2024-11-21
HomeEkintza PolitikoaEAJ eta PSN interpelatuko ditugu martxoaren 8an, zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen...

EAJ eta PSN interpelatuko ditugu martxoaren 8an, zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan

Martxoaren 8an, Mugimendu Feministak arratsalderako deitutako mobilizazioekin bat egiteaz gain, kalera irtengo gara goizean, zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra. Zentzu honetan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen EAJ buru duen Foru Aldundien aurrean mobilizatuko gara; Iruñean, berriz, PSN-ren egoitza aurrean. 11:00etan izango dira protestak.

Zaintzaren sektoreko langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte. Honek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintzak negozio bihurtzen dituena.

Gure kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan EAEn agintean egon den alderdia da, EAJ, hain zuzen ere. Era berean, Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat.

Egoera horrek konponbidea behar du, berehala. Zaintzaren negozioarekin amaitu eta zaintzak demokratizatu behar ditugu. Diru publikoa egoitza pribatuetara desbideratzen da urtero: EAEn, 210 milioi eurotik gora; Nafarroan, 100 milioi euro inguru. Nafarroan dauden 72 egoitzetatik, 2 baino ez dira publikoak, eta EAEn, 370 zentroetatik % 90 pribatuak dira, eta 70 baino gehiago EAJko kargudun ohienak.

Datu argiak dira. Ezin diogu egoerari ezikusiarena egin. Diru publikoa esku pribatuetara desbideratzen da, lagunen enpresei emateko eta, bien bitartean, langileen baldintzak eta zaintzak behar dutenen arreta gero eta gehiago kaskartzen da. Ezin dugu egoera hau luzaroago onartu. Zaintzak ezin dira negozioa izan, gutxi batzuek zaintzaileen ustiapenaren eta zerbitzuaren okertzearen kontura irabaz dezaten.

Zaintzak eskubidetzat hartu behar dira: modu duin eta bidezkoan zaindu eta zaintzeko eskubidea, bai zaintzaileentzat, bai zainduak izaten ari direnentzat. Horixe da bizitza erdigunean jartzea. Gaur egun, gobernatzen duten alderdiek kontrakoa aukeratu dute: negozioa erdigunean jartzea.

Horren aurrean:

• Zaintzarekin zerikusi zuzena duen ezein zerbitzu pribatizatzeko debekua eskatzen dugu, adinekoen egoitzetatik eta etxez etxeko laguntzatik hasita.

• Negozio horiek kudeatzen dituzten enpresen gaineko kontrola eskatzen dugu, bai eta hitzarmenak negoziatzeko betebeharra ere. Halaber, eta enpresa horiek publifikatu arte, bertako lan baldintzak sektore publikotik zuzenean ematen diren zerbitzuetako lan baldintzekin pareka daitezela. Zaintza, eskubide gisa, ezin da esku pribatuetan geratu.

• Zaintza sistema publiko bat behar dugu, premia horiei guztiei erantzungo diena, eta langileek aspaldidanik jasaten duten egiturazko esplotazioarekin amaituko duena.

• Adinekoen egoitzak eta etxez etxeko laguntzaren kudeaketa zuzena eskatzen dugu, baita etxeko lanaren erregularizazioa ere, lan baldintzak babestuko dituen hitzarmen kolektibo baten bidez.

• Egoera irregularrean dauden etxeko langile guztien erregularizazioa.

Ez ditugu zaintzak eta zaintzaileak enpresa esplotatzaileen esku utziko, onura besterik ez baitzaie interesatzen, eta ez bizitza. Era berean, berriz pribatizatzeko eta zaintzak etxeetara itzultzeko familia-politikak salatzen ditugu; ez da irtenbide justua, emakumeak* zainketen erantzule bihurtzeko modua baino. Ez gaude xantaia hori onartzeko prest. Zaintzen birbanaketa justua eta berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu.

Gainera, hori guztia etxeko langileen esplotazioarekin batera gertatzen da. Egoera larrian daude, beren eskubideak ukatuta eta langiletzat hartu gabe. Atzerritartasun legeak hori guztia ahalbidetzen du. Egoera irregularrean dauden etxeko langile guztiak erregularizatzea eskatzen dugu. Hemen lan egiten dute eta hemen bizi dira.

Eskubide guztiak denontzat! Zaintza lan guztien pribatizazioa eta azpikontratazioa gelditu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Mobilizazioak 17:30ean izango dira, Donostian (Alderdi Eder), Zumaian (Saregileen plaza), Orereta (Herriko plaza), Eibar (Untzaga plaza), Bilbon (Plaza Zirkularra), Barakaldon (Anaien parkea), Durangon (Ezkurdi plazan), Gernikan (Merkurio plazan), Igorren (Biribilgunean), Algortan (Fadura LHII Lanbide Hezkiketako ikastetxean), Gasteizen (Arka plazan) eta Laudion (Herriko plazan).

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko...