2024-11-22
HomeEkintza SozialaKutxabankek putre-funts bati saldutako kredituen operazioak galerak eragingo ditu

Kutxabankek putre-funts bati saldutako kredituen operazioak galerak eragingo ditu

Joan den urteko ekainaren amaieran ELAk eta LABek salatu genuen Kutxabankek ezkutuka erabaki zuela milaka kreditu eta mailegu kontu putre-funts bati saltzea. Orain bere garaiko kritikak berresteaz gainera, ezagututako datu berrien ondorioz are okerragoa dela gertatutakoa salatu nahi dugu.

Salaketa plazaratu genuen egun berean Kutxabankek erantzun beharrean ikusi zuen bere burua; egitateak berretsi zituen, baina datu konkreturik ez zuen eman. Argudio bakarra zeukan: honelako operazioak bankuetan ohikoak direla. Hots, Kutxabankek bere erabaki erabat okerra justifikatzeko besteen hankasartzeak ere baliatu nahi ditu.

Gero jakin zen Kutxabankek IDR Finance Ireland funts irlandarrari 340 milioi euroko balio nominala zuten kredituak 5 milioitan saldu zizkiola (alegia, maileguak balio nominalaren %1,5ean saldu zituela).

ELAk eta LABek salatu genuen orduan operazio hau Kutxabanken kalterako izango zela, ikuspuntu ekonomikotik.

Orain bere garaiko kritikak berresteaz gainera, ELAk eta LABek salatu nahi dugu ezagututako datu berrien ondorioz are okerragoa dela gertatutakoa:
• Berankor gisa saldu ziren kreditu asko ez ziren halakoak; izan ere, bernegoziazio baten ondoren ordaintzen ari ziren. Putre-funtsak bide honetatik dirutza jasoko du (ziurrenik orduan ordaindu zituen 5 milioi euroak baino gehiago). Gainera, diru hau zuzenean Euskal Herritik kanpora joango da, eta gure sare ekonomiko eta sozialean ezin izango du eragin positiborik ekarri.
• Kutxabank zorraren erreklamazioa kasu batzutan kanpoko abokatu eta prokuradoreen bitartez kudeatzen ari zen; putre-funtsari egindako mailegu berankorren salmentak bulego haiekiko zorrak ekarri ditu. Uneotan dagoeneko 5 milioi euroko erreklamazioak pilatu dira, eta negoziatzen ari dira. Edonola ere, ondoriozta daiteke eragin ekonomiko handia izango dutela.

ELAk eta LABek egiaztatu dugu putre-funtsari maileguak saltzea operazio oso txarra izan zela, eta Kutxabankek dirua galduko duela. Berebiziko hankasartzea izan zen, ikusten ari denez.

Beraz, operazio hori pentsatu eta erabaki zutenek dagozkien ardurak hartu behar dituzte beren gain.

Halaber, ELAk eta LABek berriro diogu Kutxabanken pribatizazio prozesua bertan behera utzi behar dela, eta konpromiso bat exijitzen dugu: Erakundearen akzio bat ere ez dela akziodun pribatuen esku jarriko. Euskal finantza-sistema publiko baten alde gaude, zeinaren eginkizuna tokiko aurrezkia kudeatzea izango den, herritarren eta euskal ekonomiaren zerbitzutan jartzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.