2024-11-23
HomeEkintza SindikalaGrebara deitu dugu Bizkaiko helduen egoitzetan datorren otsailaren 8rako, lan-baldintzak sektore publikokoekin...

Grebara deitu dugu Bizkaiko helduen egoitzetan datorren otsailaren 8rako, lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzea eta ratio duinak eskatzeko

Bizkaiko egoitza pribatuetako egoerak jasanezina izaten jarraitzen du, zaintza lanen pribatizazioak miseria baino ez dakarkie langileei eta egoiliarrei. Egoitzen egoerak okerrera baino ez du egiten; egunez egun, langileen lan- eta bizi-baldintzek ez dute hobera egiten, eta horrek eragin zuzena du egoiliarrengan. Zaintza lanak negozio bat dira, enpresek dirua irabazten dute erabiltzaile-plaza berri bakoitzarekin, eta Aldundia da gurpil horren arduraduna, gutxi batzuk aberastu eta sektoreko 5.000 langile baino gehiago prekarizatu eta esplotatu besterik egiten ez duena.

Duela hilabete salatu genuen bezala, Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio-mahaiak blokeatuta jarraitzen du patronalaren aldetik, eta Bizkaiko Aldundiak desagertuta jarraitzen du gatazka honetan.

Abenduaren 14an kalera irten ginen egoitza pribatuetako langileen sektore publikoko langileen lan-baldintzekin parekatzea eskatzeko. Era berean, ratio duinak exijitu genituen, gaixotu besterik egiten ez gaituzten lan-kargak murrizteko.

Gaur, berriz ere, borrokarekin jarraitzera behartuta gaude, langileen egoerak okerrera baino ez du egin. Bizkaiko Aldundia eta patronala seinalatzen ditugu zuzeneko erantzule moduan. 

LABen ustez greba oinarrizko tresna da lan gatazka guztietan, zoritxarrez sektore feminizatuetan erakunde publikoek greba egitea debekatzen dute, %100eko zerbitzu minimoak ezarriz. Honen aurrean, LABek ez du atzerapausorik emango eta debekuen aurrean grebaren zilegitasuna eta garrantzia defendatuko du. 

Gure ustez, gaur egun lantokietatik eta kaleetatik defendatu behar ditugu gure lan eta bizi eskubideak. Gure lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea beharrezkoa eta premiazkoa da. Lan beragatik, lan-baldintza berberak izan behar ditugu. Ratio gizatiarragoak ere eskatzen ditugu. Gaur egungoak baztertzen ditugu, eskasak eta bidegabeak direlako. Patronal eta aldundi mugiezin baten aurrean, LABek GREBA deitzen du Bizkaiko egoitza pribatuen sektorean otsailaren 8an. ELArekin adostu dugu greba-eguna, bi sindikatuen artean egiten ari diren sindikatuarteko bileretan.

Sektoreko langile guztiei dei egiten diegu otsailaren 8an mobilizatzeko. Beharrezkoa da gure egoera eta zaintza jasotzen dituzten pertsonen egoera ikustaraztea eta erdigunean jartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.