2024-11-22
HomeMaiatzaren Lehena 2015LANGILEOK BORROKAN Euskal Herria aldaketa bidean

LANGILEOK BORROKAN Euskal Herria aldaketa bidean

Nork esan zuen ezinezkoa zela? Euskal Herria aldaketa bidean da, borrokan garen langile guztioi esker. Lantokietan irekitako hamarnaka gatazketan lan eskubideen eta eskubide sozialen defentsan jarraitzen dugu. Borrokak egin gaitu, borrokan jarraitzen dugu, eta hain zuzen ere aurtengo Maiatzaren Lehenean borrokan diren langileen protagonismoa eta ekarpena aitortu eta aldarrikatuko dugu. 

Euskal langileon kontrako erasoaldia ez da baretu. Lantokian zein kalean, eskulotuta eta mutu, eskubiderik gabeko herritar nahi gaituzte. Finantza sistemak eta multinazionalek erabakitzen dituzte gaur politikak, lan merkatua desarautu dute, prekarietatea, langabezia eta pobrezia izurrite bilakatu dituzte. Langile borrokari esker ez balitz, oihaneko legea kapitalarentzat eta basamortu gorria langileontzat, besterik ez genuke izango.

Borroka sindikalaren premia gaur inoiz baino ageriagokoa da. Euskal sindikalgintzak harresia jarri dio euskal langileen kontrako oldarraldiari. Eta, gainera, ez gara horrekin konformatu. Bestelako eredu sozial, politiko eta ekonomikoa aldarrikatzen dugu, eta alternatiba horren eraikuntza gaurdanik martxan da.
Maiatzaren Lehena beti da garrantzitsua sindikatuarentzat. Aurtengoa berezia dugu, LABen sorreraren 40.urteurrena ospatzen ari garelako. Egindako ibilbideak eman digun eskarmentutik eta aurtengo hauteskunde sindikaletan lortutako babesaren bultzadarekin, etorkizunera begira jartzeko unea dugu orain. Eta tamainako erronka dugu esku artean: eredu sindikalaren eztabaida, Euskal Herriak behar duen sindikalgintza eredua finkatu eta gauzatzeko.

Arduraz, konpromisoz eta ilusioz, bidea egiten jarraitzea dagokigu. Langile guztien defentsa da gure eginkizun behinena, eta horretarako lantokietan zein kalean, borrokarako eskaintza eta proposamen eraginkorrak egiten jarraitzeko konpromiso irmoa dugu.

Munduko militantziarik onenarekin, eta milaka euskal langile borrokalariren indarrarekin, lortuko dugu.

Gora langile borrokalariak!
Gora LAB!

 

MAIATZAREN LEHENA
LANGILEOK BORROKAN
Euskal Herria aldaketa bidean

ESKUORRIA [EUS] [ES]
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.