2024-11-22
HomeEkintza Politikoa"Lan, pentsio eta bizitza duina; lan eta pentsio erreformei ez; bizitza duinerako,...

“Lan, pentsio eta bizitza duina; lan eta pentsio erreformei ez; bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte”

Herri mugimenduko hainbat eragilek eta kolektibok agerraldia egin dute, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuok deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dutela adierazteko. Hain zuzen ere, egun horretan, 11:00etan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu, eta, arratsaldean, herrietan. Hala, deitzaileok eta deialdira atxikitutakoek mobilizazioaren beharra nabarmendu dugu.

Hauxe da agerraldian egindako irakurketa:

Gaur, hemen bildu gara herri mugimenduko hainbat eragile eta kolektibo anitz, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek deitutako mobilizazio egunarekin bat egiten dugula adierazteko.

2008ko krisiaren ondorio lazgarriak gainditu gabe genituela harrapatu gaitu COVID19ak eragin duen osasun krisiak. Hau baina, ez da soilik osasun krisi bat izaten ari. Pandemiak azkartu egin ditu jada bizi genituen krisi anizkoizak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira.

Aurreko guztiaren kudaketa negargarriak argi utzi du boteregune ekonomiko eta politikoen hautua bizitzaren sostenigarritasuna alboratu eta kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea dela. Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hileotako eta urteotako aurreikuspenek argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hileotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino.

Lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte.

Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak beharrezkoak dira, eta enplegurako baldintza duinak bermatzeko ordua ere bada. Prekaritatera kondenatutako langile belaunaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta izkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona.

Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala.

Finean, gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu. Ezinbestekoa da, beraz, norabide aldaketa sakon bat, ezinbestekoa den bezala erabaki burujabeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna izatea.

Honek guztiak egunotan eztabaidagai diren lan eta pentsio erreformen batailan posizioa hartzera garamatza. Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest.

Horregatik, testuinguru honetan, begi onez ikusten dugu sindikatuek luzatutako proposamena eta abenduaren 1ean mobilizaziorako deia egiten dugu Hego Euskal Herriko eragile sozialek. Aipatu dugun bezala, arrazoiak ez zaizkigu falta. Ozen eta argi adierazi nahi dugu badagoela gauzak beste era batean egiteko modua eta hemen gaudenok prest gaudela norabide horretan borrokan jarraitzeko. Bereizita eta desmobilizatuta nahi gaituzten honetan, elkarrekin indartsuagoak gara.

Gauzak horrela, abenduaren 1ean goizeko 11:00etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu. Zehazki, Bilbon Udaletxetik, Donostian Gobernu Zibiletik, Iruñean CENetik eta Gasteizen Probintzia plazatik.

Era berean, arratsaldez, besteak beste, hurrengo herrietan mobilizazioak izango dira:

Bizkaia (12)

– Bilbo
– Durango -Algorta -Basauri -Barakaldo -Zalla
– Galdakao -Mungia -Erandio -Zornotza -Igorre
– Ondarru

Gipuzkoa (10)

-Donostia -Beasain -T olosa -Hernani -Irun -Errenteria -Azpeitia -Zarautz -Eibar

– Arrasate

Nafarroa (3)

-Iruñea -Tutera -Lizarra

Araba (3)

-Gasteiz -Agurain -Laudio

Deialdi honekin bat egiten dugun eragile, herri mugimendu eta kolektiboen zerrenda hurrengoa da:

  • Arabako Osasun Publikoa Aurrera plataforma
  • Argilan-ESK
  • Ari Du Elkartasun Sarea (Plentzia Gorliz Lemoiz)
  • Arrigorriagako pentsionisten asanblada
  • Asociación Colectivo Bachue Elkartea
  • Asociación Mujeres en la Diversidad
  • Asociación Posada de los Abrazos
  • ATH-ELE
  • Berri-otxoak (Plataforma contra la exclusión y por los derechos sociales)
  • Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista
  • Bizkaiko Emakumeen Asanblada (AMB-BEA)
  • Congreso de los Pueblos
  • Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua
  • Ekologistak Martxan
  • Emakume Askeak.Mujeres Libres
  • Eragin
  • Ernai gazte antolakundea
  • Euskal Gune Ekosozialista
  • Euskal Herriko Bilgune Feminista
  • Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
  • Euskal Herrian Euskaraz
  • Euskal Herriko Neska* Gazteak
  • FeministAlde
  • Gu ere bagara Bilbo
  • IKAMA (Ikasleria Martxan)
  • Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la Exclusión Social de Gasteiz
  • Irauli
  • Izartu Mungialdea
  • Kakitzat (Koordinakunde Antimilitarista)
  • Laumunarrieta Memoria Elkartea
  • Marimatraka Santurtziko Talde Feminista
  • Mugarik Gabe ONGD
  • OKA elkartea (Berriz)
  • OMAL-Paz con Dignidad
  • Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak elkartea
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
  • Sare Antifaxista
  • Trabajadoras No Domesticadas

Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroaren 13ko mobilizazioetan adierazi zuen bat egiten duela abenduaren 1eko deialdiekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.