2024-11-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako garbiketa azpikontratetako langileak eskubide murrizketaren aurrean mobilizatu dira Gasteizko Araba Unibertsitate...

Osakidetzako garbiketa azpikontratetako langileak eskubide murrizketaren aurrean mobilizatu dira Gasteizko Araba Unibertsitate Ospitalean

Osakidetzako garbiketako azpikontratetako langileek homologatuta dituzte euren lan-baldintzak. Honen arabera, azpikontratetako langileek Osakidetzako garbitzaileen baldintza berdinak izan behar dituzte, baina enpresek ez dizkiete azpikontratatutako langileei Osakidetzako garbitzaileek 2015etik hona izan dituzten hobekuntzak onartu nahi. Eskubide murrizketa honen aurrean, mobilizazioa egin dute gaur Gasteizen, Araba Unibertsitate Ospitalean, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta.

Kanpo-kontsulten eraikinaren aurrean egin dute kontzentrazioa, eta ondoren, eserialdia egin dute Arabako ESIko arduradunen bulegoaren aurrean, Txagorritxuko ospitaleko 4. solairuan. Aurreko asteetan, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean eta Donostia ospitalean mobilizatu ziren.

Negoziazio-mahaiak 38 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi diete langileei. Homologazioa galtzeko arrisku larrian daude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi zuten, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langileentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan. Homologazioak ez du esan nahi soilik Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien soldata-igoera berberak izatea. Homologazioa askoz gehiago da, osagarri berberak, lizentzia berak, lanaldiak luzatzeko aukera berberak, erretiratzeko erraztasun berberak eta abar izatea esan nahi du.

2015ean hitzarmen bat sinatu zuten, homologazio-hitzarmen bat, baina badirudi garai hartan homologazioak islatzen zituen baldintza horiek izoztuta utzi nahi dituztela, 2015eko errealitate estankoan. Enpresak malgutasunik gabe azaldu dira, eta mahaia blokeatuta dute. Badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun langileei egin dizkien bilera-eskaera desberdinei. Homologazioa kendu nahi diete eta itxita daude ezer egokitzeko.

Salatzen dute txaloak eta aintzatespen-hitzak merezi izan zituztela pandemian, baina orain, lortu dutena lapurtu nahi dietela.

Langileei dei egin diete mobilizazioetara ateratzeko argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.