Osakidetzako zuzendaritzak komunikabideei jakinarazi berri die 2014 eta 2015 urteotan EPEak deituko dituela, elkarrekin egingo direnak eta guztira 484 lanpostu suposatzen dituztenak (beste horrenbeste, barne promoziorako). Egia da azkar ibili direla. Hain zuzen ere, pasaden ostegunean bertan mobilizazioaren lehenengo fasearen azken greba burutu genuen eta handik gutxira horra hor Osakidetza EPE tranpa batekin datorrela, kea baino ez duena saltzen eta jendea entretenitu, nahastu eta gorantza doazen mobilizazioak ahultzea bilatzen duena.
• Barne promoziorako 484 plazek ez dute lanpostu finkorik sortzen; horiek beste kategorietako langile finkoek hartuko dituzte eta euren hutsuneak ebentualek beteko dituzte.
• Edozein enplegu finko ongietorria da beti. Osakidetzako 484 plaza hauek barne. Arazoa da halako kopurua erridikuloa dela gaur egun daukagun mailari (ona ez dena) eusteko ere ozta-ozta balio duenean. Enplegu suntsiketa izugarria izan da. 3000 behin-behineko lanpostu desagerturik eta batez besteko 700 erretiro urtean, Osakidetzak planteatzen duen zifrak ez dauka zentzurik. Plantilla mantendu eta egonkortzeko, 2018ra bitartean 15.312 lanpostu finkoz hitz egin beharko genuke. Horregatik, paradoxikoki esaten dugu EPE honek enplegua sortu baino deuseztatu egiten duela (urtero jubilatzen direnak baino plaza gutxiago dira).
• Osakidetzak ez du zehaztu zein kategoria aterako diren.
• Epeak ere ez dira zehazten. Prozesua 2015ean edo 2016ean hasiko litzateke (beraz, lasaitasunez hartu behar da). Eta diogu “hasiko”, zeren eta EPEak amaitzeko batez besteko epea 4-5 urtekoa da. Kasualitatea ote, legegintzaldiaren amaierarekin batera?
• Osakidetzak bi EPE hauek bere kabuz aurrera aterako asmoa badauka, zergatik baldintzatu nahi du balizko EPE bat 2016ean sindikatuekiko akordioa lortzearekin? Ez lukete egin beharko bai ala bai, osasun publikoaren kalitatea jokoan dagoen neurrian?
Hilabete hauetako mobilizazioek Osakidetza mugitzera behartu dute. Baina, berriro ere, norabide okerrean: osasun publikoa zelan bultzatuko dugun adostu eta negoziatu beharrean, inposaketa eta agerpen mediatikoen alde egiten dute, milaka eta milaka izangaien itxaropen eta sentimenduekin jolasean (30.000 pertsona 484 plazako EPE batean) Nortzuk dira arduragabeak istorio honetan? Darpon eta Armentia bide horretan tematzen badira, urtarriletik aurrera mobilizazioei ekingo diegu berriro, are gogorrago, langile eta erabiltzaile garen aldetik osasun publikoa defendatzea gure ardura badela kontziente garelako.