2024-07-03
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLABek gogorki salatu nahi ditu Igarki, Ibon eta Aialaren atxiloketa eta Ertzaintzak...

LABek gogorki salatu nahi ditu Igarki, Ibon eta Aialaren atxiloketa eta Ertzaintzak izandako jarrera bortitza

LABek gogorki salatu nahi ditu gaur Gasteizko Andra Mari Zuriko Herri Harresian izandako gertaerak. Salatu nahi dugu Igarki Robles, Ibon esteban eta Alaia Zaldibarren atxiloketa, eta atxiloketa unean Ertzaintzak izandako jarrera bortitza, bai gazteen aurka, bai euren aldeko herri harresia osatu nahian jardun zuten herritarren kontra.

Euskal gaztedia independentista zigortzea da Espainiar Estatuak aro politiko berri honetarako duen eskaintza. Mugimendu bakar bat ere ez, atzera egiteko ez bada.
Eta EAJ ere norabide horretan lerrokaturik ikusi dugu. Erabaki zezakeen argazki horretan parte ez hartzea, baina herri honek injustizien aurrean plantoa egitea eskatzen duen bitartean, EAJk Espainiar in-justiziaren esanetara makurtuta jarraitzen du eta gazteak atxilotzen ditu. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak babestuko badira, errepresioaren bidearekin amaitu beharra dago, behar den guztietan, bide horri aurre eginez.

LAB sindikatuak, halaber, gogoan ditu gazte independentista hauen moduan auzi judizialetan prozesaturik dauden beste gazte eta euskal herritarrak. Kartzelak betetzeko baino kartzelak ustutzeko tenorea da, eta beraz, prozesu horien guztien etetea eskatzen dugu. Ez dugu kondena politikorik onartzen. Euskal gaztedia kalean behar du Euskal Herriak. Euskal gaztedia da gure oraina eta etorkizuna, eta bake eta konponbide aroaren eraikuntzan geure gazteen ekarpenak ezinbestekoak ditugu.

Herri harresia gero eta sendoagoa izan dadin lanean jarraitu behar dugu. Jarraitu behar dugu eskubide zibil eta politikoen defentsan, baita konponbidea eraikitzen ere. Mobilizatzen jarraitu behar dugu eta bide honetan LABek bere konpromisoa berresten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.

Etzegaraten hildako garraiolariaren heriotza eta errepideko lan istripuak salatu ditugu Iruñean

LAB, Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Iruñeko San Ignazio kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko astean Etzegarateko istripu larrian hildako garraiolaria gogoratzeko eta Nafarroako errepideetako lan ezbehar kopuru handia salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez; prekarietateak hil egiten du” lelopean.

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzek Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko erregistratu ditugun mozioak onartu dituzte

LABek azkeneko urteetan hainbat eragilerekin eta familiekin egindako lanaren eta aurrera eramandako greba eta mobilizazioen ostean, 0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan ikasturte honetan doakotasuna ezartzea lortu dugu. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan.