2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaEAEko aurrekontuek herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen...

EAEko aurrekontuek herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen aldarrikapenei erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen dute

Krisi sozial eta ekologiko larria bizi dugu. Pandemiak sakondu egin ditu arrakalak eta prekarizazio prozesuak. Egoeraren larritasunak politika publikoen norabide aldaketa bat eskatzen dute. Aldaketa sakona: bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako bidea egin behar da. Trantsizio ekosozialista eta feminista.

Aurrekontuek, zerga politikarekin batera, herritarren interesak erdigunean jarri eta aberastasunaren birbanaketarako bitarteko nagusi izan beharko lukete. Aurrekontuek zer nolako jendarte eredua eraiki nahi den erakusten dute.

Madril, Nafarroa eta EAEko aurrekontu proiektuak abiapuntuzko hutsune argiekin jaio dira: parte hartze soziala ukatzen da, zerga erreformaren eztabaida aurrekontu proiektutik kanpo uzten da eta sektore publikoak ekonomian izan behar duen parte hartzea ahultzen da. Inolako kontrol eta kontrapartidarik gabe, geroz eta diru gehiago bideratzen da esku pribatuetara.

EAEko aurrekontuetarako EH Bildu eta Jaurlaritzaren arteko akordioari dagokionez:

1.Konpromiso politikoei dagokionez, Gobernua nahi ez zituen hainbat erabaki hartzera eraman du akordioak, baina ez gaitu asetzen.

LGSa bultzatzea neurri egokia da, Euskal Herriko bataz bestekoaren araberakoa izango da eta Estatuarekiko ezberdina; hala eta guztiz ere, egiten den formulazioak ez gaitu asetzen.

Gobernuak, patronala interpelatu eta jarrera proaktiboa izan beharko luke gutxieneko soldata ezarriko duen sektorearteko akordio interprofesional bat bultzatzeko. Ez da horrelakorik jasotzen, bi aldeen esku uzten da eta negoziazio kolektibora bideratzen da, egun dagoen indar harremanen desorekak zeintzuk diren ikusita, paper errean geratzeko arrisku handia du.

Bestetik, badira aipatu ere egiten ez diren gai garrantzitsuak: pentsioak osagarritzeko aukera esaterako edota gizarte zerbitzuak hobetu zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko urratsak ematea.

2- Konpromiso ekonomikoei dagokionez, EH Bilduren akordioak, hasierako aurrekontu proiektua hobetzea lortu du hainbat puntutan, baina ageriko mugekin:

Hobekuntzak lortu dira osasungintzan, diru politika sozialetan, etxebizitza politikan edota larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Joko-arauak ez dira aldatu, ordea, eta ondorioz, partida batzuk hobetu daitezke, bai, baina ezinezkoa da egoerak eskatzen duen norabide aldaketa sakona sustatzea politika publikoetan.

Beraz, aurrekontu hauek, herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak kalera ateraz egiten dituen aldarrikapenei erantzun egoki bat eman gabe jarraitzen dute. Orain arte esan bezala, gehiengo sozial eta sindikalak artikulatu eta Euskal Herrian sakoneko aldaketak posible egiteko bidea eraiki behar dugu.

AURREKONTUEN AZTERKETA DATUETAN

EAEn, uko egiten zaio gehiago biltzeari, eta, gainera, jendearen beharrak ez daude aurrekontuen lehentasunen lehen ordenean:

– EAEko presio fiskala %31,8koa da, Europar Batasunaren presio fiskaletik urrun dago, azken honetan %40,1ekoa bait. Gainera, presio fiskal hori langileen gain dago batez ere.

Urkullu jaunak, dumping fiskalari buruz hitz egin duenean, alfonbra gorria jarri dio patronalari, fiskalitatean murrizketa berrien beharra justifikatzeko. Berriro ere, langileei bizkarra emanez eta kapital-errentak eta enpresa-irabaziak zergapetzeko aukera gutxietsiz.

• Aurrekontuaren inbertsio publikoa % 80koa da, baina gehiena, %62, kapitalerako diru-laguntzak eta transferentziak dira, hau da, diru publikoa enpresa pribatuentzat eta kontrol publiko eta sozialik gabe. Lankidetza publiko-pribatua deitzen diote eta hau propaganda neoliberala da patronalaren politika aplikatzeko. Horrela ahultzen da sektore publikoak ekonomian duen funtzioa. Enpresa pribatuari hainbeste diru bideratzea, beste beharrizan batzuetarako dirua kentzea da.

• Azken urteetan zerbitzu publikoetan izandako murrizketak ez dira lehengoratzen, eta ez da behar adina inbertitzen hezkuntzan eta osasunean. Ulertezina, pandemia egoeran gaudela kontuan hartuta.

• Ontzat ematen da langile publikoei buruzko erabakiak Madrilen hartzea (adibidez, soldata-igoerari eta/edo birjarpen-tasari dagokienez…), eta ez da negoziazio kolektiborako esparru propiorik sustatzen.

• Erronka demografikoen eta biztanleriaren zahartzearen aurrean, ez da zaintza-sistema publiko bat sortzearen aldeko apustua egiten. Gizarte-zerbitzuak pribatizatuta daude, eta langileek, gehienak emakumeak, soldata eta lan- baldintza prekarioak dituzte. Publifikazio-prozesuak bultzatu eta ratioak hobetu behar dira.

• Ez dute bermatzen 1.400 euroko gutxieneko soldata, ezta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere. Ez dago soldata- eta pentsio-arrakalarekin amaitzeko neurririk.

• Gizarte-babeseko sistemak ez ditu behar oinarrizkoenak betetzen.
Hau da, aurkezten zaizkigun erronken aurrean, hurrengo hamarkada markatuko duten erabakiek ez dituzte alde

batera uzten politika neoliberalak, eta horiek dira, hain zuzen ere, egungo egoeran egotearen arrazoia.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.