2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaLAB eta ELAk Condesaren bideragarritasunaz jakitun langileen enpleguen defentsan jarraituko dute

LAB eta ELAk Condesaren bideragarritasunaz jakitun langileen enpleguen defentsan jarraituko dute

Arabako Condesa Taldeko bi lantokiak lanik gabe eta EREan daude. Urtarrilaren 15erako hartzekodunen konkurtsoa ekidin zezakeen akordioa sinatuta egon behar zuen enpresaren arabera, eta egun oraindik ez dago berririk. Condesa Taldeko LAB eta ELAk informazio falta salatu dute eta gaurtik, hilak 30, akordio sinatu ahal izateko azken eguna, berririk jaso ezean instituzioetara joko dutela iragarri dute.

CONDESA TALDEKO LAB eta ELAren PRENTSAURREKOAREN EDUKIAK
2015/04/29

«Gaur, berriro ere, Condesa Taldeko ELA eta LAB sindikatuak zuengana jotzen dugu, egun, ze egoeratan aurkitzen garen jakinarazteko nahiz datozen asteetarako antolatu diren ekimen berriak iragartzeko. Gogorarazi nahi dugu Condesa Taldeak lau lan zentro dauzkala Euskal Herrian, 2 Legution, bat Lesakan eta beste bat Berriobeitin. Orotara, 800 langile baino gehiagok lan egiten dugu.

Ondo dakizuen bezala, Condesa Taldeak pasa den azaroan iragarri zuen akordioa erdietsia zuela hartzekodun nagusiekin, alegia, Bankarekin eta Arcelo Mittal enpresarekin. Akordio honi esker, hartzekodunen konkurtsoa ekiditen zen. Akordio honek Taldeari beharrezko finantziazioa eta lehen gaia bermatzen zituen. Beraz, Taldeari egonkortasuna eta bideragarritasuna emango zion. Enpresaren arabera, akordioak joan den urtarrilaren 15erako iada sinatuta egon behar zuen.

Dagoeneko, hilabete batzuk pasa dira akordioa sinatu gabe, eta CONDESAren esanetan, bihar, apirilak 30, sinatu ahal izateko, azkeneko eguna izango da.

Bada, gaur, apirilak 29, akordio hau sinatu gabe jarraitzen dugu. Akordiaren edukia ezagutu gabe jarraitzen dugu. Condesako langileok dakigun gauza bakarra da, duela hilabete dezentetik, Arabako bi lantokiak lanik gabe eta EREan gaudela. Ez dago plan industrialik. Ez digu inork enpresaren etorkizunaz informatzen. Ez da igartzen zuzendaritza dagoenik, ezta estrategiarik ere. Eta egoera honetan daramagu urtebete baino gehiago. Bai, oso kezkatuta gaude Condesako etorkizunaz eta, ulertuko duzuenez, kezkatuta egoteko arrazoiak soberan ditugu.

Condesak ez digu inongo informaziorik ematen, ezta EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Eskatutako bilerak ukatzen dizkigute eta euren ixiltasuna eta mespretxua besterik ez ditugu jasotzen. 800 langile baino gehiagoko lantokiaren etorkizuna axola ez zaiela dirudi. Enpresaren jarrera hau, Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako gobernuaren babesak ahalbidetzen du. Azken batean, hauek gauza bera egiten dutelako. Guztiz onartezina da. Langileok ez ditugu holako erakundeak merezi.

Baina ELA eta LABek ez dugu etsiko, gure etorkizuna defendatzeko prest gaude. Gure enpresaren egoera ezagutzea gure eskubidea da, kosta ala kosta. Berriro diogu: gure enpresaren egoera ezagutzea ESKUBIDE bat da, ez ordea luxu bat. Argi izan, bai Condesa zein EAEko eta Nafarroako gobernuak.

Honengatik guztiarengatik, hilabete hauetan zehar mobilizatu gara eta hainbat erakundeetan mozioak aurkeztu ditugu, gure egoeraren inguruan zenbait konpromiso har ditzaten, tartean Condesak egungo egoeraren berri eman dezan eta gure etorkizuna argitzeko. Honakoa da mozioek eduki duten erantzuna:

– Gasteizko Udalean: udalbatzan onartu zen BILDUren aldeko bozkekin. PP, PNV eta PSE abstenitu egin ziren. Azken bi alderdi hauek emendakin bat aurkeztu zuten, gurekin adostu gabe, baina ez zen aurrera atera.
– Legutioko Udalean: mozioa erabateko adostasunez onartu zen, PNVren aldeko bozkak barne.
– Lesaka eta Arantzako udaletan: erabateko adostasunez onartu dira.
– Etxalarko udalean: gehiengoz onartua.

Honek eman digun indarrarekin, Condesako bideragarritasuna, nahiz langile guztien enplegua eta lan baldintzak defendatzeko mobilizazioekin jarraituko dugu.

Hori dela eta, bihar, apirilak 30, CONDESAk berririk emango ez balu:

– Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako gobernuari bilera bana eskatuko diegu. Eta hauen aurrean mobilizatuko gara kasu egin arte.

– Mozioak aurrera atera diren udal eta erakundeekin harremanetan jarriko gara, enpresarekin egindako gestioak eta emaitzak ezagutzeko.

– EAEko eta Nafarroako parlamentuetara eramango dugu gure aldarria. Gure egoera herritarron ordezkariei helarazteko, konpromisoak bere gain hartzeko eta Condesako zuzendaritzak egungo egoeraz eta enpresaren etorkizuna bermatzeko ematen ari den urratsez bertan informa dezan.

– Ez ditugu bestelako mobilizazioak baztertzen.

Hau guztia lortzeko, langileen babesa eta laguntza bilatuko dugu. DENON ARTEAN LORTUKO DUGU!!!»

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.