2024-11-22
HomeEkintza SindikalaAberastasunaren bidezko banaketa bermatzea eta sektore osoaren lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmena aldarrikatu...

Aberastasunaren bidezko banaketa bermatzea eta sektore osoaren lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmena aldarrikatu dugu Bizkaiko metalgintzan

Gaur egin da Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bigarren bilera. Bertan, sektore osoarentzako aldarrikapen nagusiak jasotzen dituen bere plataforma aurkeztu du LABek.

Datozen hilabeteetan erabakiko dira sektoreko langileen lan-baldintzak, eta gogorarazi nahi dugu negoziazio hori hazkunde ekonomikoko eta enplegu asko sortzen ari den egoera batean egingo dela. Beraz, ez dago aitzakiarik hitzarmen honetan, sortutako aberastasunaren bidezko banaketa ez egoteko eta sektoreko langileen baldintzak ez duintzeko.

LABek bi urteko indarraldia duen plataforma bat aurkeztu du, honako aldarrikapen nagusiak jasotzen dituena:

Enplegua sortzea

Lanaldia murrizteko, errelebo-kontratua bermatzeko eta malgutasuna murriztu eta mugatzeko neurriak aurkeztu ditugu.

Aberastasunaren banaketa bidezkoa

KPIaren gaineko soldata-igoerak proposatzen ditugu, bai sektoreko hitzarmeneko tauletan, bai soldata errealetan. Patronalak sektoreko langile guztien eskulanari esker poltsikoratu duen aberastasuna banatzeko garaia da.

Enplegua duintzea

Azpikontratetako langileentzat lan duina izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, azpikontratatutako jarduera guztietarako subrogazio-eskubidea, ABLEak desagertzea, gazteen kontratazioa duintzea (praktikak zein prestakuntza-kontratuak…). Aniztasun funtzionala duten langileek jasaten duten diskriminazioarekin eta prekarietatearekin amaitzeko neurriak jasotzen ditugu.

Lanean osasuna eta bizitza zaintzea

Gure osasuna erdigunean jartzeko unea da, bajetan hobekuntzak, prestakuntza, prebentzio-neurriak, lan-istripuengatiko kalte-ordainak. Hitzarmenean, lehen aldiz, amiantoarekiko neurriak ere kokatu nahi ditugu.

Hobekuntza sozialak

Hobekuntzak lizentzietan; zaintza-lana, guraso bakarreko familia-ereduak eta edoskitzea aitortzea, lizentziak lanegunetan hartzea lehen lanegunetik…

Edozein arrazoirengatik (sexua – generikoa, jatorria, kolektibo jakin bateko kide izateagatik…) diskriminazioa debekatzea
Kolektibo jakin bateko kide izateagatik ezein langilek edo langilek diskriminaziorik jasan ez dezan neurriak aurkeztu ditugu; izan ere, guztiok ditugu lan-munduan sartzeko eta parte hartzeko eskubide berberak.

Neurri feministak

Berdintasun-plan eraginkorrak eta benetakoak ahalbidetzen dituzten neurriak aurkezten ditugu. Emakumeok erdigunean jartzen gaituzten edukiak biltzen ditugu.

Lan-erreformaren aurkako neurriak

-Hitzarmenaren ultraaktibitea mugarik gabe luzatzea.

-Itundutakoa ez aplikatzea eragozten duten klausulak.

-Sektoreko lan-baldintzak bateratzea. Enpresetan ezingo lirateke negoziatu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmeneanezarritakoak baino lan-baldintza okerragoak.

-Bizkaiko hitzarmenak lehentasuna izango du estatukoaren aurrean.

Horiek dira LABen plataformak jasotzen dituen aldarrikapen nagusietako batzuk. sektoreko pertsonen lan- eta bizi- baldintzak duintzearen alde egiten dugu, eta, horretarako, badakigu gakoa langile guztiak antolatzea eta aktibatzea dela, eta hori izango da LABen egiteko nagusia datozen hilabeteetan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.