Ikasturte mugitua bizitzen ari gara hezkuntzari dagokionez. Aldaketa haizeak usaindu daitezke Erriberako mahastietatik barna, Kantauri itsasoko kresaleraino. Baina, zoritxarrez, Madriletik datorren kiratsa da nagusi, LOMCEri darion kiratsa hain zuzen ere.
Alta, LABn ustez irtenbidea gure airea arnastean dago. Gure birikak bizi garen ingurura egokituak daude eta bertako airea arnastea behar dute, eta gainera aire hori geroz eta gardenago eta osasuntsuago nahi dugu izatea. Horrela, LABtik azken urteotan garatutako oinarrietan aurrera egin nahi dugu: inposizioak salatzeaz gain Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistemaren bidean urratsak ematea. Maiz adierazi dugun bezala desobedientzia ez delako soilik ezetza adieraztea baizik eta bide propioa jorratzea. Eta hori tokian- toki egin nahi dugu, egunerokoan, urrats praktikoen bidez.
Eta horretara dator ondoko proposamena, LABek Euskal Herri osoan lantzeko eta garatzeko izango diren bi baliabide jarri nahi ditu hezkuntza komunitatearen esku eta bereziki langileagoari dei egin nahi diogu baliabide hauek jaso, hausnartu eta tokian tokiko garapena izan dezaten. Izan ere, ondoko ekarpena Hezkuntza Propioaren bidean urrats praktikoa izan nahi du.
1.-Hezkuntza proiektuak garatzeko 7 oinarri (Euskal Curriculuma, hezkuntzaren gaineko ikuspegi askatzailea, hezkidetza, ikasle euskaldun eleanitzak, aukera berdintasuna eta aniztasunaren bermea, partaidetza oinarri eta dinamikoa).LABk dokumentu hau, hezkuntza komunitatearen parte-hartze zabalarekin, Hezkuntza Sistema Propioaren bidean kokatu nahi du.
2.-Testu liburuak zein baliabide pedagogikoak aukeratzeko irizpideak. “Testuliburuen jabe dena, heziketaren jabe da”. Honako proposamena, testuliburu eta bestelako materiala hautatzeko kontuan hartu beharreko irizpideei dagokie. Gure ustez, hautaketa burutzeko orduan Euskal Curriculumari eta hezkidetzari loturiko irizpideak lehenetsi beharko genituzke.
Ondorengo asteotan aipatu baliabideak ezagutzera emango ditugu ikastetxeetan abiatua dugun asanblada dinamikaren bidez. Baina baita ere bestelako eztabaida guneen bidez. Aipatu bi tresnak, ireki nahi dugun dinamikaren abiapuntua besterik ez dira hurrengo hilabeteetan garapen integrala izan beharko dutena