2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLan baldintza duinen aldeko borroka ez dela delitua aldarrikatu dute auzipetutako hainbat...

Lan baldintza duinen aldeko borroka ez dela delitua aldarrikatu dute auzipetutako hainbat langilek

Azken hilabeteotan egondako hainbat gatazketan salatutako langileek agerraldia egin dute, hainbat sindikaturen babesarekin, LAB tartean. Hain zuzen ere, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko grebetan eta Tubacex, PCB eta Petronor enpresetako lan gatazketan euren eskubideen alde mobilizatzeagatik zigortu nahi dituzte. Bada, agerraldian, adierazpen bat aurkeztu eta hemendik aurrerako ekimenen berri eman dute; urtarrilaren 25ean Bilboko epaitegien aurrean egingo duten elkarretaratzea, kasu.

Langileen oharra:

Bizkaiko metala, PCB, Tubacex eta Petronor-eko gatazkengatik inputatutako langileok eta CCOO, LAB, ESK, CNT eta CGT sindikatuok honako hau adierazi nahi dugu:

Bizkaiko metala, PCB, Tubacex eta Petronor-eko borroken ondorioz, asko izan dira jipoitutako, inputatutako eta isun ekonomikoekin zigortutako langileak. Pertsona horietako batzuk epaiketaren zain daude, eta espetxe-zigor oso altuak dituzte.

Salatu nahi dugu salaketa horien guztien atzean langile klasearen borroka kriminalizatzeko, sindikalismoa kriminalizatzeko, grebarako eskubidea kriminalizatzeko eta, azken batean, lan-baldintza eta bizi-baldintza duinak defendatzeko borroka-ahalegin oro kriminalizatzeko saiakera bat ezkutatzen dela.

Kriminalizazio saiakera hori ez da kasualitatea, erabaki politiko baten ondorioa baizik. Erabaki hori erakundeen eskutik etorri da, bereziki, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Gatazka guztietan, Eusko Jaurlaritzaren lehen ekarpena izan da Ertzaintza bidaltzea protestak erreprimitzera, jipoitzera, akusazio faltsupean atxilotzera eta Mozal Legea langile askori aplikatzera. Eusko Jaurlaritzak lehentasuna eman beharko lioke ekarpen eta inplikazio handiagoa izateari, negoziazio-mahaietan benetako oreka egon dadin bi aldeen artean.

Denbora honetan guztian, Eusko Jaurlaritzak ez du bilatu Bizkaiko metaleko, PCBko, Tubacex-eko eta Petronor-eko langileak babestea enpresa horiek EEEak edo ABEEak mahai gainean jarri zituztenean, eztaere EEE eta ABEE horien aurkako epai judizialak izan zirenean. Era berean, ez dugu ikusi greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, ez dugu enpresaririk ikusi atxiloturik edo epaiketaren bati aurre egiten lan-istripuen odolustearen ondorioz edo prebentzio neurrien faltarengatik, edota gehiegizkoak diren prekaritate egoerak inposatzeagatik. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako. 

Jipoitutako, isuna jarritako edo inputatutako pertsona guztiok, gure enplegua eta lan-baldintzak eta gure lankide guztienak defendatu ditugu. Borroka da langileok dugun mekanismo bakarra inposaketari, prekaritateari eta pobreziari aurre egiteko eta patronalen aurrean negoziazioan presio handiagoa izateko. Patronalak legeak ditu, eta Gobernuak ere bai. Langileok borroka baino ez dugu, tresna legitimo gisa, langile klasearentzako eskubideak defendatzeko eta konkistatzeko eta lege horien aldaketan eragin ahal izateko.

Hori dela eta, argi eta garbi diogu borroka sindikala ezin dela inoiz delitu izan, hainbat borrokatan erakutsi den bezala. Borroka horien ondoren, negoziazioetan indarrak orekatzea lortu da, langile guztientzat baldintza eta eskubide hobeak lortzeko.

Hori dela eta, inputatuen kolektiboak bilera bat eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailari eta Herritarren Segurtasunerako Sailari, langileen borroka kriminalizatzeari uzteko, Euskal Herriko langileen arteko borrokei buruz duten jarrera berrezartzeko eta Bizkaiko metaleko greban, Tubacex-en, PCBn, Petronor-en eta beste edozein lan-gatazkatan jarritako isunak eta salaketak indarrik gabe uzteko eskatzeko.

Era berean, dinamika bati ekingo diogu, eskaera horiei eta manifestu honi ahalik eta atxikimendu gehien biltzeko, bai lan-arloan, bai gizarte-eremuan.

Gainera, hainbat mobilizazio egingo ditugu, lehenengoa urtarrilaren 25ean. Egun horretan, metaleko 3 langile epaituko dituzte bidegabeki, beren eskubideak eta lan-baldintza duinak defendatzeagatik. 12:30ean Bilboko Auzitegi Probintzialaren aurrean Barroeta Aldamar kalean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.