2024-07-07
HomeEkintza SindikalaEAEko errestaurazio kolektiboko hitzarmenaren mahaia blokeatuta

EAEko errestaurazio kolektiboko hitzarmenaren mahaia blokeatuta

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

ELA eta LAB sindikatuek EAEn -Errestaurazio Kolektiboaren sektoreko ordezkarien % 83rekin- Euskal Ostalaritza Federazioaren eta Estatuko patronalaren ezezkoarekin egin dute topo: sektorerako hitzarmenerako negoziazio mahaia eratzeko bilera egiteari uko egin diote.

Kolektibitateetako enpresek eta Euskal Ostalaritza Federazioak ezezko borobilarekin erantzun diote mahaia irekitzeko aukerari. Uste dute EAEko egungo Ostalaritzako Esparru Akordioak dagoeneko arautzen duela probintzia bakoitzeko Ostalaritzako hitzarmenen esparruan kolektibo hori, eta, gainera, ulertzen dute ez direla betetzen baldintza legalak sindikatuen asmoei erantzuteko, lan erreforman jasotakoaren arabera.

Bestalde, Estatuko patronalek, Food Service Españak, uko egin diote mahaia osatzeari, eta, Euskadiko Federazioak bezala, esan su planteamenduak ez duela legezkotasun babesik, lan erreforman oinarrituta, negoziatzeko eta aplikatzeko lehentasuna lehendik dagoen estatuko hitzarmenak duela ulertuta.

CCOOk egungo negoziazio esparrua eta Estatuko Hitzarmena defendatu du, eta UGTk EAEko hitzarmena negoziatzeko asmoa agertu du.

ELAk eta LABek negoziazioaren euskal esparrua defendatzen jarraituko dute, ulertzen baitute Errestaurazio Kolektiboko hitzarmenaren negoziazioa parte hartzaileen borondatearen mende dagoela soilik, eta ez patronalak erabili nahi dituen ustezko ilegaltasunen mende, eremu bakar bati, Estatukoari eusteko helburuarekin.

Egungo egoera Zapateroren eta Rajoyren gobernuek onartutako lan erreformen isla da, egungoak aldatuko ez duena. Horregatik, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak dakarrenaren beste adibide bat da; izan ere, patronalen diru goseak eta CCOO eta UGT sindikatuen premia zentralistak eraginda, milaka langilek ezin dute erabaki nork ordezkatzen dituen eta non negoziatzen den, lan baldintza prekarioak pairatuz.

ELA eta LABentzat lan erreformak ezin du jarraitu Estatuko hitzarmenen lehentasunari eta hitzarmen horiek langileentzako dakarten prekarietateari babesa ematen, eta erreforma horiek berehala aldatzea eskatzen dute, euskal esparruan negoziatzea lehenetsiz, lan baldintzak hobetzeko berme gisa.

ELAk eta LABek beharrezko urratsak egiten jarraituko dute negoziazio hori errealitate izan dadin, eta dei egiten diete sektoreko langile guztiei urtarrilaren 30ean mobilizatzera, beren lan baldintzak defendatzeko, lan erreformaren eta erreformaren aldaketaren aurka.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mecanerretik makinak ateratzen hasi dira, eragileok eskaturiko alternatiba aztertu barik

Urdulizko lantegiaren etorkizuna bermatzeko trantsizio ekosozialaren aldeko eragileok mobilizazioa egin dugu gaur fabrikaren aurrean.

Hezkuntza Sail berriari eskatzen diogu kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta akordio laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu genuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

EAEko osasun garraioa publifikatu behar dela aldarrikatu dugu

Araban eta Bizkaian diharduen La Pau enpresak indarrean dagoen hitzarmena betetzeari utziko diola iragarri duenetik ziurgabetasuna da nagusi langileen artean. Gasteizen mobilizazioa egin dugu gaur, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren aurrean.