2024-11-22

DBUSen ere euskaraz

Azken egunotan, berriz ere, Dbus eta euskararen arteko aferak lekua hartu du donostiarron ahotan. Berriki ezagutu ahal izan dugun epaiak azken langile-poltsa bertan behera utzi du. Eta halabeharrez, langileok ezin ditugu metatuak ditugun orduak erabili, gure ordez lan egingo duenik ez baita etorri. Hala ere, ez da egia gure atseden egunak desagertu direnik, otsailaren 4ko Dvk zekarren bezala. Ez dakigu gipuzkoarron artean gure gremioaren inguruko ospe txarra hedatu nahian dabilen egunkari horrek bidaiarien urduritasuna ere elikatu nahi ote duen, behar bezala atseden hartu ez duten gidarien eskuetan leudekeela idatziz. Eta horren guztiaren errudun, nola ez, euskara, koofizialtasun asimetriko bateko alde txikitua.

Ez dugu ahaztu behar egungo lege arkitektura erdararen gozamenerako eraikia dagoela. Bertan, gaztelera da guztiok derrigor ezagutu beharrekoa, euskara, jakiteko eskubidea hutsa dugun hizkuntza den bitartean, hots, hautazkoa. Bi hizkuntzak ezagutu beharrekoak ez diren bitartean, ezin simetriarik egon. Simetria horrek soilik dakar ofizialtasun bikoitza eta ez gaur egungo sasi-koofizialtasunak.

Arestian aipaturiko media idatzi berberak zioenari aurre eginez, ez da egia aurreko urteetan buruturiko deialdietan euskararen erabilpena ziurtatzen zenik gidari berrien ahotan. Are gehiago, euskarari zegokion ariketa egin gabe utzita ere, azterketa gainditzea posible zen. Gezurra gezurraren atzetik, Donostiako autobus gidariaren irudi euskaldunago bat bilatu nahi duen edonor edota edozerren kontra.

Arreta publikoa eskaintzen duen langilea euskaratik gertuago jartzearen azken xedea ez da euskara ezagutzen ez duen pertsonak lan-poltsaren deialditik at uztearena, bidaiarien hizkuntza eskubideak bermatzearena baizik. Eta Dbuseko LABek zentzu horretan egingo du lan.

Aipaturiko azken ideia honekin loturik, gogoraraztekoa dugu otsail hasierako epai horrek ez duela bertan behera gelditu den deialdiaren deuseztapenaren ziotzat euskara aipatzen, deialdia bera gauzatzeko orduan buruturiko prozedura baizik. Gauzak ongi eginak daudenaren seinale.

Bukatzeko, Dbuseko erabiltzaile oro, bere eskubideak defendatzeko hautua egin dezan gonbidatzen dugu; eskubide guztiak, hizkuntza eskubidea barne. Haien eskariak Donostiako autobus zerbitzua hobetzeko gakoa baitira, euskararen normalizazioan barne. Gidariari ere, lehen hitza euskaraz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.