2024-11-22
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaManifestazio nazionala ekainaren 13an AHTren kontra

Manifestazio nazionala ekainaren 13an AHTren kontra

Eragile sozial eta sindikalek Abiadura Handiko Trenaren proiektua geldi dadin eskatzeko manifestazioa deitu dugu datorren ekainaren 13rako Donostian, "AHT Gelditu Orain! ¡Parad ek TAV ahora!" lelopean arratsaldeko 17:30ean irtengo da Alderdi Ederretik. Deiatzaileek AHTaren kontrako manifestua aurkeztu dute eta bertara atxikitzeko deia luzatu die era guztietako talde eta elkarteei.

AHT GELDITU ORAIN! MANIFESTUA
Xahuketa gehiago ez! Herritarrok erabaki!



«8 urte igaro dira Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanak hasi zirenetik. Ordutik hona mito bat erortzen ikusi dugu. Urte hauetan zehar agerian gelditu da AHT ez dela bideragarria eta ez dakarrela inongo onurarik gizartearentzako. Porrot egin du proiektu honek, milioiak xahutzen dituena eta oinarrizko beharrizan sozialetara bideratu beharko liratekeen partidak murriztu beharra dakarrena, kalte itzela eraginez gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan.

Proiektu hau inposatu nahian ari direnek ez digute esaten zenbat diru gastatu duten orain arte eta ez dakite zenbat gehiago beharko den aurrerantzean, ezta noiz amaituko dituzten lanak ere. Gero eta zalantza gehiago Euskal Herrian sekula eginiko inbertsio handienaren gainean, bultzatzaile burugogorrei errealitatea ikusten uzten ez diena: Paris eta Madrilekin loturarik ez dauka eta, gainera, Bilbo, Gasteiz eta Donostia artean aurrikusitako denborak gero eta handiagoak dira, autoen edo autobusen ia parean egoteraino. Maila bereko zentzugabekeria ikusi dezakegu Nafarroan, inondik inora ez doan AHTa eraikitzen ari baitira, Aragoirekin eta EAErekin loturarik ez duena.

Estrategikotzat saldu nahi izan diguten proiektu honi errealitatea gailendu zaio. Eraikuntza lanek ekarri behar omen zuen bultzada ekonomiko handia ez du inork ere ikusi, hango eta hemengo alderdi politikoetako lagun minak diren eraikuntza enpresario handiek izan ezik, poltsikoak ondo bete dituztenak, gero eta maizago azaleratzen diren ustelkeria kasuak lekuko. Prekarietatea eta lan istripuak AHTko lanetan ari diren langileen eguneroko ogia dira, beraietako gehienak azpikontraten eskuetan harrapatuta, lan eta segurtasun baldintza negargarrietan, honez gero 7 hildako eragin dituztenak.

Diru-xahuketa honen erantzuleek, EAJ-PNV, UPN-PP eta PSE-PSN-PSOE, ez daukate inongo arazorik urtero aurrekontuen zati handi bat obra honetara bideratzeko. Badakite diru hori maileguan eskatu behar dela eta gero eta zor handiagoa pilatzen dutela eskuetan dituzten gobernuen gainean. Aldi berean, gainera, esaten digute ez dagoela dirurik gizarte zerbitzuetarako eta kultura edo ekonomiako bestelako arloetarako.

Politika honek oso ondorio larriak dakartza eta are larriagoak izango dira ez badugu erokeria hau geldiarazten: zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak. Ondorio guzti horiek gure seme-alabek ere ordainduko dituzte, AHT erabiltzeko aukerarik izan gabe gainera. Izan ere, mantenu gastuak ordaindu ahal izateko txartelei jarri beharko zaizkien prezioak oso gutxik ordaindu ahal izango dituzte. Hor daukagu, adibide gisa, Bartzelona eta Paris lotzen dituen AVEa, kiebran dagoena aurrikusitako bidaiari kopurura hurbildu ere ez delako egiten.
Egoera hau ikusita, adierazpen hau sinatzen dugun herritar eta elkarteek ondorengoa exigitzen dugu:

1.- Berehala AHTko lanak geldiarazi ditzatela.

2.- Proiektu arranditsu honi bideratzen zaizkion diru-partidak erabili daitezela une honetan jendarteak dituen benetazko premiei: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak… euro bat gehiago ere ez AHTrako!

3.- Ireki dadila eztabaida tekniko, sozial eta politikoa azpiegitura honen inguruan, herritarren partehartze, informazio eta erabakitze prozesu batekin batera, guztion artean erabaki dezagun zer egin proiektu honekin.

Era berean, deia luzatzen diegu herritar eta elkarte guztiei bat egin dezaten ekainaren 13an Donostian helburu honekin egingo dugun nazio-manifestazioarekin.

DEIALDIAK:
– Maiatzak 30, MENDI MARTXA ATXONDON goizeko 10etan eta ekitaldia arratsaldeko 5etan

Ekainak 13, MANIFESTAZIO nazionala DONOSTIAN, 5’30ean Alderdi Ederretik abiatuta

MANIFESTUARI ATXIKIMENDU BILKETA. Sostenguak honako helbidera bidaltzea eskatzen da:
ahttavgeldituorain@gmail.com

DEITZAILEAK
AHT Gelditu! Elkarlana, Mugitu!, Fracking EZ, Ekologistak Martxan, Eguzki, LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, CNT, Euskadiko CGT/LKN, HIRU, Berriotxoak, Duintasuna, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Gazte Abertzaleak, Komite Internazionalistak, Askapena, EHE, KEM-MOC, Sare Anti-Faxista, EH Sozialista, Ruti-Distri, ATTAC, Mutriku Kultur Taldea, ETA GEHIAGO…

 

MANIFESTUARI ATXIKIMENDU BILKETA. Sostenguak honako helbidera bidaltzea eskatzen da: 
ahttavgeldituorain@gmail.com

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.