2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaUrtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu hiriburuetan, euskal gehiengo sindikalak deituta, lan erreforma...

Urtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu hiriburuetan, euskal gehiengo sindikalak deituta, lan erreforma errefusatu eta lan harremanen euskal esparrua defendatzeko

Agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, euskal gehiengo sindikalaren izenean, lan erreformaren aurka modu bateratuan antolatuko ditugun mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, urtarrilaren 30ean manifestazioak egingo ditugu, 12:00etan, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Lan erreformaren bozketa bezperan, berriz, elkarretaratzeak egingo ditugu lantokietan. Lan harremanen euskal esparruaren defentsan mobilizatzea ezinbestekoa dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk: “Lan erreforma hau Madrilen, Euskal Herrian eta Estatuko nazio desberdinetan errefusatu behar dugu, baita Kongresuan, lantokietan eta kalean ere”.

Garbiñe Aranburuk adierazi du lan erreformak bi arrazoi hauengatik indargabetu behar direla bereziki:

-Gure hitzarmenak hemen inolako esku-sartzerik gabe negoziatzeko dugun eskubidea bermatu behar da. Negoziazio kolektiborako gure esparru propioa bermatu behar da, eta, horren ondorioz, autonomia-erkidegoko eta herrialdeetako hitzarmenek Estatuko hitzarmenen gainetik egon behar dute.

-Kaleratzeen araudia aldatu behar da; arrazoiak gogortuz, lan-agintaritzaren eginkizuna berreskuratuz edo kalte-ordainak handituz, besteak beste.

LABeko idazkari nagusiak berretsi bezala, “elkarrizketa sozialaren azken emaitza da ez dagoela indargabetzerik, ez dagoela kontrarreformarik, ez dagoela lan-merkatuaren modernizaziorik. PPren erreformaren funtsa mantentzen da. Akordio hori Euskal Herriko gehiengo sindikaletik at gauzatu da, eta ez die hemen dauden sindikatuen aldarrikapenei erantzuten. Akordio horrek oso argi uzten du non dauden autogobernuaren mugak”.

Euskal Herriko langileentzat ez dela akordio ona berretsi du, hainbat arrazoirengatik: ez duelako bermatzen gure negoziazio kolektiboaren esparrua; kaleratzeak askeak eta oso merkeak izaten jarraituko dutelako; eta lan-merkatua eraldatuko ez duelako, besteak beste. “Langile klasearen prekarizazioa eta pobretzea eragiten duen eredua da. Akordio horrek ez du aldatu lanaren sexu-banaketan oinarritutako eredua, eta ez du onartzen emakumeok egiten dugun lanaren balio politiko, ekonomiko eta soziala”, azaldu du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “lan-erreforma hau indarrik gabe utzi behar da. Madrilen partidaren minutu batzuk jokatzen dira, eta minutu horiek oso garrantzitsuak dira, baina partida osoa ez da Madrilen jokatzen. Partida dago, baita Euskal Herrian ere. Lan-erreforma hau aplikatzea oztopatu behar dugu. Aldi berean, lan-harremanak eraldatzeko beharra defendatzen jarraituko dugu, bai eta erreforma egin ondoren sortu den eredua iraultzeko beharra ere. Eraldaketa hori ez da posible izango Madrilen. Subiranotasunaren beharra aldarrikatzen dugu, hortaz. Gaurtik aurrera, lan duina bermatzeko lan-harremanen berezko esparru bat antola daiteke”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.