2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaLanbideko langileak bere osasunean larri eragin dezaketen arrisku psikosozialen menpe daude

Lanbideko langileak bere osasunean larri eragin dezaketen arrisku psikosozialen menpe daude

LABek Lanbideko langileek bere osasunean larri eragin dezaketen arrisku psikosozialen menpe daudela jakitera emateko eta horren gainean hartu beharreko neurriak aurkezteko prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon. Honekin batera Jaurlaritzak Arrisku Psikosozialen Prebentziorako Legea ez duela betetzen salatu du.

Arrisku psikosozialen egoera 
Laneko arrisku psikosozial bezala definitu dira lanaren diseinu, antolaketa eta zuzendaritza, eta bere ingurune sozialarekin lotutako hainbat alderdi, langileen osasunean kalte psikiko, sozial edo fisikoak eragin ditzaketenak, besteen artean, depresioa, estresa, antsietatea, lotarako arazoak, arazo kadiobascularrak bezalakoak. Laneko faktore psikosozialak/antolakuntzakoak dira osasunean edota lanaren garapenean eragina izan dezaketen lanaren baldintzak. Langileen osasunean duten eragina arrisku faktoreen intentsitatearen eta esposizio denboraren araberakoa izango da. Lanbideko langileak euren osasuna arriskuan jartzen duten izaera psikosozialeko lan eskaera handien menpe daude.

Lanbideko Segurtasun eta Osasun Batzordearen eskaerei men eginez, arrisku psikosozialen egoeraren ebaluazioak egin ziren 2013an tokiko 3 bulegotan eta zerbitzu zentraletako atal batean, Plan Pilotoaren barnean (42 tokiko bulego badaudela kontuan hartu behar dugu). 2014an beste 6 bulegoetako ebaluazioak martxan izan dira. Arrisku psikosozialen ebaluazioaren helburua da lan egoera batean dauden arriskuak identifikatu, ebaluatu eta baloratzea, arrisku horiek ekidin edo gutxitzeko xedez eta horretarako egokiak irizten diren prebentzio neurriak ezartzea. Lanbiden egin diren ebaluazioek oso argi azaldu dute langileen osasunarengan ondorio garrantzitsuak dituzten arrisku psikosozialen faktoreak daudela, honela:

– Lan zamak: daukaten lan eskaerari erantzuteko nahikoa langile ez duten bulegoak daude. Gainera, lan atal, langile eta talde jakinak badira beste batzuekin konparatuta lan-zama neurrigabea dutenak.
– Laneko autonomia: puntu hau lotua dago lanaldiaren antolamenduarekin, erabakiak hartzerakoan autonomia izatearekin, norbanakoek erabakiak kudeatu eta hartzeko duten gaitasun eta aukerarekin; alderdi horiek guztiak egoera okerra dute.
– Eskaera psikologikoak: batetik, emozio eta sentimenduak erreprimitzea dakarten exijentzia emozionalak (arazo handiak eta trauma pertsonalak dituzten kolektibo eta pertsonekin lan egiten dugu) eta, bestetik, ahalegin intelektual handia eskatzen duten exijentzia kognitiboak ditugu.
– Parte-hartzea–Ikuskatzea: erabakiak hartzerakoan parte-hartzerik ez dago, lan-zamaren gaineko kontrola falta da; arduradunekin eta zuzendaritzarekin komunikazioa oso eskasa da. Aldaketak ez dira beharrezko aurrerapenarekin ezartzen baizik eta modu traumatikoan; zenbaitetan hedabideen bitartez jarduera berriaren berri izatera iritsi gara.
– Lanarekiko interesa-ordaina: erakundea lanpostu-zerrendarik gabe izatearen ondorioz promozioa, formazioa eta karreraren garapena oso mugaturik daude eta kasu askotan lanpostua bera ere arriskuan daukagu. Langileon artean %50tik gorako behin-behinekotasuna dago; kontratuan segurtasunik ez izatea arrisku psikosozialen artean faktore garrantzitsua da.
– Rola betetzea: ez daude argi ardurak, funtzio eta atazak, aginte lerroak, lanerako metodo eta prozedurak. 
– Enplegu politiketan zerbitzu zentraletan erabakitzen diren aldaketak jakinarazteko bideak ez daude edo ez dute funtzionatzen.
– Kanpoko indarkeria: egunero kanpoko indarkeriaren eraginpean gaude, batez ere liskarrak, oihuak, irainak, mehatxuak, isekak, modu txarrak…, indarkeria fisiko kasuak ere izan dira. Erabiltzaileak, jasaten ari diren egoerarekin etsita, erantzun azkarra eta kalitatezkoa behar dute baina ez dute erantzun hori topatzen, besteren artean, ez dagoelako arreta emateko nahikoa langile. Indarkeria hori langileengan antsietatea sortzen duten faktoreetako bat da.

Faktore psikosozial batzuk eta besteak ez dira bata bestearengandik independenteak, baizik eta elkarri eragiten diote. Kaltearen izaera eta larritasuna arrisku faktore motaren, intentsitatearen, iraupenaren, maiztasunaren edo kontrolatzeko aukeraren araberakoa da, baita pertsonarentzat duen esanahiaren eta egoerari aurre egiteko dituen baliabideen araberakoa ere.

LABek proposatzen dituen neurri zuzentzaileak
Jarduera zuzentzaileak bi zentzutan joan behar dute: a) arriskuen intentsitatea gutxitzeko neurri zuzentzaileak ezartzera eta b) langileen erantzuteko gaitasuna hobetzeko neurriak jartzera.

Honako neurri zuzentzaileak modu urgentean hartu behar dira:

– Aldi baterako ezintasunagatiko bajak berehala ordezkatzea eta lanaldi murrizketagatik eta baimenengatik sortzen diren orduak ere ordezkatzea.
– Lan-zamen banaketa zuzena: horretarako lan atal bakoitzean egiten diren jarduerek benetan zenbat denbora eramaten duten zehaztu behar da, aurrera eramateko behar den pertsona kopurua ezarri eta eguneko lanaldian zehar atazei aurre egiteko denbora egoki banatu.
– Lanbideren lanpostu-zerrenda (LPZ) proposamena atzera bota eta berria osatu: tokiko bulegoetan zerbitzua emateko behar beste langile kopururekin eta bulegoen diseinu arrazional eta koherentearekin. Onartu nahi duten LPZren diseinua Europako batez besteko langabezia tasan (%6-8 artean) eta 2012ko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta espedienteen kopuruan (45.000) oinarritzen da. Aldiz, EAEn langabezia bikoitza eta DBEren 65.000tik gora espediente ditugu gaur egun. Zuzendaritzaren LPZ proposamena onartzearen ondorioz enplegu zerbitzuaren arazoak gehitu eta kalitatea are gehiago kaltetuko da.
– Azkartasunez ezarri behar dira arrisku psikosozialen ebaluazioetan tokian toki aurreikusitako neurri zuzentzaileak.
– Lanpostu guztietan arrisku psikosozialen ebaluazioak egin behar dira berehala, Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak agindutakoa betez.
– Lanbideko antolakuntza zentraletik langileei emango zaien babes “sozialerako” neurriak jarri, laguntasun hori faktore garrantzitsua izaten baita laneko estresa gutxitzeko.
– Zuzendaritza organoen komunikazioa hobetzea langileekiko harreman maila guztietan. Enplegu politiketan erabakitzen diren aldaketak jakinarazteko komunikazio mekanismoak ezarri, bulegoetan horiek martxan jarri ahal izateko beharrezko ekintzak bideratu daitezen. 
– Eguneroko funtzionamenduan autonomia eta benetako parte-hartzea erraztu. Aldizkako bileren bitartez lanaren planifikazioa bultzatu bulegoetan eta lan ataletan.
– Rolen argitzea gatazka eta rol anbiguetatea ekiditeko.
– Zuzendaritza eta aginte ardurak zehaztu.
– Langileen formazio/informazioa eurengan eragina izan dezaketen arrisku psikosozialei buruz, egoera estresagarriei aurre egiteko instrumentu eta gaitasunak ematea ahalbidetuko duena.

Jaurlaritzak ez du betetzen Arrisku Psikosozialen Prebentziorako Legea 
Arrisku Psikosozialen Prebentziorako31/1995 Legeak ezartzen du enpresariak lanarekin lotutako alderdi guztietan nola bermatu behar duen bere zerbitzupean ari diren langileen segurtasuna eta osasuna, baita alderdi psikosozialekin edo lanaren antolaketarekin lotutako alderdiekin ere (14.2.art). Hortaz, administrazioaren ardura da arriskuak aldizka ebaluatzea, horiek gutxitu edo ekiditeko neurriekin ekintza plana prestatu eta aurrera eraman daitezela kontrolatzea.

Lanbiden ez dira aurrera eraman 2013tik honantz egin diren ebaluazioetan proposatutako neurri zuzentzaileak. Honek erakusten du arriskuak bere jatorrian borrokatzeko zuzendaritza organoen borondate errealik eza, lanaren antolakuntzaren eta atazen izaeraren gain ez da eragiten. Gobernuko Prebentzio Zerbitzuak jasotzen dituen arriskuen komunikazioei ere Lanbideko zuzendaritzatik ez zaie erantzunik eskaintzen. Langileen osasuna bermatuko duten neurririk ezartzen ez denez, Lan Ikuskaritzan salaketak jarri beharrean aurkitzen gara. Izan ere, egindako arriskuen ebaluazioak ez dira ari neurri prebentibo moduan baliorik izaten, langileen artean itxaropena sortzen da baina neurri zuzentzaileak hartzen ez direla ikusten dutenean, frustrazioa eragiten da eta langileek bizi dituzten egoera estresagarrien larriagotzea gertatzen ari da. Estresak langile batzuen osasunean izan duen eragina hain larria izan da, aldi baterako langileak lana uzteraino iritsi dela egoera.

Lanbideko zuzendaritza organoei eta bere orain arteko arduradun gorenari, Juan Mari Aburto Sailburuari, erakundeko langileen egoerari buruzko interesa erakutsi dezaten eta langileak gaixo arazten dituzten arrisku faktoreen intentsitatea jaisteko beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatzen diegu. Zuzendaritzak arlo honetan duen jarrera erabat axolagabea da.

Halaber, gobernuari exijitzen diogu arrisku psikosozialen ebaluazioa egitea administrazio orokorreko gainerako sail eta erakunde autonomoetako lanpostuetan ere, Legeak ezartzen dion agindua betez. Horretarako Jaurlaritzako Prebentzio Zerbitzuak lan arriskuen prebentziorako duen teknikari kopurua handitu behar da, arrisku psikosozialen espezialitatea dutenak barne, gaur egun ez baitu nahikoa langile. Gobernuaren ardura da langileen osasunaren prebentzioa bermatzeko beharrezko neurriak guztiak martxan jartzea.
  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.