2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege berriak prekaritatera kondenatzen gaitu emakumeok

EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege berriak prekaritatera kondenatzen gaitu emakumeok

Berriro ere iruzurra egin zaigu emakume langileoi. Zaharrak berri. Lege honek ez du inolako aldaketa estrukturalik proposatzen. LABen derrigor begiratu behar diogu emakume langileon egoerari, lege honen hutsune nagusiak azpimarratu nahi ditugularik.

Aurreko martxoaren 8an egindako analisian, zera ondorioztatu genuen: Euskal Autonomia Erkidegoko langileen %8,3ak ez dituela inoiz bere lan baldintzak lan hitzarmen bidez arautu. Horietatik % 75a emakumeak dira. Arautze eza prekaritatearekin lotzen da, beti. Eta ezin ahaztu, langile horien artean gehienak etxeko langileak direla, lan baldintza txarragoak ezartzen dien erregimen bereziaren pean lanean.

Lege honetan lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsua ez da zalantzan jartzen, izan ere, egoera ulertzeko funtsezkoa den ideia hori betikotzen da. Eremu produktibo, publiko, ordaindu eta ongi baloratuan erabakitzen den guztiak baldintzatzen du eremu erreproduktibo, pribatu, ordaindu gabeko eta gutxietsian gertatzen dena. Eta hori aintzat hartu gabe, egiturazkoa den horri begiratu gabe, berdintasuna bilatzea alferrikakoa da. Hala gertatu da aurreko berdintasun legeekin, horrela gertatuko da baita honekin ere.

Bizitzaren jasangarritasunak eta zaintza lanek duten garrantzia ez dute merezi duten zentralitatea lege proiektuan, ez dago gizartea eraldatzeko borondate politikorik lege honetan. Etxeko langileen egoera aipatzen bada ere, ez da figura hori ezta gaurko etxeko langileen ereduaren existentzia bera auzitan jartzen. Baliagarria da, antza denez, legea egin dutenenentzat, esklabutzatik gertu daten sistema hau zaintza premien auzia konpontzeko.

Zahar-egoitzak, jantokiak, garbiketa, etxez etxeko laguntza… emakumoek egiten ditugun lanak dira, erakunde publikoek pribatizatzen eta azpikontratatzen dituzten lanak hain zuzen. Arrakalari aurre egin nahi bazaio, hor dago giltza, eta legean ez da halakorik jasotzen, ez kritikarik, ezta egoera zuzentzeko mekanismorik ere.

Ezin ahaztu zaintza-sektore feminizatuetako lan-gatazketan (egoitzak, etxez etxeko laguntza…) agerian geratu dela konpromiso eta esku hartze publikoaren falta. Erakunde publikoen aldetik ezer gutxi egiten da irtenbideak bilatzeko, eta izan ere, lege hau da emakume horiek guztien aldarrikapenei beharrezko eta merezitako erantzuna emateko aukera: kalitatezko zaintza, ratioak, arreta-denborak eta lan-karga egokiak, kalitatezko enpleguaren bidez. Halakorik ez, batere ez.

Legeak ez du zaintza-sistema publiko komunitario baten alde egiten. Kontran, zaintzaren merkatua (beraz, negozioa) elikatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten du autonomia sustatzeko eta mendekotasuna artatzeko gaurko sistemaren bidez (gehitu datuak): zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak lehenetsiz, administraziotik geroz eta erabiltzaile gehiago bideratzen sektore pribatura, gizarte-zerbitzurik artatu.

Indarkeria martxistaren inguruan puntu oso bat garatzen duelarik legeak, non geratzen da lan munduan gertatzen den indarkeria matxista? Sexu jazarpena eta sexuagatiko jazarpena eguneroko errealitatea da lan merkatuan, eta beste aldera begiratzen dute instituzioek. Ez da inolako protokolorik ezta esku hartzerik aurreikusten.

Eta bukatzeko, aurreko legearekin esan genuen berdina azpimarratuko dugu: lege honek ez du behartze mekanismorik ezartzen, beraz, oso zaila da benetako aldaketatik lortzea gauzak dauden bezala uztea aukera bat denean. Aldaketak borondate kontua direnean.

Zein aldaketa lortuko da legeak ez badu behartzen eta legeak ez badie berdintasuna eskuratzeko funtsezkoak diren arazoei (soldata-arrakala, prekaritatearen feminizazioa, emakumeen pobrezia, zaintza-zerbitzuen pribatizazioa…) benetan begiratzen? Lege eraldatzaileek jaso behar dituzten erantzukin politiko eta ekonomikoak bereganatzen ez dituen legea egin dute, benetako hausnarketarik gabe, proposamen zehatzik gabe, eranginkorrak izango diren neurriak hartu gabe.

Ezin dugu proposamen orokor eta boluntaristetan oinarritutako berdintasun-politikarik eta legerik babestu; ezta benetako politikak garatzeko baliabiderik (pertsonalak zein ekonomikoak) bermatzen ez dituztenik ere. Ez dira hitz handien atzean konpromiso hutsalak izkutatzeko garaiak. Koherentzia behar dugu, egiturazko aldaketak egiteko konpromiso garaiak dira. Zalantzarik gabe, politika feministak egiteko garaia da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.