2024-11-22
HomeEkintza SindikalaHauteskunde SindikalakLABek Jaurlaritzako hauteskunde sindikalak irabazi ditu lehen aldiz #gukLABekinBat

LABek Jaurlaritzako hauteskunde sindikalak irabazi ditu lehen aldiz #gukLABekinBat

Atzo hauteskunde sindikalak egin ziren EAEko Administrazio Orokorrean eta LAB lehen indar bezala atera da ikuspegi guztietatik. Ordezkaritzan igotzen den sindikatu bakarra da (Bizkaian eta Araban bat gehiago), errolda dezente jaitsi bada ere, boto kopurua nabarmen igo du LABek, 51 boto gehiagorekin. Emaitza hauek argi uzten dute langileek LABengan duten konfidantza eta babesa. Administrazioak inposatu nahi duen ereduaren aurrean Euskal Herriarentzat Sistema Publikoaren alde benetako konfrontazioa egiten du LABek hitzez eta ekintzez, koherentziaz.

Lehen aldiz LAB Eusko Jaurlaritzako hauteskunde sindikaletan lehen indar bezala kokatzen da.

Bataz besteko %55 parte hartzearekin eta Bizkaian %60ra igotzen den esku hartze nabarmen batekin, Eusko Jaurlaritzako hauteskunde sindikalek LAB Euskal Administrazio Orokorreko lehenengo indarra bilakatu dute, ELA bigarren postuan geldituz. Bere aldetik CCOOk emaitzak errepikatu ditu eta UGTk delegatu bat galdu du.

Emaitza hauek azken lau urteotako lan iraunkor baten emaitza dira. Zentzu honetan, hain beharrezkoak diren zerbitzu publikoak bermatuko dituzten kalitatezko enplegu publikoaren sorrera gure lanaren ardatza izan dira. Horren erakusle izan dira Lan Poltsetako langileak egun pertsonal funtzionarioa betetzen duten lanpostuetara iritsi ahal izateko Enplegu Planaren aldeko mobilizazio eta negoziazioak. Era berdinean, Euskal Administraziora sartu ahal izateko beharrezkoak diren behin behineko lanpostuen kontsolidazioa defendatu du.

Gure ustez emaitza hauek azken urteotan langile publikook pairatu ditugun etengabeko murrizketen aurkako borroka saritu nahi izan dute, soldaten murrizketa eta izozketetatik hasita, jada milaka lanpostu suntsitu dituen lan jardunaldiaren luzapenetik jarraituta, PSE-EEren gobernuaren eskutik hasieran eta PNVk Urkullu eta Erkorekaren eskutik geroago garatutako bajen penalizaziora arte.

Baina batez ere atzoko egunak utzitako sakoneko esanahi politikoaren irakurketa egin behar delakoan gaude. Atzokoan LAB Eusko Jaurlaritzako hauteskunde sindikaletan lehenengo indar bezala uzten duten emaitzei azken asteotan irakaskuntza publikoan, Euskal Herriko Unibertsitatean, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan edota Nafarroako Administrazioan bertan, non orain dela lau urte jada lehenengo indar bezala egonkortu zen, lortutako emaitzak gehitu behar zaizkie. Zentzu honetan ez dugu uste kasualitatea denik LAB herri honetako administrazio publiko nagusietan lehenengo indar bezala kokatzea.

LABek kalitatezko zerbitzu publiko batzuen alde, herritarren eskubideak bermatuko dituzten enplegu publikoen sorreraren alde, murrizketa laboral eta sozialetan oinarritutako politika publikoen salaketa eta, funtsean, erabakitzeko gaitasuna izango duen euskal sektore publiko berriaren aldeko hautua da langile publikoek babestu dutena, LABi bere bozka emanez.

Hurrengo lau urteetarako, LABek eskua luzatuta izaten jarraituko du zentzu honetan aritzen diren sindiakatuei.

LABek PNVren Gobernuari ohartarazi nahi dio bertako langileek eta hautestontziek babestu egin dutela bidezko edukiak izango dituen akordioen aldeko hautua; eta mobilizazioa Gobernuak behin behineko langileen kaleratzean, zerbitzuen pribatizazioan, ordezkapenak lehenengo egunetik ez badira betetzen eta sektore publikoaren aurkako erasoetan tematuta jarraitzen badu.

LABek langileei eskerrak eman nahi dizkie erakutsitako babesagatik eta bere gain jarritako itxaropenei kale ez egiteko konpromisoa bere gain hartzen du.

LAB Eusko Jaurlaritza

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.