2024-11-22
HomeLAB SindikatuaIritziaLarunbatean, Bilbora

Larunbatean, Bilbora

Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz – LABeko eta ELAko idazkari nagusiak

Datorren urtarrilaren 10ean, Sarek deituta, Bilbon izango gara. ELA eta LAB sindikatuetako arduradun gisa, geure militantziari, lan munduari, eta euskal gizarteari oro har, dei egiten diegu euskal preso politikoen dispertsioaren kontrako manifestazio horretan parte har dezaten.

Dispertsioa giza drama da, aberrazio juridikoa, eta helburu politikoa du. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu dispertsioarekin amaitzeko mobilizazioaren indarrari eustea.

GIZA DRAMA. Duela 25 urte hasita, euskal preso politikoak sistematikoki erbesteratuak izan dira, Espainiako eta Frantziako espetxeetan dispertsatuak. Gutxieneko begiramen humanitario orori eraso egiten dio dispertsioak, preso den pertsona bere ingurune fisiko, afektibo, familiar, militante… eta kulturaletik urruntzen baitu.

Giza drama hau oraindik eta bistakoagoa egiten da gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoen kasuan, zeinetan dispertsioaren moduko neurriak zigor erantsi bihurtzen diren. Hala, pertsona horiek behar dituzten mediku tratamenduak oztopatu egiten dira, eta zenbait kasutan horrek kalte nabarmenak eragiten ditu osasunean, atzera bueltarik ez duten ondorioekin.

Zigorrak ez dio preso den pertsonari bakarrik eragiten. Hurbileko guztiak ere, batez ere familia, politika horren biktima dira. Urruntasunak denbora eta baliabide ekonomiko ugari xahutzera behartzen ditu, oinarrizko eta funtsezko helburu eta behar bati erantzun ahal izateko, lagun edo senidea bisitatzea alegia. Pertsona askok, xede horrekin, astea joan, astea etorri, euren bizia arriskuan jartzen dute errepidean; egunerokoan, baita lanegunetan ere, ordu asko ematen dituzte helburu hori lortu ahal izateko. Askotan, gainera, bidaia eginda ere senidea ikusteko aukerarik izango duten ala ez erabateko ziurtasunik izan gabe.

ABERRAZIO JURIDIKOA. Legelari garrantzitsuek behin eta berriz dioten moduan, dispertsioa aberrazio juridikoa da. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ezarritako jurisprudentzia irmoa da zentzu horretan. Dispertsioak intimitate pertsonal nahiz familiarrerako eskubidea urratzen du. Espainiako espetxe araudian bertan ere ez du oinarririk dispertsioak. Hori horrela, onartezina da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko Presidenteak Senatuan egin berri duen interbentzioa, egiten dutena legezkoa dela esanez eta dispertsioa presoen gizarteratzea lortzeko onuragarria dela defendatuz.

Jurisprudentzia bidegabe eta zital horren sorreraren atzean Espainiako Gobernu ezberdinek botere judizialari urteetan egindako presioa dago, baita magistratuak adskripzio politikoaren arabera izendatu izana ere. Epai horietako zenbait, urte batzuk geroago, baliogabetu egin dituzte Europako Auzitegiek. Giza eskubideei zentzuren bat aitortzen dien Estatu batek ez luke egungo espetxe politika mantentzerik. Presoei ezartzen zaien sistema bidegabea minutu bakar bat gehiago luzatzerik ez legoke.

DISPERTSIOAK HELBURU POLITIKOA DU. Dispertsioaren praktikak —gainerako presoei ezartzen ez zaien salbuespenezko praktika gisa- bultzatu dutenek ukatzen dutena baieztatzen du: alde batetik, euskal presoen izaera politikoa, eta bestetik, dispertsioaren praktikak bere baitan dituen helburu politikoak.

Mendeku politika honen sustatzaileak normalizazio politikorako prozesu batekiko kontrapedagogia egiten ari dira. Normalizazio politiko hori burutuko bada, besteak beste, pertsona guztiak euren herrian eta euren etxeetan egoteko aukera izan behar dute.

Esandakoaz gain, dispertsioak presoa eta bere erreferentzia politikoko espazioak zigortu eta etsiaraztea du helburu, eta gure herrian agenda politiko berriek zentralitatea irabazi ahal izatea eragotzi nahi du. Hori da arrazoi nagusia, ekintza armatuaren behin betiko amaiera eman zenetik hiru urte baino gehiago pasatu direnean, Estatuak espetxe politika berraztertzeari uko egiten jarraitzeko.

Horregatik guztiagatik, ELAk eta LABek uste dugu ordua dela 2000ean PPk eta PSOEk sinatutako Paktu Antiterrorista indargabetzeko; Espainiako instituzio nagusiak diziplinatu dituen akordioa da, botereetatik —legegilea, betearazlea eta judiziala—hasi, eta komunikabide gehienetaraino, eliza katolikoaren hierarkiatik pasatuz, Estatuko bi sindikatu nagusietaraino. Ordua da Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika aldatzeko.

Euskal Preso politikoen eskubideen defentsan mobilizazio sozial demokratikoa ezinbestekoa iruditzen zaigu. Oraindik aldarri hori bere egin ez dutenen kontzientzia politikoa irabazten joateko beste modu bat da. Eta bada elkartasunezko konpromiso bat ere, zuzenbidekoa ez den praktika krudel eta jasangaitz hau bidegabeki pairatzen duten guztiekiko.

Justiziazkoa delako, datorren urtarrilaren 10ean, Sarek deituta, Bilbon izango gara. Euskal presoak, etxera!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.