2024-12-25
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri...

Garbiñe Aranburu: “Gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da”

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitza hartu du ELA sindikatuaren XV. Kongresuan, eta bere hitzartzean burujabetzaren aldeko konpromisoa praktikara eraman behar dela adierazi du: “Bide soberanista elikatu egin behar da, independentismoaren oinarria zabaldu eta estatuen aurrean indar korrelazioak hobetu. Eta hori ezin da egin aktibazio sozialik gabe”.

Garai berezia bizi dugula berretsi du LABeko idazkari nagusiak, langileon lan eta bizi baldintzetan eragina izango duten erabakiak hartzen ari direlako. Euskal sindikalismo independentista erronka handiak dituen ziklo berri batean murgiltzen ari garela berretsi du.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “ez dago bizitza duinik, ez dago euskal feminismorik, ez dago euskal sozialismorik, estatu egiturak izan gabe. Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna da gure apustua. Asko dago borrokatzeko, hobetzeko, irabazteko. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, Euskal Errepublika dugu ortzimugan eta bidea eraldaketa sozialerako burujabetza prozesua da. LABentzat zentralitate betea duen borroka izan da eta izango da aurrerantzean ere”.

LABeko idazkari nagusiak nabarmendu bezala, “gure apustua eraldaketarako bide soberanista elikatuko duen mobilizazio ziklo berri bat abian jartzea da. Ez dugu kritikara mugatu nahi, ez dugu euskal langileak ordezkatuak ez gauden Elkarrizketa Sozial guneetan hartzen diren erabakien zain egon nahi. Eragin egin nahi dugu, langileon lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko. Eragin egin nahi dugu lan eta pentsio erreformak indargabetzeko, eragin murrizketa berriei ateak ixteko, eragin zerbitzu publikoak sendotzeko, eragin zaintza sistema publikoa sortzeko, eragin zuriketa berdearen aurrean ekosozialismoan aurrera egiteko”.

Bide soberanista horrek begi bat Madrilen egosten ari den horretan jartzea eskatzen digu, “baina bi hankak Euskal Herrian ongi sustraituak izango dituen aktibazio garai berri bat beharrezkoa da; autonomoak gara, konfrontazio demokratikoaren bidetik, burujabetzan aurrera egiteko; autonomoak gara eragile politikoak interpelatzeko; autonomoak, alderdien logika politikoaren menpe egon gabe, burujabetza maila handiagoa eskuratzeko ekarpena eta borroka egiteko. Eta hau nola egin? Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko, euskal esparru soziokonomikoa eraikitzeko, proposamenak eta borroka eginez”.

Garbiñe Aranbururen arabera, “LABen argi dugu: bide hau urratzen jarraituko dugu. Gustatuko litzaiguke elkarrekin izatea, guk bide hau ELArekin batera egin nahi dugu. ELArekin eta CIG edota Intersindikala moduko estaturik gabeko nazioetako beste sindikatu soberanista guztiekin batera. Euskal langileok asko dugu jokoan, asko dugu borrokatzeko eta asko dugu irabazteko”.

Hau guztia esanda, abenduaren 1eko mobilizazio egunean elkar ikusiko dugula adierazi die ELAko biltzarkideei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.