Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEOk) onartu egin du LABek duela hiru hilabete aurkeztutako errekurtso berezia. Ondorioz, bertan behera utzi du Txagorritxuko zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-zerbitzua pribatizatu nahi zuen kontratuaren plegua eta lizitazioa.
Osakidetzak, Arabako ESIko gerentearen bidez, zerbitzu orokorren eraikin berriko instalazio termikoen mantentze-lanak kanpoko enpresen esku utzi nahi zituen, 500.000 euro ordainduz, nahiz eta lan horiek egiteko Osakidetzan bertan langile kualifikatuak baditugun.
Perez Ramosek, Arabako ESIko gerenteak, asteak daramatza eraikin berriaren onurei buruz hitz egiten, honela Santiagoko Larrialdien itxierak eragindako herritarren ezinegonari, protesta ekintzak sortarazten ari den ezinegona, aurre egin nahian. Aldi berean, prentsaren fokuetatik kanpo jarraitzen du, langileen profesionaltasuna gutxietsiz eta osasun publikoa murrizteko eta desegiteko EAJren gobernuaren ibilbide-orria leialtasun osoz aplikatuz.
Oraingo honetan, bere planak ez dira gauzatuko, eta LABen ekintzari esker 500.000 euro enpresa pribatuen eskuetan amaitzea saihestu dugu. Orain, lan horiek langile propioekin egiteko atea irekitzen da, askoz ere diru-kopuru txikiagoko kostuarekin.
Osakidetza, bere langileei, karrera profesionalari dagokion dirua lapurtzen ari da, LAB sindikatuarekin iazko uztailean lortutako akordioa urratuz. Transfusioen euskal zentroko eta Bizkaiko osasun mentaleko sareko plantillari %4ko osagarria aitortzeari uko egiten ari da; txandakotasuna bezalako kontzeptuak murrizten saiatzen ari da. Guzti hau egiten duen bitartean, Osakidetza langileei lapurtutako milioi horiek lotsagabeki kanpoko enpresei emateko prest dago, Sektore Publikoko Kontratazio Legeak kanpoko enpresei esleitzea eragozten dizkion lanak egiteko, gainera.
Pleguen defentsa egiterakoan, Osakidetzak langileen falta erabiltzen du pribatizatzeko justifikazio bakar gisa, gai hori langileak kontratatuz konpondu daitezkeela saihestuz. Ez dago besterik. Argi geratzen da Osakidetzak, urteetan osasun- egitura ahuldu ondoren, ez duela langilerik kontratatu nahi, baina bai, ordea, mantentze-zerbitzuak, besteak beste, kanpoko enpresen esku utzi. Egiteko modu hori arriskutsua da langile guztientzat, KEOren ebazpenak adierazten duen bezala:
«Osakidetzak lizitazioa justifikatzeko emandako azalpena ez da nahikoa, argi eta garbi […], eta bere orokortasunagatik eta abstrakzioagatik, bere zentroetan ematen den edozein zerbitzuren kanpo-hornidura justifikatzeko balio du».
Gaur egun, Txagorritxuko eraikin berria ireki ondoren, Osakidetzako mantentze-lanetako ofizialak ari dira instalazio horien mantentze-lanak egiten. Lan-karga hori ez zegoen aurreikusita, kanpoko enpresa batek egin behar baitzuen. Hori dela eta, Arabako ESIari eta gerenteari eskatzen diogu beharrezkoak diren pausoak eman ditzatela, lan horiek behar bezala egin ahal izatea bermatuz, eta inoiz pribatizatzen saiatu behar ez ziren lan horiek bere gain hartzeko behar adina langile kontratatuz.
Hauxe bera da Osakidetza osoan gertatzen ari dena. Osakidetzak urteak daramatza plantillak murrizten, lan-kargak jasanezin bihurtzen eta egiturazko arazo bat sortzen, modu paraleloan egitura falta horren konponbide gisa pribatizazioa edo lankidetza publiko-pribatua planteatuz. Sinple bezain onartezina da. Osasun publikoaren aurkako eraso honek ez du aurrekaririk eta hainbat fronte ditu. Pribatizazioa borroka honen fronteetako bat da, eta honen inguruan LABek oso jarrera argia du, plegu horien aurka eginez eta baliogabetzea lortuz erakutsi duen bezala.
Greba, mobilizazio edo salaketa-ekintza baten konfigurazio puntuala gorabehera, Osakidetzan egoerak denboran zehar mantenduko den mobilizazio jarraitua, irmoa eta etengabea eskatzen du, guardia jaitsi gabe, eta langileen eta herritarren tentsioa zein ondoeza erabaki-zentroetara eraman daitezen. Mezu argia bidali behar diegu osasun publikoko kudeatzaileei: ez diegu onartuko desegite eta pribatizazio-planak burutzea. Horretarako, beste behin ere aprobetxatzen dugu, langileak eta herritarrak animatzeko osasun-publikoaren defentsan antolatzen ari diren mobilizazioetan parte har dezaten, lantoki barruan zein kanpoan. Aste honetan, otsailaren 25ean eta 28an egingo diren greba-deialdietan parte har dezaten eta era berean, herritarrei hilaren 26an 3 hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diegu.
Erakunde publikoaren jarduera guztiak fiskalizatu behar ditugu, euskal osasun publikoaren sektorean aplikatzen ari diren politikak langileen eta herritarren interesen aurkakoak baitira.