2024-11-25
HomeEmakumeakMartxoak 8LAB emakume helduen eskubideen defentsan

LAB emakume helduen eskubideen defentsan

Martxoak 6an, LABeko pentsiodun eta emakumeek elkarretaratzea burutu zuten Diputazioaren aurrean adineko emakumeengan eragiten duten hiru faktore salatzeko: Emakumeon prekarizazioak eta pobretzeak autonomiaz bizitzeko gaitasuna kolokan jartzen dute, Osasuna gero eta gehiago kostatzen zaigu eta emakumeen osasun egoera gizonezkoena baino txarragoa da eta Pentsiodun eta adineko emakumeok arrisku handiagoa dugu bizi kalitatea galdu eta tratu txarrak jasateko. Egoera hau aldatzeko, Nafarroako Gobernuari hartu beharreko hainbat neurri helarazi dizkio LABek.

Martxoak 8. Nazioarteko Emakumeen Eguna

Martxoaren 8 berri baten atarian gaude. Aldarrikapen egun honetan, LABeko pentsiodun eta adineko emakumeok gure ahotsa ozen altxatu nahi dugu.

Gure ahotsa ozen altxatu nahi dugu esateko, mundu gupidagabe honetan, atzera begira jartzen garenean hainbat irudi nabarmentzen direla: emakumekok berotasuna, goxotasuna, gure etxekoen janari izan gara. Langabezian dauden gure seme-alaben barrikada izan gara, zaintzaile, bizitzaren egile. Gure esku zailduek zoruak garbitu dituzte, pertsonak zaindu. Borrokatu behar izan gara, askotan arrakastarik gabe, enpresen ateak irekitzeko. Kondenatu gaituzte lan beltzera edo soldata baxuetara. Jasan behar izan dugu haien mozkinak gure eskubideen gainetik lehenetsi zituztenen boterea, baita “emakumeak etxean eta gizonak kalean” agintzen zutenen boterea ere. Gauzak horrela, jubilaziora iritsi gara eskubide gutxiagorekin eta gure lanaren balio erabat mespretxatuta.

2015eko martxoaren 8 honetan, hiru gai azpimarratu nahiko genituzke, Nafarroako pentsiodun eta adineko emakumeongan eragin zuzena dutenak: 
1. Prekarizazioa eta pobretzeak autonomiaz bizitzeko gaitasuna kolokan jartzen digu.
2. Osasuna gero eta gehiago kostatzen zaigu.. 
3. Adineko tratu txarrak eragiten dituzten faktoreen zabaltze kezkagarria. 

1. EMAKUMEON PREKARIZAZIOAK ETA POBRETZEAK AUTONOMIAZ BIZITZEKO GAITASUNA KOLOKAN JARTZEN DIGUTE

1.1 Emakumeen eskubide ekonomikoak jubilazioan urritzen dituzten lan bizitzak
• Langabezian diren 100 gizoneko, 110 emakume egoera berean daude (EPA) 
• Kontrato partziala duten 100 gizoneko, badira 380 emakume egoera berean (EPA).
• Merkataritzan, ostalaritzan edo zerbitzu pertsonaletan aritzen diren 100 gzoneko, 198 emakume daude (EPA)
• Nafarroako emakumeen soldatak, bataz beste, gizonekoen %72 dira (Encuesta Anual de Estructura Salarial)

1.2 Pentsiodun eta adineko emakumeak pobreagoak gara
• Emakumezkoen bataz besteko pentsioa gizonezkoena baino %42 txikiagoa da (Ministerio de Empleo y Seguridad Social, 2014). h humillaciónumillación
• Nafarroan 29.551 alargun pentsio daude. 10 etik 9 emakume dira, eta batz beste, 676,46 euroko pentsioa jasotzen dute. (Ministerio Empleo y Seguridad Social, 2014)
• Pentsio ez kontributiboak (342,95 euro): Nafarroan 1676 daude, %78,99 emakumeak dira (Ministerio Empleo y Seguridad Social, 2014)
• Emakumeen artean dagoen pobreziaren arriskua %19,6koa da. Aldiz, gizonezkoen artean %14,3koa da (Instituto Estadístico de Navarra, IEN) 
• Salatzen dugu espetxetik ateratako emakumeen egoera. Babes sozialerako eskubidea ukatu egiten zaie, miseria gorrienean utziz.

2. OSASUNA GERO ETA GEHIAGO KOSTATZEN ZAIGU ETA EMAKUMEEN OSASUN EGOERA GIZONEZKOENA BAINO TXARRAGOA DA
• Emakumeen osasunaren pertzepzioa gizonezkoena baino dexente okerragoa da: haren osasuna txarra edo oso txarra dela esaten duten 100 gizoneko, 163 emakumek diote gauza bera (Encuesta Condiciones de Vida, IEN, 2012).
• Adineko emakumeok Nafarroako Gobernuaren berrordainketaren biktima nagusiak gara: 417 botika prestazio farmazeutiko publikotik kanpo geratu dira, botiken %100 ordaintzeko behartuz; horretaz gain, orain pixohialen berrordainketa ezarri digute,…
• Salatu nahi dugu gure aho-hortzetako osasuna laguntzeko programen eta babes ekonomikoen falta, eragin oso kaltegarriak dituena errenta baxuen duten adinekoengan. 
• Osasungintzan izandako murrizketek, bereziki Lehen Arretan, kalte egiten digute. Osasunaren prebentzioa eta promozioaren inguruko ekimen koordinatuen gabeziak, osasun zein zerbitzu sozialetan, zailtzen du zahartze osasuntsua.

3. PENTSIODUN ETA ADINEKO EMAKUMEOK ARRISKU HANDIAGOA DUGU BIZI KALITATEA GALDU ETA TRATU TXARRAK JASATEKO
• Ezkututako errealitate baten aurrean gaude, eta somatzen da beldurra hori agerian jartzeko. Uste dugu izeberg baten punta baino ez dela antzematen, eta tamalez, badira egoerak oso erraz toleratzen direnak adinekoekiko, inondik ere onargarriak izanen ez liratekeenak beste adin-taldeekin: utzikeria tratuan, intimitatearen urratzea, lesioak, behartutako elikatzea, botien erabilera ez egokia, irainak, isolamendua, ezaxolatasuna, hitz egiteari utzi, elikaduran eta garbiketan utzikeria,… Etxeko tratu txarrak eta tratu txar sozial eta instituzionalak izan badira..
• Herrialde ezberdinetan egindako hainbat ikerketetan egoera hau islatzen da. Zaindutako pertsonen herena tratu txarrak jasateko arriskuan dago (Instituto de Investigación en Atención primaria, IDIAP 2014). Ez da ahaztu behar zaindutako pertsonen %65 emakumezkoak direla. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tratu txarrak jasan ditzaketenak adinekoen %2 dira. 
• Ikus dezakegu Nafarroako Administrazioaren utzikeria eta arduragabekeria gai honetan horri aurre egiteko jarduteko programen faltan. Are gehiago egoera sozial honetan bi elementu kezkagarrik bat egiten dutenean. Alde batetik, bizi-baldintzen okertzea dugu ( ekonomiko zein laneko ez egonkortasuna, zaintza eta lana bateraezin bihurtzen dituzten erritmoak, stress familiarraren areagotzea). Beste aldetik, errekurtso sozialen urritasuna (mendekotasunaren murrizketan, baliabide komunitarioen falta, langile gutxi zerbitzu sozialak eta zahar etxeak kalitatez atenditzeko) girorik onena da tratu txarrak gertatzeko. 

Beraz, LABeko pentsiodun eta adineko emakumeok Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu:

• Gure lanaren eta ekarpenaren onarpen sozial eta ekonomikoa.
• Neurriak hartu, konpetentzialak edo konpentsatorioak, pentsio bakar bat ere ez (alargun pentsioak barne) 1000 eurotik behera egon ez dadin duintasunez bizitzeko helburua bete ahal izateko. 
• Eskatzen dugu preso izandako emakumeek ere pentsio duina izateko eskubidea izan dezaten.
• Eskatzen dugu Mendekotasun eta Autonomia pertsonalerako lege propio bat, inolako murrizketarik gabe aplikatzekoa. Nahi dugu bizi gure ohiko ingurunean etxebizitza duinetan, eta behar izanez gero, kalitateko etxebizitza tutelatu eta zahar etxeetan, kopago ilegitimoak eta injustuak ezabatuz.
• Botiken eta pixohialen berrordainketak bertan behera utzi, eta laguntza ekonomikoa eskatzen dugu gure aho-hortzetako osasuna zaintzeko orduan desberdintasunik ez izateko.
• Ozen eta irmo eskatzen dugu gure kontrako edozein eraso, agresio, umilazio eta mespretxu errotik desagertarazteko.
• Nahi dugu aktiboki parte hartu eta erabaki gure etxeetan zein kalean.

Gure eskubideen alde borrokan tinko!

Martxoaren 8 honetan, bat egiten dugu gure herriko zein munduko emakume guztiekin, indarkeria jasan, bizi baldintza mixerableak pairatu eta askatasunik gabe daudenekin.

Bertan bizi, bertan erabaki! Gora Borroka feminista!!!!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.