2024-11-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaOsakidetzaren Euskara Normalizatzeko bigarren planak ez du aurrerapausorik eman

Osakidetzaren Euskara Normalizatzeko bigarren planak ez du aurrerapausorik eman

Euskararen egunaren harira Donostia Ospitaleak mahaingurua antolatu du astelehen honetan. Bertan parte hartu dute Osakidetzako ordezkariekin batera Kontseilua, OEE, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. LAB sindikatuarentzako deigarria izan da, eta hala adierazi genuen, mahainguru honetara hizlarien artean langileon ordezkariak, sindikatuak, gonbidatu ez izana. Izan ere, langilegoa normalizazio prozesuaren erdigunean ez kokatzea, Osakidetzak gai hau lantzeko orduan izaten ari den akats eta oztopoetako bat baita.

Mahainguruan, hutsune adierazgarri hauek agertarazi dituzte partehartzaileek, besteak beste: herritarrek zerbitzua euskaraz jasotzeko dituzten zailtasunak, normalizazio prozesua burutzeko moduaren ingurukoak edota elkarlana sustatzeko orduan sortzen direnak. LAB sindikatua agerturiko kezkekin bat dator, neurri handi batean.

Izan ere, Osakidetzaren Euskara Normalizatzeko bigarren plana duela urtebete onartu zenetik hainbat adierazle kezkagarri ikusi ditugu, gauzak bide onetik ez doazela adierazten duten adierazleak: Euskararen normalizazioaren motore izan beharko luketen Euskara Batzordeak hainbat euskualdetan oraindik eratu ez izana, gaur egun Zerbitzu Erakunde gehienetan normalizazio prozesuaren jarraipena egiteko giza baliabide nahikorik ez egotea.

LAB-entzat bereziki kezkagarria da, ordea, euskara Osakidetzako sortze hizkuntza izateko helburuan aurrerapausorik egin ez izana edota lana euskaraz egin ahal izateko langileok ditugun trabak eta laguntza eza bere horretan mantentzea. Izan ere, euskara komunikazio eta lan hizkuntza ez den bitartean nekez normalizatuko da euskara Osakidetzan. Bestetik, kezkagarria da Osakidetzak normalizazioaren pisu eta ardura guztia langileengan jartzea, baina langileekin kontutan hartu gabe edota inolako parte hartze gunerik aitortu gabe. Gogoratu behar da erakundea eta lan zentroak direla normalizatu behar direnak, eta hori horrela (ez) izatearen erantzunkizun politikoa Osakidetzako zuzendari eta arduradunek dute, erabaki politikoa da, hortaz. Mahainguruan sarritan gogoratu den bezala, Osakidetzak aurreko plangintzaldiaren ebaluazioan aipatzen zuen zuzendaritzen lidergo ezaren arazoak bere hortan jarraitzen du.

Kezkagarria da Osakidetzak, euskararen kaltetan, oraindik ere egiten dituen arau hausteak, besteak beste: hainbatetan azpikontratatutako enpresei euskararen inguruko eskakizunik ez egitea edota langileen kontratazioan Hizkuntz Eskakizunen inguruan egoten diren urraketak edo araua ez-betetzea.

Larritasunaren adibide, hainbat eremu erabat euskaldunetan gertatzen ari dena, non herritarrek zerbitzua euskaraz jaso ezinik dauden. Horren froga garbia da duela egun gutxi Zarauzko herritar, langile, eragile sozial eta udalak egindako kexak. Elkalanaren eredu ere badira LAB sindikatuarentzat.

Beste behin ere, hitz politez haratago, euskararen normalizazioaren aldeko ekintzak exigitzen dizkiogu Osakidetzako arduradun politikoei eta erakundea euskalduntzeko beharrezkoak diren neurri, baliabide zein erabaki politikoak har ditzatela. Kalitatezkoak izango diren osasun zerbitzuak behar ditu gure herriak. Bide horretan, LAB sindikatua prest dago euskararen normalizazioaren aldeko prozesuan inplikatu eta elkarlana sustatzeko.
 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.