2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko mahaia deitu du Confebaskek agiriaren jatorria eta edukia...

Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko mahaia deitu du Confebaskek agiriaren jatorria eta edukia argitu gabe

“Mahaia antzezpen bat zen Confebasken agiria ezagutu aurretik; orain zuzendaritza patronal aurredemokratiko bat babesten du”

Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak atzo Radio Euskadin honako adierazpenak egin zituen: “sindikatu batek (…) Estatutu batzuk izan behar ditu, eta Estatutuetan bere xedeak zehaztu behar dira; argi diogu sindikatu batek uneren batean (…) bere xedeen %100 betetzen ez badu, Erregistroko funtzionarioak ez dezala ahalmena izan erabakitzeko erakunde sindikal hori kreditaziorik gabe geratzen dela; izatekotan, epaile bat izan beharko litzateke”. ELAk eta LABek diogu funtsean azalpen hau bat datorrela Confebaski egotzi zaion agiriaren edukiarekin, eta beronetan diote prozedura bat hasteko aukera izan dadila ELA eta LAB sindikatu diren aldetik ilegalizatzeko.

Bestalde, ELAk eta LABek nabarmendu behar dugu mahaiarekin aurrera egiteko erabakia hartuta dagoela. Lujuak dio Jaurlaritzarekin hitz egin duela horretarako. 
Urkulluren gobernuak ez du nahi ezerk marraztutako plana aldatzerik. Ostegun honetarako, hilak 4, deituta dagoen bilera bertan izango diren hiru aldeei komeni zaie; Jaurlaritzak doikuntza politikak aplikatzen jarraituko du, eta bitartean zenbaitek horri “elkarrizketa soziala” deituko dio; Confebaskek, berriz, aintzatespen eta legitimitate politikoa lortuko du gobernuaren aldetik, eta hain beharrezkoa duen soziala, gutxiengo sindikalaren aldetik; azkenik, CCOO eta UGTrentzat ere onuragarria da, honelako mahaiak beti izan baitira finantzazio publiko iturri (prestakuntzarako funtsak, etab.). Azken honi buruz, aipatu beharreko kontua da patronalak jasotzen duela diru gehien. 

Confebasken eskariak –epaile bat izan dadin ELA eta LAB legez kanpo jar ditzakeena–, ez du Lakuako gobernuaren planik aldatzerik eragin. Aburto sailburuak iragarri du arazo “zinez larri” hau Mahaiaren lehen bilerara eramango duela, non Confebask bera ere izango den. Ezin onartukoa da, ELAren eta LABen ustez, jarrera erreakzionarioek Jaurlaritzaren aldetik inolako gaitzespen praktikorik ez izatea. Berriro ere agerian geratu da Jaurlaritza hau Confebasken menpean dagoela. Gobernuak, patronalak, CCOOek eta UGTk hau konpontzeko Confebask zuritzeko adierazpen bat egingo dute; justifikatu ezin dena justifikatzeko adierazpena (kosta ahala kosta esparru hau eratzea, patronal antidemokratikorik ez bailegoan); horretaz ari dira egunotan mintzatzen. 

ELAk eta LABek berriro diote Confebasken eskaria bat datorrela Enplegu sailak sindikatuei eta patronalari mahaia eratzeko helarazi zien dokumentuko argudioekin. Agiri hura gure ustez aurredemokratikoa da; bertan esaten da gobernuak berak sindikatuak zigortzeko ahalmena izan beharko lukeela, baldin eta hauek aginteak ezarritako eginkizuna betetzen ez badute. Jaurlaritzak ez du oraindik jakitera eman agiria idazteko aholkua eman zioten adituen izenik; ziurrenik ezkutuan mantendu nahi ditu halako emaitza ahalbidetu zuten Confebasken inguruko pertsona batzuk. 

Confebasken agiria ezagutu aurretik ere Mahaiak, non gutxiengo sindikala dagoen, ez zuen zentzurik, ez formari dagokionez, joko demokratikoaren arau minimoak aintzat hartzen ez dituelako, ezta eduki aldetik ere (pairatzen ditugun politika antisozialek elkarrizketa soziala eragotzi egiten dute, eta beti ere, mahaitik kanpo erabakitzen dira). Haatik, paper horiek ezagututa, Jaurlaritzak Mahai hori eratzeko asmoari eustea patronalari, demokratikoa ez beste guztia den horri, ageriko babesa ematea da. Batik bat langile gehienen egoera hobetzeko inolako erabaki politikorik hartzeko asmorik ez dutelako. Politika publikoak errotik aldatu behar dira; langileekiko gure konpromisoa hori lortzeko borrokan jarraitzea da. 

ELA – LAB

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.