Lan erreforma desberdinen ondorioz, hau da erabaki politikoen ondorioz, ia erabateko aldebakartasuna eman zaio patronalari, negoziaizo kolektiborako eskubidea indargabetua izan da eta lan munduan orain arte zeuden oreka apurrak apurtu egin dira patronalaren mesedetan. Honen emaitza da, prekarietatearen zabalkundea eta lan kostuen merkatzearen bidez, gutxi batzuen irabaziak bermatzen direla.
Milaka eta milaka dira azpikontratatutako zerbitzuetan lan egiten dutenak, gehiengoa emakumeak (zerbitzu soziokomunitarioetan, garbiketan, lorezaintzan…). Instituzioen aldetik dagoen gardentsaun falta salatu behar da, ez dagoelako zenbat langile diren zenbatzeko modurik, datuak duen garrantziarekin.
Krisi aurreko urteetan, sektore publikoa ahuldu eta zerbitzu publikoak izan beharko luketenak enpresa pribatuen esku uztea erabaki zen. Azpikontratazioa eta pribatizazioa izugarri hedatu zen. Diru publikoa enpresa pribatuetara desbideratu da eta honek ondorio kaltegarriak izan ditu azpikontratetan ari diren langileentzat, prekarizazioa hedatu delako eta ondorioak izan ditu, zerbitzu pulbikoak kaltetuak izan direlako.
Erabaki politikoek ekarri gaituzte hona eta egoera honi buelta emateko erabaki politikoak behar dira. Horregatik, eragile politikoak zuzenean interpelatu ditugu, neurri zehatzak eskatu dizkiegu.
LABen ustez, kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustu argia egin behar da. Honek eskatzen duena da zerbitzuen merkantilizazioarekin amaitzea. Gure ustetan beharrezkoa da, langileen eskubideak errespetatu eta kalitateko zerbitzua emango duen sektore publikoaren aldeko aptstua egitea, honek pribatizatua dagoena publifikatzea eskatzen duelarik.
Bereziki lan erreformak sortutako egoera berriaren aurrean eta zerbitzu publiko sendoak eraiki bidean, bitarteko tresna moduan eta azpikontratetako langileengan erreformaren ondorioak saihesteko, mozioak sartu ditugu baldintza pleguetan klausula sozialak sartzea aldarrikatuz.
Klausula sozialetan ondorengo aldarrikapenak sartzen ditugu:
• Langileen subrogazioa betetzeko neurriak eskatuz.
• Lan hitzarmena ez betetzeko aldebakarreko prozedurarik ez erabiltzeko eskatuz.
• Enpleguaren defentsa: lanpostuak mantendu, zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren gutxieneko langile kopurua bermatu, ordezkapenak egingo direla ziurtatu, etab.
• Lan osasun, aukera berdintasun edota hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen.
• Baldintza hauek betetzen ez dituztenei isunak jartzeko aukera. Hau guretzat oso garrantzitsua da, bestela aldarrikapenak literatura hutsean geratzen direlako.
Egondako iniziatiba politikoak
Eragile politikoekin bilerak egin ditugu eta ezin esan, guztien aldetik erantzun berdina jaso dugunik. Hainbat kasutan mozioak oraindik eztabaidatzeke daude baina momentura arte instituzio nagusietan hartu diren erabakien balorazio bat egin dezakegu.
• EAEko parlamentua. ELAren Herri Ekimen Legegilea tramitazioan dago. Orain ekarpenak egiteko epea zabaldu da. LABek ere mozioa sartua du. Gure ustez EAEn aukera paregabea dago Nafarroan onartu den legea baino haratago joateko eta zintzilik geratu diren gaiak lotzeko. LABek ekarpenak egin dizkio atzo bertan ELAk aurkeztutako eskaerari, guretzat jorratu beharreko hainbat gai ez zirelako beraiek eginiko planteamenduan sartzen.
• Gipuzkoako Foru Aldundia. EHBilduren ekimenez, hau da, iniziatiba politikoz, bi Arau Foral onartu dira norabide honetan. Lehenengoa eraikuntzarako izan zen, Bildu, Aralar eta PSEk onartu zutena, errekurritua izan zena eta orain epaitegiek ontzat eman dutena.
Bestea orokorra izan da, azpikontratetan lan egiten duten gainerako langileentzat. Ahobatez alderdi politiko guztiek onartu zuten, prozesuan sindikatuak entzunak izan gara eta Nafarroan onartu dena baina askoz osatuagoa da, LABen aldarrikapenak bertan jasoak daude.
• Bizkaiko Foru Aldundian, Arabakoan, Bilboko udalean edota Gasteizkoan, gehiengoa osatzen duten PNV–PSE–PPk ez dituzte erabaki politikoak hartzen eta guk sarturiko mozioei ezetza eman edota kasurik hoberenean eztabaidak atzeratzen ari dira. Ez dute dagokien ardura instituzionala bereganatzen. EHBildu izan da erakunde hauetan, eragile politiko bakarra, prestasuna eta konpromisoa agertu duena gai hau aldarrikatzeko eta lantzeko.
Aurrera begira
Honekin batera Nafarroa eta EAEko legebiltzarretan eskaerak sartuko ditugu, azpikontratatako langile kopurua eta hauen lan baldintzak jasoko dituen erregistro publiko bat egin dezaten.
Hauteskunde zikloan sartzen gara eta alderdi politiko guztiei, kontratu publikoetan klausula sozialak sartzeko deia luzatzen diegu. Hauteskunde programetan gaia kontuan har dezatela eskatzen diegu eta beraiengana zuzentzen gara, nahi izanez gero gure proposamenak aurkezteko bilerak egiteko gure prestasuna azalduz.