2024-11-22
HomeEkintza Soziala"Lantokietatik kanpo sindikatuak sustatu nahi dituen borroketan parte hartzeko modua da Ekintza...

“Lantokietatik kanpo sindikatuak sustatu nahi dituen borroketan parte hartzeko modua da Ekintza Sozialeko Komunitatea”

Abenduaren 11n Bilbon, Bidebarrieta Kulturgunean, Ekintza Sozialeko Komunitatearen aurkezpen ekitaldia egingo dugu. Inposatzen diguten ereduari bulkada eraldatzailea ematera goaz, eta herritar guztiei dei egiten diegu aurkezpenera hurbil daitezen. Ekintza Sozialeko kide Endika Perezekin eta Alaitz Ajuriagerrarekin hitz egin dugu, Komunitate berriari buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Hasteko, zer da Ekintza Soziala?

Endika Perez (E.P.): Duela bost urte egindako Biltzar Nagusian, LABek bataila nagusia Bizitza eta Kapitalaren artean ematen zela zehaztu genuen, eta, beraz, sindikalismoak ere baieztapen horri begira bere burua birpentsatu beharra zuela ondorioztatu. Horrela, ordurarteko hiru federazioez gain (Industria, Zerbitzu Publikoak eta Zerbitzu Pribatuak), Ekintza Sozialeko egitura ere sortu genuen.

Alaitz Ajuriagerra (A.A.): Une horretan ekipo nazional bat eta hiriburuetan kide banatan oinarrituriko antolaketa moduari heldu genion, enpleguaz gaindi genituen erronka eta borroketan eraginkorragoak izateko asmoz. Erabaki garrantzitsua eta emankorra izan da hau. Bide bat egin dugu eta ikasitakoak baloratu eta urrats berriak emateko baldintzetan gaude.

Eta zer da Ekintza Sozialeko Komunitatea?

E.P.: Horixe bera, urrats berri bat. Lantalde nazionala eta hiriburuetako kide banarekin ez zaigu nahikoa parez pare ditugun erronkei aurre egiteko. Sindikalismoa lantokiz lantoki antolatzen dugun bezala, gure interbentzio lerroa auzo eta herrietan egiteko baldintzak izan ditzagun tresna organizatiboa behar dugu, eta horregatik jauzi berri hau: komunitatea.

A.A.: Enpleguaren eremua zabaldu eta, lan baldintzez gain, bizi baldintzen inguruan hitz egin eta hauen inguruan borrokak sustatu nahi ditugu. Egun piztuta daudenetan ere, parte hartu eta gure ekarpena egin, aliantza sareak indartuz. Bizitzaren aurkako ofentsiba oso bati aurre egiteko, etxebizitzaz, ekosozialismoaz, migrazioaz eta antirrazismoaz ere hitz egin eta borroka eremu hauei begirako antolatzeko espazioak eskaini behar ditugu. Horretarako sortu da Ekintza Sozialeko Komunitatea. 

Nori zuzendua dago?

E.P.: LABeko afiliazio osoari. Are gehiago, afiliazioa lehen lerroan jarri nahi duen proposamena da. Lantokietan ordezkariak eta sail sindikalak ditugu afiliazioa antolatu, eztabaidak eman eta erabakiak hartu, borrokak planifikatu eta egiteko. Lantokietatik kanpo LABek sustatu nahi dituen borroketan parte hartzeko modua da Ekintza Sozialeko Komunitatea. 

Izena eman duenak zer topatuko du Komunitatean

E.P.: Hasteko, LABen parte hartzeko modu berri bat eta borroka egiteko espazio berri bat, baita bi norabideetako informazio kanala eta ildoen arabera zein bakoitzak hartu nahi duen ardura mailaren araberako ekarpena egiteko aukera ere.

A.A.: Ekintza soziosindikalerako eremu berri bat izango da, LABen jarduna lantokitik kanpo garatzeko aukera. Lantokietako borrokak osatu eta baita bestelako batzuen inguruan aritzeko aukera ere topatuko du. Era jarraituan zein une zehatzen parte hartzeko aukera ere izan dezake. Herrialdeko sare orokorraren parte izango da: publikazioak, irakurketak eta informazioa jasoko du. Eta ildoen arabera antolatuko diren lantaldeetan, komiteetan, parte hartzeko aukera izango du.

Komunitatean parte hartzeko modu desberdinak daude. Zeintzuk dira eta zertan dautza?

E.P.: Komunitatearen sareak, momentuz, herrialde mailan antolatuko ditugu. Herrialdean egiten ditugun kanpaina zehatzetan zein deialdien berri izango du izena ematen duen kideak, eta berak erabakitzen duen inplikazioa izan dezake: ekimenen prestaketan parte hartu, deialdi bat edo gehiagotan parte hartu…

A.A.: Kanpaina edo ekimen orokorrak egoteaz gain, ildo zehatzen araberako komiteak antolatuko ditugu, dagoeneko borroka horietan dauden LABkideak saretzeko eta oraindik parte hartu ez baina nahi hori duten kideek aukera izan dezaten. Ez hori bakarrik, testuinguruan eragiteko mobilizazio, ekimen edo konpromiso zehatzak ere kolektiboki erabaki eta aurrera eramango ditugu. Adibidez: proiektu autogestionatu batean ekarpena egiteko auzolan eguna, oinarrizko produktuen bilketa kanpainak, sektore bateko borroketan ekarpen zehatza egiteko ekimen desobedientea edo gai sozialen inguruko mobilizazio forma berritzaileetan praktika sakontzea, besteak beste.

Gehiago zehaztearren, zein da Komunitatearen plana kurtso honetarako?

E.P.: Kurtso honetan hiru egiteko nagusi ezarri dizkiogu gure buruari. Lehena, komunitatea ezagutaraztea eta martxan jartzea, trinkotze lana eginez. Komunikazio bideak eraiki, erronkak definitu… Bigarrena, Sindikalgintza Antirrazista Baterantz! Martxan dugun ildoaren baitan Komunitateko sarea eraiki eta aktibatzea, espazio mistoak sortuz eta ildoaren baitan egin nahi dugun jaialdi antirrazista antolatzeko.

A.A.: Azken helburu nagusia, otsailean zehar egin nahi dugun etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaina zehaztu eta garatzea izango da. Etxebizitza oinarrizko eskubidea da langileon bizi baldintzak bermatzearen ikuspegitik, eta problematika honetan sindikatuaren posizioa eta ekimena biderkatu nahi dugu horrela. Hiru hauek dira, nagusiki, baina komunitateko kideon iritzi eta ekarpenekin zehaztuko ditugu hurrengo urratsak. 

Izen emate kanpaina apirilean hasi zen, ondoren batzar batzuk egin dira. Zein da orain arteko inpresioa?

A.A.: Ekainean aurkezpenak egin genituen herrialdeko asanblada eta ondoren egin genituen ekimenen bidez. Orokorrean, balorazioa baikorra da, sindikatuak eremua zabaldu eta modu berrietan aritzeko duen gaitasuna erakutsi zuelako. Jende askok izena eman zuen komunitateaz ezer gutxi jakinda eta hori ere LABeko kidegoaren inplikazioaren seinale ere bada.

E.P.: Egia da, 45.000 afiliatuko sindikatua izanik, oraindik hastapenetan gaudela eta afiliatu askok ez dakitela egitasmo honi hasiera eman diogula. Etxe handia da gurea eta geruzaz geruza eraikiko dugu egitura berri hau. Hala ere, aipatzekoa da kide gehienak ez direla sindikatuko liberatu edo delegatuak. Horrek afiliatu askori sindikatuko dinamiketan parte hartzeko aukera zabaldu diogula esan nahi du.

Zenbat kidek osatzen dute jada Komunitatea? Orain batu nahi duenak, nola egin dezake?

E.P.: Sindikatuko afiliazioa lantokiaren arabera antolatzen dugu LABen. Zure enpleguaren sektorearen arabera, federazio bateko edo besteko kidea zara. Ekintza Sozialeko Komunitateak, federazio zehatz bateko kide izateaz gain, nahi duenari espazio organizatibo berria eskaintzen dio, bizitokiaren arabera determinatuko dena eta lantokiaz gaindiko borroketan parte hartzeko aukera emango duena. Horrela ezaugarrituta, eta ikasturte honetan hasiera eman diogula jakinda, dagoeneko 350 kidetik gora gaudela jakitea izugarria da. Ziur gaude martxan jartzen garenean, eta gure jarduna ikusten denean, milaka izango garela.

A.A.: Parte hartzeko aukera beti izango du zabalik LABeko afiliatua denak. Are gehiago, afiliatu gabe ere proiektu honetan parte har dezaketen pertsonak daudela badakigu. Horiek ere ateak parez pare dituzte zabalik. Lotura honetan izena emanda dagoeneko komunitateko kide izan zaitezke.

Gaiaren batean aditua izan behar zara Komunitateko kide izateko? Edo mugimendu edo eragile sozialetan aritua izatea beharrezkoa da?

A.A.: Borondatea da beharrezkoa den bakarra. Ekarpen guztiak dira ongietorriak eta beharrezkoak.

Zer esango zenioke izena emateko zalantzan dagoen horri?

E.P.: Kantak dioen moduan, “probatu ez duenak, ez daki zer den hau”. Izena eman eta Komunitatearen berri izatea da gutxieneko konpromisoa. Hortik aurrera, eraldaketarako tresna berri bat eskaintzen diogu LABeko kidego guztiari eta ziur gaude erabiltzeko prest eta gogoz dagoela. Beraz kuxkuxeatu, probatu eta sindikalgintzari taupada berri bat emateko indarra izan dadila esango nioke.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.