Sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) greba-deialdia iragarri dugu 2022ko urtarrilaren 13rako, adinekoen arretaren sektorean, hau da, erresidentzia, eguneko zentro eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuan. 4.000 pertsona baino gehiago daude deituta grebara Nafarroan. Agerraldia egin dugu Iruñean, honen berri emateko.
Zaintzak pribatizatuta edo merkantilizatuta daude, enpresa pribatuen esku, eta horiek onura ekonomikoari ematen diote lehentasuna, pertsonen zaintzari eman beharrean. Hori guztia, gainera, diru publikoarekin finantzatuta. Zaintzek eta bizitzek ez lukete negozio esparru izan behar. Zaintza profesionalizatuak publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar du.
Egungo zainketa-eredua agortuta dago. Zainduak izan behar dutenak ez ditu zaintzen, ezta sektoreko langileak ere. Zaintza sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala jaso dezaten. Gaur egun, Nafarroako 70 zentro baino gehiago (erresidentziak eta eguneko zentroak kontuan hartuta) estatu mailako lan-hitzarmen batek arautzen ditu, zentro gutxi batzuk izan ezik, enpresako hitzarmenak negoziatu dituztelako. Estatuko hitzarmen horrek baldintza prekarioetan mantentzen ditu langileak,
Egoera horren aurrean, sindikatuek eskatuta, negoziazio mahaia eratu zen maiatzean patronalekin -ANEA eta LARES- eta Nafarroako Gobernuarekin, baina hilabete hauetan guztietan ez dute inolako borondaterik erakutsi negoziazioan aurrera egiteko eta langileen baldintzak hobetzeko.
Mobilizaziorik gabe ezingo da aurrera egin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorantz. Hori helburu hartuta, lehen mugarria Nafarroako adinekoei arreta emateko lehen hitzarmena lortzea da. Badakigu hau sektoreko langileen presioaren bidez bakarrik lortuko dugula. Horregatik, urtarrilaren 13ko grebarekin hasiko gara, eta langile eta egoilarren baldintzak hobetuko dituen hitzarmen hori lortzeko behar diren grebekin jarraituko dugu.