2024-11-22
HomeEkintza SozialaPrekarietateak eta enpleguaren ezegonkortasun handiak langabeziaren gorakada eragin dute

Prekarietateak eta enpleguaren ezegonkortasun handiak langabeziaren gorakada eragin dute

Eguberrietako kanpainaren amaierak urtaroko enplegu prekario askoren suntsipena ekarri du berekin Hego Euskal Herrian; halaxe adierazten du Gizarte Segurantzaren afiliazioa 12.709 pertsonetan urritu izanak.

Hortaz, horren ondorioz, enplegu-zerbitzu publikoek langabeziaren gorakada handia erregistratu dute urtarrilean. Zehaztearren, 8.036 pertsona gehitu zaizkio langabeziari; hauetako gehienak, zerbitzu sektoretik datozen emakumeak dira. Izatez, emakumeak eta gazteak dira langabeziaren handitzeak gehien zigortu dituen gizarte-taldeak. Bi talde hauetan, %5,6an areagotu da langabezia-tasa.

Bestalde, ekonomia hazkundea sendotzen ari dela esaten ari den honetan, egokia deritzogu gure kezka nagusienetako bat azpimarratzea, ekonomia suspertzen ari den egungo egoeran, enplegua sortzen ari den erritmo eskasa eta motela dela.

Baina enplegua, kuantitatiboki, gutxi hobetzeaz gain, salatu behar dugu ere enpleguaren kalitatean jasan dugun atzeratze gogorra, lan baldintzei nahiz soldatari dagokienez. Horrela, lanaldi partzialeko enplegua gero eta gehiago hedatu izanak eta sinatu diren kontratuen %92,5a behin-behinekoak izateak laneko prekarietatea orokortzeko eta langileriaren maila zabaletara pitinka hedatzeko arriskua dakarte.

Ezin dugu ahaztu ere, langabeziaren babesa gero eta hondatuagoa dagoela. Egun, estaldura tasa %44,7ra erori da (krisialdia hasi zenean %67a gainditzen zuen); horrek esan nahi du 126.000 langabetu baino gehiagok ez duela inolako langabezia-saririk jasotzen.

Horrengatik, beharrezkoa deritzagu lan eskubideen eta eskubide sozialen usurpazioa amaitutzat emateari, PSOEren eta PPren gobernuek onartu dituzten erreformen bidez gauzatu duten erasoak eragin dituen ondorio kaltegarriak zuzentzeari eta langabetu guztiei eta diru-sarrerarik ez dutenei babes duina bermatzeari.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.