LABen deialdiari jarraituz, sektore feminizatuetako langileek (garbitzaileek, merkataritzakoek, zaintzaileek edo jangeletakoek) mobilizazio bana egin dute Bilbon eta Iruñean, Confebask eta CENen patronalen egoitzen aurrean, “1.400 euro gutxieneko soldata nahi dugu! Egin dezagu posible Euskal Herrian” lemapean. Guztiak pandemian zehar ezinbestekoak izan diren langileak dira, baina 1.400 eurotik beherako soldatak dituztenak. Ekimen honekin 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu du LABek EAE eta Nafarroako patronalen aurrean, eta honen alde egitea eskatu diegu enpresarien ordezkariei. Eskaerari bide emateko patronalei lanbide arteko akordiorako proposamena egin die LABek.
Maddalen Dorador LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko idazkariak hartu du hitza Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean: “1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko mobilizatu gara”. Aberastasunaren banaketan kokatu du gakoa: “Sortzen den aberastasuna modu justu batean banatzea eskatzen dugu”, langileek eta enpresariek jasotzen dutena alderatuz. “Dirua egon badago: gaurkoan hainbat enpresaburuk jasotzen dituzten soldatak bistaratu ditugu. Adibide bat: Sanchez Galanek jasotzen duena, Iberdrolako lehendakaria. Berak hilero zahar egoitzetako 660 langilek beste irabazten du, 799 garbitzailek adina”, azaldu du.
Doradorren hitzetan, “gure lanak aitortu eta duintzea eskatzen dugu. Patronalak zor bat dauka emakume langileokin, zor patriarkala. Bi aldiz aberastu da gure lanarekin, gure enplegu prekarioari esker, eta etxean musutruk egiten ditugun zaintza lanen kontura”, gaineratu du.
1.400 euroko gutxieneko soldata Euskal Herriko batez besteko soldataren %60 da. LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, “zer gutxiago, hori bermatzea baino. Eta horrela izan dadin, EAEn Confebaski eta Nafarroan CEN patronalari enplegu duinerako akordio proposamena aurkeztu diegu”. Jarraian, beste aldarrikapen batzuk ere zerrendatu ditu Doradorrek: “Gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzearekin batera, sektore feminizatuei zuzenean eragiten dieten hainbat neurri jasotzen ditu proposamenak: gehieneko lanaldia arautu, soldata arrakala gainditu eta lanaldi partziala mugatzeko, besteak beste”.
Aldarrikapena esparru politiko-instituzionalean kokatuz amaitu du LABeko ordezkariak bere hitzartzea, “bidezkoa da eta bideragarria da eskatzen duguna. Urkulluri eta Chiviteri dei egiten diegu gai honetan esku har dezaten patronala akordiora bultzatzeko”. LABek honen alde borrokan jarraituko duela adierazi du.