2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakEAEko Hezkuntza Sailak ez ditu ikasle zaurgarrienen beharrak asetzen

EAEko Hezkuntza Sailak ez ditu ikasle zaurgarrienen beharrak asetzen

EAEko ikasle zaurgarrienak eta euren familiak behar duten arreta ez direla jasotzen ari salatzen dugu LAB sindikatutik. Urtea hasi denetik, Heziketa Berezian eta Haurreskolak Partzuergoan, hamarnaka dira betetzen ez diren ordezkapenak. 2018tik ordezkapenak lehen egunetik betetzea adostua dagoen arren, Hezkuntza Sailak ez du neurri hori betetzen.

Heziketa bereziaren kasuan, arazorik larriena Bizkaian dago. Gaur egun, 10 eskola baino gehiagotan falta dira Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, hau da, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleei arreta ematen dieten langileak. Hutsune hau ez da egun bakarrekoa eta, ondorioz, egunetik egunera eskoletako egoera okerrera doa. Bertan dauden gainontzeko hezitzaileen lan-zama izugarri handitzen ari da eta ezin dute lana normaltasunez aurrera atera. Hori dela eta, lanaren kalitatea eta hain garrantzitsua den inklusioa kinka larrian jartzen ari da.

Horrez gain, ikasturtea hasi denetik EAEko hiru lurraldeetan Zeinu Hizkuntzako Interpreteen falta ikaragarria da. Gipuzkoan 68 egunez ez da Zeinu Hizkuntzako Interpreterik egon; Araban 240 egunez, eta Bizkaian 156 egunez. Okupazio Terapeuten eta Fisioterapeuten ordezkapenetan ere huts egiteak nabarmenak izaten ari dira. Araban, adibidez, urritik gaur egunera arte Okupazio Terapeuta baten hutsunea dago.

Haurreskolak Partzuergoan, ordezkapenak eskatzen direnean erantzuna da zentroaren egoera aztertu dutela eta, ondorioz, ez dutela ordezkapena beteko, edo haurren matrikula kopurua igo eta aurreikusita egon behar ziren kontratazioak momentuz ez direla indarrean jarriko. Ordutegia bete ahal izateko, kasuren batean, aparteko orduak egitea edo familiei haurrak haurreskolara ez eramatea proposatu da zerbitzua bermatzeko hezitzailerik ez zegoelako.

Egun dagoen ordezkapen kopuruak banatzeko, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetako eta Haurreskolak Partzuergoko kudeaketa arloko langileen eta baliabide materialen falta oso handia da. Bizkaiko lurralde ordezkaritzan ez dago lan hori aurrera eramateko langilerik, eta beste bietan lan-zama izugarria dute eta kaosetik oso gertu gaude.

Hezkuntza Sailak, batetik, ez du egoera aurreikusi, eta, bestetik, ordezkapenak kudeatzeko irakasleekin erabiltzen duen programa informatikoa oraindik ez du martxan jarri gainontzeko kolektiboetan.

Jaurlaritzak egun daukagun egoera aintzat hartu eta Hezkuntzara diru gehiago bideratu behar du. Kalitatezko euskal hezkuntza sisteman, aurrez aurreko eskolak bermatzeko, langile-kolektibo guztietan beharrezkoak diren neurri guztiak jarri behar dira. Inklusioa, zaintza, hezkuntza, kontziliazioa… ez daitezen hitz politetan gelditu!

Eta administrazioari ohartarazten diogu egoera konpontzen ez bada, mobilizazioetara jotzea baino ez zaigula geratuko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.