2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Indarrak batu nahi genituzke lan harremanen eraldaketa gauzatzeko"

Garbiñe Aranburu: “Indarrak batu nahi genituzke lan harremanen eraldaketa gauzatzeko”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak agerraldia egin dute, Madrilek lan erreforma indargabetzeari ateak itxi ondoren LAB sindikatuak hartuko duen bidearen berri emateko. Hain zuzen ere, bilerak eskatuko ditugu euskal gehiengo sindikalaren gainontzeko sindikatuekin, EH Bildu eta EAJ alderdiekin eta Gasteiz eta Iruñeko Lan Sailekin, horiekin guztiekin hitz egiteko eta gure proposamenak helarazteko jartzeko; hala nola, EAEko eta Nafarroako Parlamentuetan dagoeneko erregistratuta dugun Euskal Lan Kodearen egitasmoa mahai gainean jartzeko.

LABek CONFEBASK eta CEN patronaletara jo zuen azaroan, gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzeko, soldata-arrakala gainditzeko, lanaldia murrizteko, kaleratzeak mugatzeko edo enplegua duintzeko proposamen bat adosteko. Patronalak, ordea, ez du erantzun, patronalak ez du edukia duen elkarrizketarik nahi. Patronala eroso dago estatu markoan, onuragarriagoa delako bere interesentzat.

Hala, Garbiñe Aranbururen hitzetan, eskatuko ditugun bilerekin, “indarrak batu nahi genituzke lan harremanen eraldaketa gauzatzeko, lan duin baten aldeko indarrak batzeko, presioa egiteko, patronala kaleratze errazaren, prekaritatearen eta langileen pobretzearen bidea alde batera uztera behartzeko”.

LABeko arduradunaren esanetan, enplegua, zaintza eta aberastasuna duintzeko eta banatzeko akordioak lortzea ez da patronalaren eta langileen ordezkaritzaren arteko gai esklusibo bat: “Esparru politikoak, gobernuek, eragile aktibo izan behar dute balantza langileen alde orekatzeko. Langileen bizitza hobetuko duten akordioak defendatzeko jarrera proaktiboa izan behar dute, eta patronala interpelatu behar dute hori posible izan dadin”.

Idazkari nagusiaren arabera, “alderdi batzuei entzun diegu patronala kongresua bahitzen ari dela edo patronalak beto-ahalmena duela. Ados gaude irakurketa horrekin, baina orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Madrilgo Gobernuak amore eman du patronalaren aurrean, eta orain arte Eusko Jaurlaritzaren politikek ere mesede egin diete patronalari, eta Eusko Jaurlaritza eta patronala bera eskutik helduta joan dira. Sinbiosi hori apurtzea tokatzen da”.

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiten jarraitzeko unea dela nabarmendu du: “Estatuan ez dago beharrezko eraldaketari ekiteko adinako indar-korrelaziorik. Euskal Herrian beste indar korrelazio bat dago, beste gehiengo politiko, sindikal eta sozial batzuk daude. Estatu propio baten beharra agerian uzten duen beste froga bat da hau, Errepublika sozialista eta feminista bat”.

“Patronalek badakite zer izango duten aurrean”

Madrilen konbalidatutako lan erreformari buruz dagokionez, Garbiñe Aranburuk berretsi du ostegunean bertan aipatu genuena: “Lan-erreformak ez ditu eskubideak berreskuratzen, ez du prekaritatean eta diskriminazioan oinarritutako eredua iraultzen, baina hemen ez da ezer amaitu. Orain, erreformaren aplikazioa oztopatzea eta lan-harremanak eraldatzen jarraitzea dagokigu, lan duina bermatzeko”.

Hain justu, eragotzi egingo dugu erreformaren alderdirik kaltegarrienak hemen aplikatzea. Patronalaren asmoak, hots, kaleratze errazera eta prekarizaziora jotzea negozioari eusteko, baldintzatzen jarraituko dugu. “Eta nola egin dezakegu? Gure ekintza sindikala indartuz, borroka eta greba gehiago aktibatuz eta langileen bizitza hobetzeko akordioak lortzeko ahaleginak areagotuz”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

Idazkari nagusiak adieraz bezala, “CONFEBASKek eta CENek badakite zer izango dute aurrean, badakite ezingo dituztela legez ezarri dituzten aukera guztiak nahi bezala erabili, badakite langileen eskubideei erasotzen dietenean erantzun sindikala eta soziala izango dutela”.

Eta aurre egitea eta erreforma ez aplikatzeko borroka harago, lan harremanak eraldatzeko lan egingo dugu: “Helburua da lan-harremanak eraldatzea, alderdien arteko oreka berreskuratzea, erreforma egin ondoren ezarri den eredua iraultzea eta lan duina bermatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.