakinarazi bezala.

Hain justu, ezinbestekoa da pribatizazioaren joerari buelta ematea, adinekoen egoitzak eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) publiko eginez, erakundeek, agintean dauden alderdietatik haratago, benetako boterea izan dezaten zerbitzu horien prestazioan. Gure proposamenen artean giltzarri ere bada zaintzako eta, beraz, zerbitzua emateko langileen ratioak eta lan-baldintzak hobetzea. Era berean, etxeko langileen egoera erregularizatu behar dela nabarmendu dugu, eta LABek etxeko langileentzako hitzarmen bat lortzeko lanean jarraituko duela berretsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.