Gureola Hernaniko papelera historikoan ordezkaritza osoa LABek izanagatik, ez du publiko egin orain arte Gureolan egin duen lana ezta baloraziorik egin. Hala ere, azkenaldian agertutako albisteei erantzunez, bere balorazioa publiko egin nahi du Kataluniako Cominter enpresak papelera erosi izanaren inguruan.
Hartzekodunen konkurtsoaren barruan enpresa batek interesa agertu izanak eta papelera martxan jarri izanak, LABek bere garaian egin zuen irakurketa berretsi du, hau da, papelera isteko arrazoia ez zela papeleraren ustezko lehiakortasun falta, eta itxieraren atzean zegoen arrazoi nagusia urteetan egindako kudeaketa txarra dela.
Prozesu honek nabarmen uzten du gaur egun, industria ehunaren desagerpenaren aurrean, honelako proiektuak martxan jartzeko benetako borondate eta konpromisoa agertzen duten bakarrak langileak direla. Kasu honetan, kaleratuak izanagatik, Gure-Olako langile sentitu izan diren langileak izan dira hilabete luzez euren etorkizunaren alde borroka egin dutenak, euren egoeraren erantzuleak salatuz eta hilabeteetan enpresako ondasunak babestuz, lanpostuen defentsa egin dutenak. LABek, langileen ordezkaritza izanagatik, prozesu horretan hamaika bilera eta hamaika lan egin ditu enpresarentzat irtenbide bat topatzeko. Aipatu behar dugu baita ere, LABek langile kolektibo osoaren eskubideak defendatu ditugula, eta langile guztien borroka txalotu nahi dugu: Langileengatik ez balitz, proiekturik ez litzateke egongo, eta makineria aspaldian hondatuta legoke. Langileen borrokaren ondorioz piztu da enpresak aurrera egiteko aukera.
Zentzu horretan, onartezina deritzogu Industria Sailari dagokion zeregin bat (ehun industrialaren defentsa eta enpresen bideragrritasuna bultzatzea) langileek eta LABek euren bizkar hartu ondoren, hauteskundeetako kanpainarako Jaurlaritzan agintean dagoen PNVk enpresaren irekiera erabili izana.