2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaGazteontzako Lan Eskubideen Gida zabaltzeko ekimena Bilbon

Gazteontzako Lan Eskubideen Gida zabaltzeko ekimena Bilbon


Herrikolore

LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak lan baldintza duinen gida zabaltzeko ekimen informatiboa egin zuten Bilbon. Burger King baten aurrean egin zuten ekimena,  gazteriaren lan baldintza prekarioen erakusleetariko bat delako enpresa multinazionala.

Oraina garelako

Krisiaren aitzakipean aurrekaririk gabeko erasoak jasaten ari gara: lan baldintzen okertzea, ikasteko zailtasunak areagotzea, politika sozialetan murrizketak… Egoera honen elite erantzuleen mesederako neurrien bitartez langile klasearen eta bereziki gazteon prekarietate egoera betikotu nahi dute. Are gehiago, geratu zaizkigun apurrengatik eskerrak ematera kondenatu nahi gaituzte.

Barneratuta daukagun indibidualismoak arazoen aurrean bakarrik eta defentsarako modurik gabe gaudela sinetsaraztera garamatza. Hori dela eta, langile eta gazte antolatuek egoera iraultzeko beharrezkotzat jo genuen gure indarrak batzea. Aliantza honen lehen emaitza Gazteon Lan Eskubideen Gida izan zen eta borroka tresna horretan oinarriturik aurrerantzean borrokari helduko diogu elkarrekin.

Unea orain da. Dagozkigun eskubideen berri izan, elkar ezagutu eta norabide berean bultzatuz…

EKIN BORROKARI


Burger King esplotatzaileak
Denok dakigu zein den euskal langileriak gaur egun bizi dugun egoera. Erasoak toki guztietatik datozkigu: inposaturiko lan erreformak, gure eskubideen urraketak… Langileria osoak bizi dugu egoera hau, baina argi dago gaur egun kaltetuenak gazteak direla.

Euskal gazteriak sufritzen ditu prekarietate gordinena, langabezi tasarik altuenak… Horregatik LAB eta ERNAIk bat egitea erabaki dugu. Horretarako Gazteentzako lan eskubideen gida atera dugu eta gaurko mobilizazioarekin hau banatu eta gazteen egoeraren arduradun zehatzak seinalatu nahi ditugu. Gazteen esplotazioan oinarritu dute beraien etekinak, baina antolatzen, informatzen eta borrokarako prestatzen bagara, kendu nahi dizkiguten eskubideak bereganatzeko gai izango gara.

Burguer King bezalako enpresek (49,4 milioi euroko etekinekin) baita ere Mc Donalds, Pans and Company, Telepizza, Bocatta eta beste batzuk, gazteen esplotazioaz baliatzen dira haiek aberasteko, pairatzen duten prekarietatearen erantzule ere badira. Lanaldi partzialeko lan kontratuak, kaleratze eta argudiorik gabeko zigorrak, eskubideen urraketak, hitzarmen kolektiboa nahi duten bezala aplikatzea (estatala, etxera eramateko sukaldatutako produktuak lantzen dituztenena, 5,28 euro/orduko soldatarekin, dena barne), sindikalgintzaren kontrako jarrera, behin-behinekotasuna… eguneroko kontuak dira enpresa hauetan. Honi aurre egiteko batu gara LAB eta ERNAI.

Langileon borroka antolatuaz lortu ziren gaur egun lapurtu nahi dizkiguten eskubideak, baina egoera hau iraultzeko hautua egin dugu, eta langile guztien antolakuntza eta borroka da bidea.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.