2024-11-24
HomeEkintza PolitikoaArgi dugu, goazen Bilbora!

Argi dugu, goazen Bilbora!

LABen argi dugu, bihar, urtarrilak 10, Bilbon izango gara eta ildo beretik, mobilizazioan parte hartzeko deia egiten diogu gure militantziari nahiz euskal langileriari. Dispertsioarekin amaituz, eskubide guztien jabe, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko aldarriarekin Bilboko kaleak betetzeko unea iritsi zaigu.

25 urte bete ditu dispertsioak eta aski ezagunak ditugu espainiar zein frantziar gobernuen espetxe politika ankerraren ondorioak. Euskal gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko egoera eta neurriekin amaitu behar dugu. Gaur gaurkoz, 500 preso inguru daude oraindik etxetik urrun, espainiar zein frantziar espetxeetan sakabanaturik. Latzak dira dispertsioaren ondorioak, presoentzat zein senitartekoentzat.

Euskal presoen eskubideen aitortza euskal jendartearen gehiengoaren nahia da; presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Eta egoera honekin amaitzeko mobilizazioa ezinbestekoa dugu. Mobilizazioa da elkartasunetik konpromisoetara pasatzeko modurik eraginkorrena. Herriz herri, auzoz auzo, lantokiz lantoki, langileok, mobilizatuz eta aktibatuz lortuko dugu euskal jendartearen gehiangoak bere egiten duen dispertsioaren aurkako aldarria herritarren artean saretzen jarraitzea.

LABeko kideak bihar Bilbon izango gara, dispertsioaren amaierarantz egin beharreko urratsei bultzada ematen. Argiztatu dezagun denon artean Bilboko kaleetan euskal preso guztien etxeratzea marraztuko duen bidea.

Gogoratu, SAREk deituta mobilizazio erraldoia arratsaldeko 17.30etan hasiko dela: bi puntu ezberdinetatik abiatuko dute ibilbidea presoen senitartekoek, Udaletxetik (nafarrak, gipuzkoarrak eta Ipar Euskal Herrikoak) eta La Casillatik (bizkaitar eta arabarrak), eta Zabalburun izango da elkargunea.
Euskal presoak, orain, NOW Euskal Herrira!!
 


 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.