2024-11-22
HomeMaiatzaren Lehena 2015«Langileok borrokan eta Euskal Herria aldaketa bidean, abian gara, 40 urteko bidea...

«Langileok borrokan eta Euskal Herria aldaketa bidean, abian gara, 40 urteko bidea eginda eta etorkizuna irabazteko prest»

LABen ibilbide sindikalak 40 urte betetzen dituen honetan, egindako bidearen eskarmentuarekin eta egungo egoerari erantzuteko nahiarekin sindikatuak gogoetarako tartea hartu du. Maiatzaren Leheneko atarian eta Euskal Herriak behar duen eredu sindikalaren inguruko eztabai betebetean murgilduta gauden honetan, sindikatuak gogoeta hau Adierazpen baten bidez publiko egiteko erabakia hartu du.

Adierazpenaren bat eginez, atzoko eta gaurko sindikatuko kide erreferentzialak Donostiako Campus-eko Barriola eraikinean izan dira. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia arduratuko da Adierazpenaren berri emateaz.

LAB 40 URTE
40 urte langileok borrokan
40 urte Euskal Herrian aldaketari bidea irekitzen

-ADIERAZPENA-

1.-Larrialdi egoera latza bizi dugu Euskal Herrian langile eta herri sektoreetako herritarrok. Alarma gorria piztuta jarraitzen dugu: azken urteotan aurrena krisia sortu eta gero krisia hedatu dutenak gustura daude oso, eta horrelaxe jarraitu nahi dute luzaroan. Horrexegatik luzatu nahi dute ahal den gehien guretzat hain bidegabe eta lazgarria den egoera hau, eta horrexegatik asmatu dute, hain zuzen ere, Errekuperazioa izeneko ipuina, gezurra irentsi eta geldi-geldi egon gaitezen. Langileoi ahalmena murrizteko ahalegin betean jarraitzen dute, aberastasunaren banaketa bidegabearen aurrean bestelako erlazioa eragiteko gai izan ez gaitezen. 

Herri gisa gure etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea ukatu egiten digute. Gure ekonomia, gure lan harremanak, gure bizimodua antolatzeko aukera ukatzen zaigu. Noiz eta Euskal Herrian dena posible izan beharko genukeen garai honetan. Garapenik gabeko prozedura instituzionaletan kokatzen da gure herriak izan beharko lukeen status politikoaren inguruko eztabaida. Boterea eta aberastasuna kontzentratzen dutenen aldeko erabakiak ezartzen ari dira, aberatsak gero eta aberatsago izan daitezen, baita Euskal Herriaren ahalmenaren kaltetan jardun behar badute ere. Krisi ekonomikoa koartada politikoa bilakatu da, batere demokraziarik gabe estatu eredu neoliberal baterantz eramateko. 

Krisi ekonomiko eta finantzieroak ondorio latzak izan ditu. Miseria gorria zabaldu dute langileon artean. Enplegu suntsiketak eta murrizketen politikek sakoneko krisi soziala eragin dute, milaka eta milaka euskal herritarren bizimodua guztiz baldintzatu eta okertu dute. Krisiaz ez, krisiez hitz egin beharko genuke, krisi honek milaka aurpegi baititu: hor dago ingurumenari eta lurrari egindako sarraskia, hor daude emakumeak, zaintza lan erreproduktiboaren zama bizkar gainean dutela. Bidelagun zaharra dugu krisia, bai, zaharra bezain txarra. 

Baina ez gaituzte inolaz ere engainatuko. Orain errekuperazioaz mintzo direnak, ez dira ari urte hauetan lapurtu digutena itzultzeaz. Haien errekuperazioa gure ahultzea da. Haien arnasaldia gure itolarri. Langile gehienoi bizimodua nabarmen kaskartu zaigu. Enplegurako eskubidea ukatzen digutenean, lan baldintzak okertu, pentsioa kaltetu edota prestazio sozialak murriztu, ez dira justuki gure errekuperazioan pentsatzen ari. 

Ahalmen osoa eskuratu dute enpresariek, nahi erara finkatzen dituzte lan baldintzak, botere eta tresna guztiak euren eskura jarri dizkiete eta, legea barne. Langileok irabaziak genituen hainbat eskubide, botere publikoek bermatu beharko lituzketenak, banku eta enpresen negozio zerrendara igaro dira. 

Ezaugarri bereziak ditu prozesu horrek Euskal Herrian. Erabakiak inposatzen ari dira gobernu eta instituzioetatik, eredu propio bat asmatu eta gauzatzeko anbizioa alboratuta. Tartean, azken hamarkadetako ukazio eta inposizio estrategiek sortu dituzten dependentzia, zatiketa eta desegituraketa egoeretan sakontzen ari dira eta ekonomiaren erabilera politikoa egiten jarraitzen dute. Urte hauetako balantzean doakie, esaterako, gure herriaren ahalmen finantzieroaren likidazioa Nafarroan CANekin eta, momentuz, kontrol publikoaren galera eta pribatizazio bidea EAEn Kutxabankekin. Balantze berean doa, halaber, patronalak eta Jaurlaritzak egindakoa, gure herrian langileon eskubideen defentsarako, negoziazio kolektiborako zeuden gutxieneko baliabide eta estrukturen suntsiketa bultzatu eta onartzea, alegia.

Horren guztiaren aurrean euskal herritarrok ez gara besoak gurutzatuta geratu. Geure lanpostuen defentsan lantokietan antolatu gara eta kalean borroka gogorra egin dugu, lan eskubideen alde, enpleguaren alde, murrizketen kontra, alternatiben eraikuntzan. Buru-belarri murgildu gara aldaketa ekonomiko eta sozialerako oinarriak finkatzen, eta ahalegin horren emaitza da Karta Soziala. Alternatibaren eraikuntzari ekin diogu LABeko kideok, bai Kartaren prozesuan inplikatuz, bai lan munduan aldaketa eragiteko ekimenak sustatuz, lan harreman eredu berri baterako proposamenarekin.

Herri gisa erantzun dugu. Eta erantzuten jarraitzen dugu, gaurko estatusaren ormatzarra pitzatu eta politika zapaltzaileen ankerkeria gainditzeko. Ipar Euskal Herriaren gehiengo sozial eta instituzionalak ekonomikoki eta sozialki garatzeko egiturak eta eskumenak aldarrikatzen ditu. Nafarroako erregimen politiko eta ekonomikoa erabateko krisian dago. Autonomismoaren mugak begiak estalita ere ikus daitezke jada.
Orain eta hemen bi aukera nagusi ditugu: bata, Euskal Herria egituratu eta modu planifikatuan bideratzea; bestea, Frantzia zein Espainiaren menpeko bidean sakontzea, menpekotasunean esaneko eta otzan. Euskal langileok ezaguna dugu dependentziaren emaitza, are gehiago euskal esparruari uko egiten zaionean bertako patronaletik ere. Burujabetza langileon lehen defentsa lerroa da, gaur inoiz baino beharrezkoagoa. Beraz, euskal sindikatuok gaur erronka latzik badugu, horixe dugu erronka guztietan latzena eta aurrena: burujabetza prozesua aurrera ateratzea. 

Premia larriak ditugu, bai. Baina baita aukera bikainak ere. Premia bizia dugu testuinguru ekonomikoari erantzuteko eta aukerak eskaintzen egoera politiko-sozialak. Trantsizio betean gaude, aldaketaren noranzkoa dago jokoan. Azken hamarkadetan ezarri zaigun politikaren ardatza bat eta bakarra izan da: urteetan geure borrokarekin lortutako garaipen eta eskubideak suntsitzea. Ezker abertzaleak Euskal Herrian askapen prozesuan urrats esanguratsuak emateko zeuden baldintzak probesteko ekarpena egin du, erabaki historikoak hartuz eta egoera nahiz aukera berriak sortuz. Larrialdi ekonomiko eta soziala gogortu egin da. Aukera politikoak zabal zabalik jarraitzen du, baina prozesu demokratikoa eraikitzeko akordio nahikorik ez da oraino erdietsi. 

Trantsizio ekonomiko eta instituzionala, aukera bilakatu behar dugu, gure norabidean garatu. Hortaz, LABek konpromiso berriak agertu nahi ditu.

2.- 40 urteko historian zehar erakutsi bezala, aurrerantzean ere, ikuspegi propioz eta ekimena gure gain hartuta arituko gara testuinguru historiko honetan. Gure konpromisoak oinarri horretatik eraikitzen ditugu.

Ibilian-ibilian 40 urteko bidea egin dugu. Eta, guk bidea egin ahala, bideak gu egin gaitu. Baditugu harro egoteko arrazoiak. Langile izateaz harro gaude, langilerik gabe ez baitago herri bat aurrera ateratzerik. Eta harro gaude, borrokatzen dugun langileak garelako. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez aldarrikatzen dugu LABeko izatea. Harro gaude lau hamarkadetan LABek Euskal Herrian egin duen borrokaz. Harro, askapenerako bidean egiten dugun ekarpenaz eta, harro, zapalkuntzaren kontra borrokatzeko milaka herritarrentzako tresna eraginkor garela jakinda.

Bitartekotzat dugu sindikatua, gurean langileok gara benetako protagonistak. Langileon interesen defentsa antolatzeko tresna da LAB. Euskal Herria Independente eta Sozialista lortze bidean askapen prozesua bultzatzeko bitartekoa da sindikatua.

Prozesu demokratikoa bultzatzeko helburuz dihardugu. Prozesu honetan herritarrok eta eragile sozial, ekonomiko eta sindikalek esku hartze zuzena izan behar dugu nahitaez.

Beharrezkoa dugu burujabetza estrategian klase interesak defendatu eta nagusitzea. Nekez uler daiteke benetako prozesu politiko justua Euskal Herrian, neoliberalismoa ezartzen ari den bazterketa sozial eta autoritarismoarekin.

Langileokiko konpromisoa eta gure izaera nazionala berretsi nahi dugu hemen. Konpromiso horretatik jarriak gara etorkizunera begira. Euskal lurraldeetan martxan diren prozesuetan klase ikuspegitik eta Estatu gisa egituratuko gaituen estrategia ikusmiran iniziatibaz aritzeko asmo betea dugu. Gure autonomia organizatibo eta politikotik, Euskal Herriaren etorkizun askea eraikitzeko bidean sakontzera goaz.

3.-LAB sindikatuak, Maiatzaren Lehenaren atarian, euskal langileriak eta Euskal Herriak dituzten erronka ezberdinei erantzuteko ondoko konpromisoak adierazi nahi ditu:

3.1.- Langileon pobretzeari eta lan munduaren prekarizazio prozesuari aurre egitea da gure lehentasuna. Gure borrokaren ardatza. Eta eskaintzak ditugu horretarako: 

 

• Kalitatezko enpleguaren defentsa lantokietan, enplegua sortu eta aberastasuna banatzeko neurriak, 35 orduko lanaldiaren bidetik. Enplegu duina izango badugu, soldataz ere hitz egin behar dugu. Ondorioz, soldataren defentsa lehentasunezko lan lerroetan kokatzen dugu: LABek 1200 eurotan jartzen du errefe rentzia Lanbide Arteko Gutxieneko soldata finkatzeko. 

• Bizitzeko egiten dugu lan, eta ongi biziko bagara ezin digu lanak osasuna lapurtu. Lan osasun eskubi dearen aldeko borroka gure-gurea dugu, eta horrela izaten jarraituko du. Eta badira gehiago: langileon hizkuntz eskubideak, etxebizitza eskubidea, babes soziala eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak hizki larriz idatzi ditugu gure lehentasunen zerrendan. Handik eta hemendik aurrerapausoak egiten jarrai tu behar dugu, lan eremu guztietan emakumeenganako diskriminazioa eta zapalkuntza oro gainditzeko aukera berdintasuna ikur dugula.

 

3.2.- Euskal Herria, justizia sozialean oinarritutako herri burujabea.

 

 
• Kapitalaren etengabeko erasoen aurrean maila eta dimentsio bereko alternatiba behar dugu. Ez gara gotorlekuan bizitzeko jaio. Aske izateko sortuak gara. Langile eta herri sektoreen eskubideak eta beharrak lehen mailan kokatzen dituen alternatiba behar du Euskal Herriak, eta eskura dugu: Eskubide Sozialen Karta. Jarri dugu beste eredu ekonomiko, politiko eta sozial baterako zutabea. Eta eraikuntza lanei ekite ko prest gaude.

• Euskal Herriaren biziraupen eta garapen orekatua ziurtatzea da gure erronka, eta bide zuzen bakarra dago hori lortzeko: Euskal Estatuaren sorrera. Horretarako beharrezkoa dugu burujabetza prozesua. Burujabetzaren bideak eskatzen dituen iniziatibak hartzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, bai eztabai da eta erabaki sozialak sustatzeko, bai egiturak bultzatu eta eraikitzeko, eta noski, klase interesak ziurta tuko dizkigun ereduan sakontzeko. Hor egongo da LAB aurrerantzean ere.

• Prozesu demokratikoa egonkortzeko, bultzatzeko konpromiso berriak hartuko ditu LABek. Gatazka poli tiko-armatuaren ondorioak behin betiko gainditzea ekarriko duen eszenatoki demokratikoa eta erabakit zeko eskubidea dira gure oinarriak. Norabide honetan, konponbiderako agendarekiko konpromisoa (Aietetik hona egindakoa) eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako prozesu eratzaileak artikulatzeko konpromisoa dugu. 

 

3.3- Euskal sindikalgintza, Euskal Herriarentzat, euskal langileontzat estrategikoa
 
• Langileon bizi baldintzak okertzeaz gain, elkarrekin aritzeko, antolatzeko eta borrokatzeko zailtasunak biderkatu dizkigute. Kolpatutako kristalaren pare nahi gaituzte, mila zatitan txikituta, bakartuta, elkarren gandik urrun, eta elkarren kontra. Langile klase gisa hamarkadetako erasoa nozitzen ari gara. Hamaika dira ondorioak: langileon pobretze eta lan-baldintzen prekarietatea, lan sindikalaren kontrako eraso etenga bea, sindikalismoarekiko urruntasuna bultzatzea, langile mugimenduaren zatiketa eta desmobilizazioa. Honen aurrean, langileon antolakuntza eta ahalduntzea bultzatzen ari gara. Langile borroka, sindikatuon lana, gaur inoiz baino beharrezkagoa da. Euskal langile guztiontzako lanabesa izan nahi dugu eta izango gara. Euskal langile guztion behar eta interesen defentsarako bitarteko izateko konpromisoa dugu, kor porazio jokabideen gainetik. 

• Sindikalismoak Euskal Herrian zabaldu den garai berria irakurtzeko gai izan behar du. Egoera sozial eta ekonomikoaren arrisku eta erasoek ezinezko egiten du egungo ereduan leku bat bilatzeko hautua. Egoera iraultzeko bidea aurkitzea da gure konpromisoa, aukera guztiak arakatuz, gaur ez dauden aukerak gure ekimenez sortuz. Aldaketa politikoen bidez gure herriak behar eta merezi duen aldaketa ekonomiko eta soziala bultzatzeko aukerak sindikalismoa ere interpelatzen du. Erresistentzia, ordea, ez da nahikoa egoe rari aurre egiteko. Sindikalgintzak muga berriak ditu aurrean, eta muga horiek egiturazko arazo bihurtzen ari dira. Baina ez dezagun ahaztu, bizimodu duinaren aldeko borroka bizirik den bitartean, mugimendu sindikala ere bai. Sindikalismoa gaur inoiz baino beharrzkoagoa da, baina eraginkorrak izango bagara sakoneko eztabaidei heltzera behartuak gaude guztiok. Hori da LABen ekarpen nagusia Euskal herria rentzat eta euskal langileontzat hain garrantzitsua den une honetan: sindikalgintza eraberritzeko eztabai da irekitzea, eredu eta estrategia sindikal berrietan asmatzeko. 
 

4.-Euskal Herriko egoerak denon parte hartzea eta eskuzabaltasuna eskatzen du. Maiatzaren Lehenaren testuinguruan, gure konpromisoez eta etxeko lanez luze aritu ostean, honako deia egin nahi dugu:

Euskal Herriko langileoi, zuen lanaren emaitzaz bizi zareten guztioi, bestelako alternatiba eraiki dezakegula adierazi nahi dizuegu. Etsipenak ez du gosea asetzen. Asko gara eta indarra badugu kapitalari boterea lehiatzeko. Ongi bizitzeko eskubidea dugu. Duintasuna eta justizia soziala ardatz izango duen eredua guk sortu behar dugu, bestela ez baita sekula sortuko.

Krisiarena konpondu arte burujabetza bazter utzi behar dela esaten diguten horiek iruzurgile profesionalak dira. Ekonomia, burujabetza prozesua eta prozesu demokratikoa moteldu, alboratu edo gutxiesteko erabiltzen dutenei, gezurrak esateari utzi eta euren jarrera aldatzeko deialdia egin nahi diegu. Ekonomiaren aitzakiaz elite baten interes politikoak nagusitzea gure herriari eta herritarroi iseka egitea da. 

Burujabetza prozesua azkartzea da Euskal Herriak aurrez aurre dituen behar eta erronka ekonomikoak asetu eta krisi soziala gainditzeko bide bakarra. Bakarra ez ezik, guztiz zuzena ere bada, prozesu horretan Euskal Herria irtengo baita, oso-osorik, garaile. Langileok borrokan eta Euskal Herria aldaketa bidean, abian gara, tinko eta indartsu, 40 urteko bidea eginda eta etorkizuna irabazteko prest.
 

-ADIERAZPENA-

 
-DECLARACIÓN-

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.