Atzo urrats garrantzitsua eman zen amiantoaren biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzeko; izan ere, beste batzuetan funtsaz hitz egin bazen ere, ez zen honetarako aurrekonturik jarri, eta atzoko akordioarekin 25 milioi euro bideratuko dira horretarako.
LABek urrats garrantzitsutzat jotzen du langileen, haien familien, gizarte-ingurunearen eta industria horietatik gertu bizi zirenen ondorioak, gaixotasuna eta heriotza aitortzeko. Hala ere, ezin gara triunfalismoetan erori. Oraindik asko dago egiteko Euskal Herrian hamarkada askotan amiantoa masiboki eta kontrolik gabe erabiltzearen ondorioei aurre egiteko. Ildo horretan, honako alderdi hauek azpimarra ditzakegu:
- Amiantoa osasun publikoko arazotzat hartzea.
- Jarrita dagoen amiantoaren kontrola Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2015eko irizpenabetetzeko, 2032rako amiantoa erabat erauztea adierazten duena.
- Osasuna zaintzeko programak zabaltzea.
- Osasunbidean eta Osakidetzan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea,profesionalentzako prestakuntza espezifikoarekin, gaixotasun profesionalaren susmoen jakinarazpenen erregistroa eta kontingentzien zehaztapenak aktibatzea, eta amiantoaren ondoriozko gaixotasunen erregistro bat sortzea irizpide epidemiologikoekin, Osasunbidearen, NOPLIren, Osakidetzaren eta Osalanen parte- hartzearekin.
- Erregistro hori sortzen den bitartean, epaitegi espezializatuak izan daitezela amiantoaren ondoriozko erreklamazioez arduratzen direnak.
- Amiantoaren eraginpean dauden pertsonen erretiro aurreratua.
- Amiantoaren biktimei laguntza soziala eta psikologikoa ematea.
- Babesa zabaltzea esposizio ez-profesionaletik eratorritako kasuetara (etxean eta ingurumenean)
Hauek dira beharrezkoak diren neurrietako batzuk, amiantoaren iraganeko, oraingo eta baita etorkizuneko problematikari erantzun erreala eman nahi badiogu. Atzokoa urrats bat izan zen norabide onean, baina asko falta dira eta Urkulluren eta Chiviteren gobernuek ezin dute Madrilera bakarrik begiratu, hemen ere premiazko pausoak eman behar ditugu eta urte askotako atzerapena dugu.