2024-11-25
HomeIndustriaMetalgintzaCondesa, langileen etorkizuna kolokan

Condesa, langileen etorkizuna kolokan

Pasadan asteazkenean, hilak 17, Legution dagoen Condesa Fabrileko langileek ezezkoa eman zioten zuzendaritzak aurkeztutako EREari. Condesako LABek eta ELAk Zuzendaritzak akordio bat erdiesteko erakutsitako borondate eza salatu nahi dugu. Ez dute enpleguari buruzko konpromisorik lotu nahi izan, ezta aipatutako EREaren ondorioak mugatzeko ere.

Horrez gain, Condesa Taldeak ez die aparteko ordainsaririk ordaindu langileei eta ez dakite noiz egingo duten. Zeharo harrigarria da, oraindik hilabete bat igaro ez denean, Bankarekin akordioa lotu zutela finantziazioa lortzeko eta, honela, hartzekodunen aurrekonkurtsoa saihesteko, langileekiko betebeharrei ezin aurre egitea. Zer akordio mota da hau? Ez dakigu, Condesako Zuzendaritzak ez baitie inolako informaziorik ematen langileei enpresaren etorkizunaz. Argi daukaguna da langileen eskubideak ez daudela euren lehentasunen artean.

Aurreko guztiak berresten gaitu enpresaren epe motzeko geroaz daukagun kezkan.

Bitartean, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako gobernuak ezikusiarena egiten dute. Hauekin biltzeko LABek eta ELAk egindako eskaeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzak erantzun digunez, zain dago Condesak Bankarekin zein Arcelorrekin adostutako akordioaren berri izan arte. Bitartean, ez daukate ezer berririk gurekin partekatzeko. Hau posible al da? Hau da merezi dugun Eusko Jaurlaritza? Nafarroako gobernuak, aldiz, ez digu erantzun ere egin.

Honelakoa da, tamalez, Condesako langileok bizi dugun errealitatea. Honengatik guztiarengatik, Condesako ELAk eta LABek bat egiten dugu larunbat honetan enpleguaren defentsan eta benetako politika industriala exijitzeko Gasteizen antolatu den manifestazioarekin. Bidenabar, herritar guztiei bertan parte hartzeko deia egiten diegu.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.
00:01:18

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.

Munduko Federazio Sindikaleko Gazteen 4. Kongresuan parte hartu dugu

LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) Langile Gazteen 4. Kongresuan parte hartu du, azaroaren 22tik 23ra, Marseillan. "Gazte langile antolatuak eta militanteak, lan eta bizitza duin baten alde" lelopean, Kongresuak kontinente guztietako 29 herrialdetatik etorritako 45 sindikatutako ordezkariak bildu ditu.